Bizkaiko Gurutze Gorriak 75.000 pertsonari lagundu zien 2018an

Bizkaiko Gurutze Gorriak 75.000 pertsonari lagundu zien 2018an

Peru Azpillaga Diez

Bizkaiko Gurutze Gorriak plazaratu berri ditu 2018. urteko bere jardunaren datuak. Hortaz, joan den urtean burututako jardun osoaren balantzea egiteaz gain, elkarteak egindako lanaren xehetasunak azaldu dituzte: erabiltzaileen, boluntarioen eta bazkideen papera, jarduera eta proiektu azpimarragarrienak, eta ekonomiaren kudeaketaren gaineko azalpenak.

Esaterako, erabiltzaile kopuruari dagokionez, Bizkaiko Gurutze Gorriak, 2018an aurrera eramandako 387.052 zerbitzuen bidez, laguntza eskaini zien egoera zaurgarrian zeuden 74.787 pertsonari. Zerbitzu horiek kudeatzeko, ordea, boluntarioen papera ezinbestekoa da Gurutze Gorriarentzat, eta, jakinarazi dutenez, iaz, 2.440 izan ziren era aktiboan “gizarte eraldaketa bultzatu eta egoera zaurgarrian daudenen alde” lan egiteko konpromisoa hartu zutenak. Era berean, boluntario aktibo horiei aldian behineko beste 8.000 boluntario baino gehiago gehitu behar zaizkie. Gainera, Gurutze Gorriak nabarmendu duenez, genero ikuspegiari dagokionez oso orekatuta dago boluntarioen kopurua: %52 gizonak dira, eta %48, berriz, emakumeak.

Horrekin batera, bazkideen ekarpen ekonomikoa ere nabarmendu dute Gurutze Gorriko kideek, gauzatu beharreko plana aurrera eramateko “berme nagusia” baitira bazkideak. Horregatik, pozik azaldu dira 2018an bazkide kopurua hazi egin zelako, eta 24.454ra heldu, aurreko urtean baino 370 gehiagora.

2018an, Bizkaiko Gurutze Gorriaren lanak hainbat proiektu eta gertakari izan ditu oinarri. Hala ere, bere jarduna, batik bat, esku hartze sozialera bideratu du. Hain zuzen ere, eskainitako zerbitzuen %56 arlo horretakoak izan dira. Horien artean, aurten gehien hazi den jardunetako bat migranteen arreta izan da. Izan ere, ekainean, itsasartetik eta Andaluziako kostaldetik gero eta pertsona gehiago zetozela ikusita, Giza Laguntza eta Etorkinen Harrera Programa jarri zuen martxan Gurutze Gorriak. Jakinarazi dutenez, Bilbora soilik, 5.086 pertsona heldu ziren, eta, guztira, 6.952 gau igaro zituzten.

Dena dela, aipatzekoa da, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformatik behin baino gehiagotan salatu izan dutela Gurutze Gorriaren harrera programak gabeziak dituela, migrante asko geratu baitziren kale gorrian udan. Jende horri guztiari Bilboko Harrera Sareko kideek gune autogestionatuen bidez eman zioten ostatu.

Esku hartze sozialaren jardunari tiraka, erabiltzaile gehienak pobrezian edo bazterketa egoeran daude 20.000 inguru. Horri jarraikiz, pertsona nagusien eta urritasuna duten pertsonen arreta dezente jaitsi da 2018an, baina, hala ere, erabiltzaile gehien izan dituen bigarren kolektiboa izan da: 11.553.

Gurutze Gorriak, ordea, bestelako hainbat proiektu ere sustatu ditu Bizkaian. Besteak beste, Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin batera, Lagun Guneak laguntza zentroa zabaldu zuen udazkenean, Bilbon, elikagaiak banatzeko eredu berritzaileak bultzatzeko. Horrez gain, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei aurpegia jartzen saiatu dira, eta, egindako ikerketaren arabera, bigarren mailako ikasketak eta familia beren kargura duten 47 urteko emakumeak dira egoera hori gehien pairatzen dutenak.

Barnekoari dagokionez, Gurutze Gorriak karbono aztarnaren gastuari buelta emateko konpromisoa ere hartu du, eta kudeaketa hobetu egin du, Kudeaketa Aurreratuaren Ereduari buruzko ebaluazioa gaindituta.

Gainontzeko jardunei erreparatuz gero, %17 Gazteriaren Gurutze Gorriaren eremuan zentratu dira eta %10aren bueltan ibili dira bai prestakuntza eta baita sorospenak eta larrialdiak ere. Nabarmentzekoa da sorospen eta larrialdien eremuan, jardun handiena prebentziora bideratu dela; hain zuzen ere, %70 inguru.

Kudeaketaren oreka

Bizkaiko Gurutze Gorriak 2018an izandako funtsen kudeaketak, oro har, bat egiten du jorratutako jardunarekin. 13.253.317 euroko gastua izan zuen, iaz, Gurutze Gorriak, eta horren %45,21 esku hartze sozialera eta enplegura bideratu ziren; %27,40, sorospen eta larrialdietara; eta %13,33, prestakuntza institutura. Inbertsioetara ere, 183.000 euro inguru bideratu zituen, batik bat itsasontziak eta anbulantziak ordaintzeko.

Zerbitzuen finantzaketarako, Bizkaiko Gurutze Gorriak 13.323.344 euro lortu zituen. Kantitate horren zati handi bat, ia %45, diru laguntzetatik eta dohaintza pribatuetatik eskuratutakoa da. Ostera, %27 Urrearen Zozketaren kanpainaren bitartez eta, batez ere, bazkideen ekarpenaren bidez lortu zuen, eta %24,50 zerbitzuen laguntzetatik jaso da.