Epaiak dio aferak zati txiki bati eragiten diola eta ez dela garrantzi berezikoa

N. S. O.

Espainiako Estatuaren abokatuak uste zuen argi zegoela: Basauriko galdeketa herrian erroldatutako 18 urtetik gorako herritar guztiei zuzentzen zitzaien. Hala, Erakunde Lokalen 2/2016 legearen 82. artikulua kontuan hartuta, helegitea jarri zion galdeketari, bizilagun guztiei zuzentzen zitzaielakoan eta herritarren intereserako “garrantzia berezia” zuen afera zela iritzita. Egoera horretan, galdeketak Espainiako Gobernuaren baimena ere beharrezkoa izango luke, udaleko osoko bilkurak aho batez adosteaz gain. Hori hala izango litzateke galdeketaren atzean bestelako xehetasunik ez balego. Baina badago. Horiek aletu zituen EAEko Auzitegi Nagusiak 2018ko maiatzaren 2an emandako ebazpenean, eta arrazoia eman zion Basauriko Udalari: ez zen beharrezkoa Espainiako Gobernuari baimena eskatzea San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe biziberritzeko proiektuari buruzko galdeketa egiteko. Estatuaren abokatuak kasazio helegitea jarri zion epai hari, eta Gorenak oraintsu iragarri du ez duela onartu. Beraz, irmo bihurtu du iazko sententzia.

Margarita Diaz Perez EAEko Auzitegi Nagusiko magistratuak bost puntutan aletu zituen epaia ebazteko argudioak eta arrazoiak. Kontuan hartu zuen ez dela “garrantzia bereziko” afera bat, eta ez ziela eragiten basauriar guztiei. “Hertsi-hertsian soilik eragiten die zuzenean populazioaren %0,3ra iristen ez diren bizilagunei eta udalerriaren eremuaren %1ari; hau da, udaleko afera garrantzitsua da, baina desberdin eragiten die herritarrei”.

Hiru artikuluri begira

Batez ere, Toki Erakundeei buruzko legearen hiru artikulurekin ari da Diaz Perez gora eta behera epaian: 80, 81 eta 82. artikuluak. “Deialdia egiten duen erakunde lokalaren lurraldean boto eskubidea aitortuta duten herritar guztiak bozkatzera deituta dauden galdeketa oro 80.1 artikulura bideratu behar da, derrigor”. Gainerakoak 81. artikuluak arautzen dituela gogorarazi du. Artikuluok bereizi egiten dituzte “herri-galdeketak” eta bestelakoak, hala nola “sektoreko galdeketak edo lurralde-eremu mugatuko galdeketak” eta “herri-galdeketa irekiak”. 82. artikuluak, berriz, garrantzi bereziko aferak barne hartzen ditu.

Hala dio 80.1 artikuluak: “Alkateek, osoko bilkurak gehiengo osoz hala erabaki ondoren eta Estatuko gobernuaren baimenarekin, herritarren edo komunitatearen interesentzat garrantzi handia daukaten gaiei buruzko iritzia galde diezaiokete herriari, baldin eta gaiok udalaren eskumenekoak eta toki-administrazioaren ingurukoak badira. Tokiko araubideari buruzko legerian debekatuta dauden eremuetako gaiez, ordea, ezin izango da galdeketarik egin”.

81.ak, berriz, honako hau jasotzen du: “Udalerriek, gaiaren edo xede duten lurralde-eremuaren arabera, herritarren zati bati bakarrik bideratutako galdeketa bereziak egin ahal izango dituzte”. Hurrengo atalean jarraitzen du: “Sektoreko galdeketatzat hartzen da arazo jakin bati buruz egiten dena eta herritarren zati bati bakarrik edo udalerriko biztanleen zati bati bakarrik eragiten diona”. Xehetasun gehiago ere ematen ditu: “Lurralde-eremu bateko galdeketatzat hartzen da udalerriaren zati batean bakarrik egiten dena, dela auzo batean, dela toki-erakunde txiki batean, dela udal-barruti batean”.

Basauriko Udalak galdeketara eraman zuen Hiri Berrikuntzarako Plan Bereziak populazioaren eta herriaren zati oso txikian soilik izango duela eragina arrazoituta hartu zuen erabakia EAEko Auzitegi Nagusiko ebazpenak. Gorenaren azken erabakiarekin, aurrekaria ezarri du kasuak.