Martxa “ez-turistikoa”, auzoan bizi nahi dutela aldarrikatzeko

Martxa “ez-turistikoa”, auzoan bizi nahi dutela aldarrikatzeko

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Badira urte batzuk alde zaharrak auzokideontzako leku izateari utzi eta zentro komertzial bihurtu dela; merkatarien elkarteak dioen bezala, ‘kantaurialdeko zentro komertzial handiena'”. Horrek auzokideen bizi kalitatean eragin zuzena duela salatu dute bertan bizi direnek; “instituzioek diseinatutako hiri ereduaren ondorioak” jasaten ari direla, eta ez daudela ados eurei galdetu ere egin gabe ezarri zaien bizimodu berri horrekin.

Betiko denda eta jatetxeen ordez Zazpikaleetan frankiziak nagusitzen ari direla ohartarazi du SOS Alde Zaharra plataformak; kaleak eta plazak terrazaz beteta, espazio publikoa pribatu bihurtu dela. Hotelak irekitzen ari direla etengabe, eta etxeak pisu turistikoz betetzen ari direla. Ondorioa begi bistakoa da: prezioek oso modu bortitzean egin dute gora, eta auzokideak ezin dira bertan bizi; lokalak garestitzearen eraginez, frankizia eta transnazionalen esku geratzen ari dira auzoko denda eta tabernak.

“Alde zaharra turisten beharrak asetzera bideratutako parke tematiko bihurtzen ari dira”, salatu dute plataforman bildutako eragile eta auzokideek. Eta egoera irauli beharra aldarrikatu dute: “Turismoa ardatz duen hiri eredu hau gelditu ezean, alde zaharrean kontsumorako eskaintza asko izango ditugu, baina biztanle bat bera ere ez”.

Protesta, turistaz jantzita

Prozesu hori geldiarazteko garaiz daudela uste dute auzokideek, eta horretan saiatuko dira. Mobilizazio berezia antolatu dute, bide horretan, ostegunerako. 19:00etan, Zamudioko Atetik abiatuko dira “ibilbide ez-turistikoa” egiteko. Zazpikaleetan hainbat geldialdi egingo dituzte turistak balira bezala, bertako berezitasun eta arazoak azalduz. Parodia gisa egingo dute, eta protestara turista jantzita joateko eskatu du plataformak.

Beste bide batean ere ari da lanean Bihotzean auzo elkartea: turisten pisuen aurka egiteko alegazioak aurkeztu dituzte udalean, eta egoerari buruz informatzeko kanpaina bat abiatuko dute.