“Ikasketak amaitzean, lana ziurtatua izaten dute denek”

“Ikasketak amaitzean, lana ziurtatua izaten dute denek”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Markina-Xemeingo Lea Artibai ikastetxeko Fabrikazio Mekanikoaren arloko hirugarren urtean egiten den proiektuak 25 urte bete ditu. Alex Barruetabeña (Markina-Xemein, 1972) proiektuko arduradunak sorreratik ezagutzen du egitasmoa; 2004tik bera da proiektuaren arduradun nagusia.

Zer dela-eta sortu zenuten proiektua?

Goi mailako Fabrikazio Mekanikoaren arloko heziketa zikloek bi ikasturte izaten dituzte, eta, oso laburrak direla iritzita, hirugarren urtean proiektu bat martxan ipintzea erabaki genuen 1994an. Titulazioa lortu eta hurrengo urtean, lan mundurako esperientzia baliagarria jasotzen dute ikasleek, eta hori lortzeko, kanpoko enpresentzat benetako piezak mekanizatzen ikasten dute.

Zelan hasi zineten?

Esperientzian sakontzea da proiektu honen gako nagusia. Egoera erreal baterako prestatzen ditugu ikasleak, eta enpresa batean egin beharreko lana irudikatzeko ekoizpenerako makinak sartzen hasi ginen eskolako lantegian; alde horretatik aitzindariak izan ginen. Enpresentzako lanak egiten hasi ginen; izan ere, iruditu zitzaigun heziketa gehigarri hori emateko alternatiba ona zela. Hasieran, enpresa bakarrarentzat lanen bat edo beste egiten hasi ginen, eta gaur egun, 25 bezero baino gehiago ditugu.

Zuekin lankidetzan diharduten enpresek zer pisu dute zuen proiektuan?

Gugan konfiantza ipini duten enpresek pisu handia dute. Badakite proiektu hau formakuntzarako proiektu bat dela. Gugaz kolaboratzen dutenak, gainera, jakitun dira ikasle horiek zer-nolako prestakuntza duten, eta ikasleengana jotzen dute zuzenean. Ikasleentzako abantaila handia da; izan ere, ikasketak amaitzean, lana ziurtatua izaten dute denek. Are gehiago, ikasle bakoitzak enpresa baten baino gehiagoren eskaintza edukitzen du, eta lanera nora joan aukera dezake.

Nongo enpresen eskaintzak jasotzen dituzte?

Ikasle gehienak Debabarreneko edo Durangaldeko enpresetara joaten dira. Makina-erreminta sektoreko enpresa gutxi dago hemen eskualdean eta…

Zer ikasten dute ikasleek?

Fabrikazio prozesu osoa egiten ikasten dute; lehenengo fasetik azkenera. Enpresa askotan lan bera pertsona batek baino gehiagok egiten du, eta gure ikasleak hainbat arlotan trebatzen direlako dira hain baliotsuak lan merkatuan. Programatu; makinaren doitzeak egin; exekutatu; egiaztatu; kontrola egin; akatsik baldin badago, zuzendu edo errepikatu… guztiaz arduratzen dira. Oso konplexua da prozesu hori guztia kontrolatzea.

Ikasleen ardura zenbaten artean banatzen duzue?

Bi pertsonaren artean egiten dugu hori lan guztiori. Ikasleei laguntzeaz gain, tailerra abantean egoteko beste hainbat gauzaz ere arduratu behar dugu.

Zertaz, esaterako?

Bezeroei jaramon egin, beharrezkoa den materiala erosi, kudeaketa lanak egin, erremintak erosi, makinak hondatzen direnean konpondu… Proiektuaren kezka eta ardura guztiak gure gain hartzen eta kudeatzen ditugu.

Ikasleak zelan antolatzen dituzue?

Ikasle bakoitzak makina bategaz ikasten du. Zazpi edo zortzi ordu egiten dituzte, lanean modura.

Zenbat makina dituzue?

Oraintxe bertan 07:00etatik 21:00etara martxan dauden sei makina ditugu. Zortzi ikasle daudenez, makina batzuetan bi txandatan ari dira ikasten.

Fabrikazio Mekanikoaren arloko goi mailako zikloa egiten duten guztientzako tokia duzue?

Zikloa egiten duten guztiei bertan jarraitzeko aukera ematen diegu. Sei makina ditugu, eta bi txandatan banatuta, gehienez, hamabirentzako tokia edukiko genuke. Oraingoz, proiektu honetan parte hartu nahi dutenak hori baino gutxiago dira, eta ez dugu arazorik; besteak, izan ere, zikloa amaitu ostean lanean hasten dira.

Zer-nolako piezak mekanizatzen dituzte ikasleek?

Gure helburua formazioa bada ere, heziketa osagarria ahalbidetzeko beharrezkoak dira horrelako lanak. Altzairua, material arinak, kobrea, aluminioa, plastikoa… mekanizazio munduan, oro har, edozein material mekanizatzen dute. Eta kanpora begira egiten dugun lanari esker, tailerrak sortzen dituen gastuak estaltzeko beste ematen digu.

Ikastetxeko tailerrean irakasten duzue. Duela 25 urteko tailer bera da?

Toki bera mantentzen dugu, baina makineriak ez du zerikusirik hasierakoarekin. Hasi gineneko makina bat bera ere ez dago hemen. Bi makinagaz hasi ginen, eta gaur egun, azken teknologia eta softwarea duen makineria dugu. Egia esan, gaur egungo teknologiak hasi ginen garaiko teknologiagaz ez du zerikusirik; gauzak asko aurreratu dira. Enpresetan 4.0 teknologia ezartzen ari dira, eta gu ere lehenengo baliabideak bertan ezartzen hasiak gara aurten. Azken finean, sektorean lan egiten ari direnen era berean ikasten dute gure ikasleek ere.

25 urte hauetako zer balorazio egiten duzue?

Balorazio oso positiboa egiten dugu. Gure helburua ikasleei garapen teknologiko profesional handiagoa ematea izan da, enpresetara hurbilduz. Eta uste dugu lortu dugula. Iruditzen zaigu bertaratzen diren enpresek ematen diguten babesa ere oso positiboa dela. Pozgarria da gure lana aintzat hartzen dela ikustea. Gure moduko proiektuak, gainera, indartzen ari direla dirudi.

Hirugarren urtean egiten den proiektua mekanizazio arloan dago bakarrik?

Ez. Fabrikazio mekanikoaren arloko esperientzian oinarrituta, mekatronikan ere antzeko proiektua garatzen hasi ginen duela hiru urte.