Esna dago hiria gau argitsuan

Uxue Gutierrez Lorenzo

Zalantzarik gabe, klasiko bihurtu da Gau Zuria Bilbon. Hiriko kaleak, plazak, museoak eta elizak argiz janzten dira urtean behin, hiribilduaren urtebetetzea ospatzeko. Argia eta mugimendua ditu protagonista urtebetetze festak, eta esna egoteko aitzakia perfektua dute bilbotarrek. Gaueko iluntasunean, urtean behin bada ere, irudimenaz gaindiko kolorez, intentsitatez eta forma guztietako argi dotorez janzten da hiria. Espaloiak eta eraikinak izaki bizidun bihurtzen dituzte diziplina anitzetako artisten gorputzek. Dantza, musika, antzerkia eta bideo-joko interaktiboak; askotarikoak eta oso ezberdinak dira programaturiko ikuskizunak.

719 urte betetzen ditu aurten Bilbok, eta hori da gogora ekarri nahi dutena; gauetako ohiko isiltasuna eta iluntasuna hautsi, festari bide emateko. Aurtengoa du hogeigarren aldia ospakizunak, eta, iazko bideari jarraituta, gau baten partez, bitan banatuko dute egitarau oparoa; gaur eta bihar izango dira ikuskizunak. Oraingoan, gainera, emanaldietako bat egunez ere ikusteko parada egongo da. Jaialdiari lau abizen jarri dizkio Bilbao 700 fundazio antolatzaileak: “Doakoa, parte hartzailea, sostengarria eta abangoardiakoa da Gau Zuria”.

ABESTIZ ETA SOINUZ

Bilboko eraikin erlijioso nagusiaren atarian kontzertu ikusgarriak prestatu dituzte. Santiago katedralaren kanpoaldea hartuko dute Bilboko lau abesbatzak, txandaka. Bilboko Akordedoi Orkestra Sinfonikoak joko du aurreneko kontzertua, bihar, 19:00etan. Lekukoa hartuko diote elkarlanean Bilboko Koral Elkarteko Haur Abesbatzak eta Euskeria abesbatzak, ordu eta erdi beranduago. San Anton abesbatzak emango du kontzertua ondoren, 22:00etan, eta Iralabarri auzoko San Antonio abesbatzak itxiko du zikloa, 23:15ean.

‘FRAKTAL’

Proposamen bakana prestatu dute Euskal Museoan. Matematika fraktala deritzona baliatuz osatutako argi eta soinu ikuskizuna da Fraktal. Eskala ezberdinetan errepikatutako forma geometrikoak osatzean datza matematikaren adar hori, eta, ondorioz, lurrean zein hormetan entzun eta ikus daitekeen bideo instalazio interaktiboa sortuko dute espazioak, izpi infragorriek eta bisitariek elkarlanean.

KALE ANIMAZIOA

Amesteko eta kaleak hartzeko gonbita dira Los Extintos eta Universe ikuskizunak. Gaur eta bihar kalez kale ibiliko dira paseoan bi ikuskizunak. Argia eta soinua baliatuta, fantasiazko mundu bat eraikitzea dute helburu.

EHUNDURA

Arriaga antzokiko fatxada euskarri gisa erabilita, proiekzio batek gau osoan argiztatuko du eraikinaren kanpoaldea, bisitariek nahi duten momentuan aurretik pasatu eta ikuskizunaz goza dezaten.

ITSASADARRAREN ERTZEAN

Magia dario Gau Zuriari, eta magia ardatz duen ikuskizun umoretsua antolatu dute itsasadarraren bazterrean, Erripako kaian. Tor eta Txoborro magoek gidatuta, mendebalde urruneko zenbait istorio kontatuko dituzte.

KALEIDOSKOPIOA

Hurbiltzen direnen parte hartzea ezinbesteko du Areatzako pasealekuan egongo den kaleidoskopioak. Itsasargi baten barruan sartutako kaleidoskopio erraldoia biratuz ispilu zatiek kolore eta mugimendu nahasketa amaiezinak sortzean datza jolasa.

MARGO BIZIAK

Arriaga antzokiaren eran, Bilboko udaletxea ere kolorez jantzi nahi dute Gau Zuriak iraun bitartean. Marrazkiak eta proiekzioak uztartuz, betiko harri kolore lauaren ordez hamaika kolorek hartuko dute eraikin enblematikoa ospakizunaren bi gauetan.

KOLOREZKO KIMUAK

Oihal eta estanpatu anitzez jositako ehun lanpara tulipa jarriko dituzte Campo Volantin pasealekuan zehar. Asmoa da argiek ibilbide bat osatzea, Albia eraikinaren fatxadan proiektatuko den jolas interaktiboarekin topo egin arte. Gau Zurirako espresuki sortuko ditu Tejidos Matias saltokiak instalazioak.

GRAN ARCADE

Campo Volantineko argiek helmuga duten Albia eraikinean proiektatuta egongo da Gran Arcade bideo joko interaktiboa. Tetris jolas klasikoaren antzeko irudia proiektatuko dute eraikinean, eta binaka jokatuko dute bisitariek instalazio erraldoi horretan.

‘FRONTIER’

Bizikidetza plazan proiektatuko duten argi instalazioak hausnarketara bideratu nahi du ikuslea, ordenaren eta desordenaren arteko elkarrizketa sortuz, eta errealitatearen eta interpretazioaren inguruko mugak zalantzan jarriz.

ARGIZKO IZAKIAK

Hirietako ohiko objektu bat du lehengai argi ikuskizun honek. Semaforoetan diren izaki itxurako irudiak mugimenduan egongo dira Uribitarte kaleko paretetan. Bizirik egongo dira, tarte batez, gizakitxo gorri-berdeak.

‘NEFELIBATA’

Semaforoetako pertsonatxoen parean, 64 esferak zeru bat osatuko dute Uribitarte pasealekuan. Giro berezia sortzeko, zeruko argi sekuentziek zoruan ere isla izango dute bertan jarritako ispiluen bidez, eta bisitaria erabat murgilduko da esferen zeruan.

‘STEPTS OF FAITH’

Argia eta soinua, bi-biak ditu ezinbesteko Zabalgune eraikineko instalazioak. Korronte aldakorra duen pasabide batetik igaro beharko dute bertaratzen diren herritarrek, argi eta doinu artean ikusezin bihurtuz.

GNOMOAK

Mutualia eraikineko lorategia baso magiko bihurtu nahi du ikuskizun honek. 22:30etik 02:00etara bitarte, izaki txikiz jositako eremu bihurtuko da hiri lorategia.

BIDE URDINA

Semaforoen eran, hiriko elementu ohikoak dira argi ikuskizun honen protagonista: farolak. Hiriaren erdigunean, Ertzilla kaleko kale argiak inoiz baino argitsuago eta koloretsuago jantziko dira.

ESFERA

315 bonbillaz eratutako esfera erraldoia jarriko dute Azkuna zentroan. Argi esfera soinu konposizio batekin sinkronizatua egongo da, eta, angelu ezberdinetatik behatuta, isla hipnotikoak eta harrigarriak sortuko ditu, ikuslea liluratzeko.

‘RYTHMUS’

Bi pertsonaren bihotz taupadak birsortzeko gai da Rythmus instalazioa. Bertaratzen direnen bihotz taupadei esker argiztatzen da, hain zuzen ere, Indautxu plazan egongo den totem interaktibo hori.

GAUERDIKO LORATEGIA

Miserikordiako lorategia oihan bihurtuko da Gau Zurian, eta bisitariak, esploratzaile. Kutsu misteriotsua eman nahi diote gune berdeari, publikoari belar arteko ibilbidean sakabanaturiko elementu magiko guztiak aurkitzeko gonbidapena eginda.

‘ARBORIA’

Casilda Iturrizar parkea argituko du puzgarri gisako argi instalazio honek. Izar itxurako dodekaedro bat osatuz, Ekuadorko baso hodeitsuko soinuek girotuko dute ikuskizuna, publikoa paradisu galdura garraiatu nahian.

‘ZAZPI MINUTU’

Performance honetan, zazpi minutuan Bilboren inguruko zenbait pasarte antzeztuko dituzte Casilda Iturrizar parkean. Zazpi sofa, zazpi pertsonaia eta zazpi istorio batuko dira oholtza bihurtutako parkean.

‘EUTERPE’

Artea eta dantza uztartzen ditu Arte Ederren Museoan egongo den ikuskariak. The Big Game eskulturako materiala abiapuntutzat hartuta osaturiko lan koreografikoa da Euterpe.

IBERDROLA JAZZ ERRITMOAN

Emanaldi honek musika du protagonista, eta Bilboko etxe orratz nagusia kokaleku. New Yorkeko Joshu Edelman piano jotzaileak eta Sweet Jazz Delicacy taldeak iraganerako bidaia proposatuko diote entzuleari Iberdrola dorreko atrioan, kontzertu berezi honen bidez: New York 50eko hamarkadan. Garai hartako musika estilo nagusia zen cool jazz doinuen bidez, balada liriko intimoak joko dituzte musikariek, iraganari omenaldia egin guran.

‘INDALA’

Arte Ederren Museoan ez ezik, Guggenheim museoan ere dantza emanaldi bat egongo da. Kasu honetan, urban dande delako estilo garaikideko koreografia prestatu dute.

‘SUSTRAIETATIK’

Deustuko Unibertsitateko klaustroak bizia izango du gauez, eta adierazpen artistiko ezberdinez jantziko da gela.

‘IPURTARGI TXALAPARTA’

Txalaparta jotzearen ondorioz sortutako soinu eta argi efektuek osatzen dute Bizkaia aretoa magiaz beteko duen emanaldia. EHUko ikasleek sorturiko proiektu bat da.

SUGARRAK

Sugarren Balletaren eta Herensugea soinu bandaren baturaren emaitza da ikuskizun hau.

‘ITSASARGIEK’

Ertzilla kaleko farolen eran, Evaristo Txurruka kaikoek ere argi jantzi dotorez jantzita emango dute gaurko eta biharko gaua.

‘THE LAKE OF LIGHT’

Euskalduna jauregiko urmaela da kolorez eta mugimenduz beteko diren beste espazioetako bat. Argi efektu ikusgarriak eta giro soinua konbinatuz sorturiko ikuskizuna da.

‘FANTASTIC PLANET’

Urmaeleko ikuskariarekin batera, Euskalduna jauregiko sabaian lur hartuko dute gizaki itxurako figura erraldoiek, unibertso zabaletik etorritako estralurtarrak balira bezala. Lur planeta esploratzea dute egiteko nagusi izaki horiek.

ASMAKIZUNEN AZOKA

Zientzia asmakizun eta makinen erakusleiho bihurtuko da Bilboko Itsasadarra museoa Gau Zurian.