Urtebeteren ondoren, ur zikinen isuriak ez dira eten Arrigunaga inguruan

Urtebeteren ondoren, ur zikinen isuriak ez dira eten Arrigunaga inguruan

Natalia Salazar Orbe

Urtebete da alarma gorriak piztu zirela. 2018ko ekainean Uribe Kostako hainbat hondartzatan bainua hartzeko debekua ezarri zuten. Bandera gorriak jarri zituzten batean eta bestean, ur zikinen isuriak gertatu zirelako. Arazoa ez da eten: berriz ere agertu dira ur zikinak. Oraingoan, Kantarepen aurkitu dituzte, Arrigunaga hondartzaren inguruan, Getxon. Hala salatu dute Getxoko Auzokideok, Ekologistak Martxan eta Eguzki taldeek.

Sare sozialetan bolo-bolo zabaldu den bideo batek argi eta garbi erakusten du arazoa. Garikoitz Plazaola Eguzki talde ekologistako kideak jarri dizkie hitzak eta azalpenak irudiei: “Kalaren eta Arrigunaga hondartzaren artean geratzen diren haitzetan eta inguruetan ur zikinak ageri dira. Bideoan argi ikusten da, gainera, ur zikinak ez direla mugatzen leku batera soilik. Hainbat puntutan gertatzen da; ur hori sakabanatu egiten da. Ez doa dena leku beretik”.

Salaketa publiko egin eta jendaurrean zabaldu aurretik, dagokien erakundeekin harremanetan jarri dira. “Udalarekin eta [Bilbao Bizkaia] Ur Partzuergoarekin hitz egin dugu. Baietz esan digute, irtenbidea ematekotan direla. Zain geratzen gara”.

Baina mesfidati daude. “Zalantzak ditugu. Iaz arazoa topatu zuten, jakinaren gainean zeuden eta urtebetean ez dira ezer egiteko gai izan”. Hala ere, erakundeen erantzuna zein izan den nabarmendu du: “Ez berehala, baina arazoari irtenbidea azkar emango diotela esan digute. Alegia, dagokion konponketa egingo dutela”.

Iaz Sopelara arteko hondartzetara hedatu zen arazoa, Plazaolak gogorarazi duenez. Orduko hartan, eurite oso indartsu eta jarraituek ur pilaketak eragin zituzten saneamendu sistema osoan. Galindoko (Sestao) hondakin uren araztegiak gainezka egin zuen. Ondorioz, kasu horietarako prest izaten diren huste guneetako bat ireki behar izan zuten, Usategin. “Ur kopuru handiak isuri behar izan zituzten araztu gabe”.

Arazo hura pasatu ondoren, ikusi zuten Kantarepe eremu horretan isurketek jarraitu egiten zutela. “Ur zikinak ateratzen jarraitzen zuen. Arrigunagako hondartzan ere tarteka uraren kalitatea jaitsi egiten zen”.

Ur Partzuergoarekin eta udalarekin hitz egin zuten, eta jabetu ziren huste guneetako batetik ateratzen zela ura. “Ikusi zuten, eta arazoa egiaztatu zuten. Salaketa hau egin dugu urtebete igaro ondoren gauzek berdin jarraitzen dutelako”.

Erakundeen utzikeria salatu dute. Eta dei zuzena egin diete: instituzio horiek lehenbailehen koordina daitezela eskatu dute, “arazoa topatu eta konpontzeko”. Gogora ekarri dute isuri hori “Getxoko hiriko azken kala birjinan” gertatzen ari dela. Gainera, eremu horretan bizi da inguruko ubarroi kolonia bakarra. Isuri horiek handik gertu dauden Arrigunaga eta Ereaga hondartzetako bainurako uren kalitatean eragin zuzena dutela ekarri dute gogora. Ondorioz, baita bertaratzen diren milaka bainulariengan ere, hondartza denboraldia hasi berria baita.