Aniztasunaren aldeko aldarria arroz plater baten inguruan

Peru Azpillaga Diez

Bilboko Mariaren Bihotza plaza kulturen arteko topagune bilakatuko da bihar, Munduko Arrozak jaiari leku egiteko. Goizetik hasita, jatorri eta kultura desberdineko jendea San Frantzisko auzoaren bihotzean dagoen plazan bilduko da, kulturartekotasunari buruzko aurreiritziak baztertu eta kaleak berreskuratuz, desberdinen arteko elkarbizitza posiblea dela aldarrikatzeko. Elkarbizitza hori irudikatzeko, elkarte eta lagun talde bakoitzak osagai komun bat izango du plater bana kozinatzeko: arroza.

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako Taldeen Kordinakundeak sortu zuen Munduko Arrozak jaia, 2004. urtean. Gaur egun 3.500 pertsona baino gehiago batzen dituen arren, lehenengo urtean 300 lagunek baino ez zuten parte hartu. Hala azaldu du Patxi Manrique kordinakundeko kideak. Haien auzoak bizi zuen errealitateari aurre egiteko erabaki zuten kulturen arteko festa antolatzea, eta, hasieran ez bazuten inondik inora halako arrakasta izaterik espero, jakitun dira oraindik ere lan asko dagoela egiteko auzoaren egoerari buelta emateko.

“2002. eta 2003. urteetan gure auzoan gero eta etorkin gehiago bizi zirela ikusi genuen”, hasi da azaltzen Manrique. “Gu [kordinakundea] aspalditik gabiltza auzoaren alde lanean, eta egoera berriak kezka sortu zigun”, erantsi du. “Nola egin genezakeen kanpotik etorritako pertsona horiekin harremantzeko eta auzoaren parte zirela sentiarazteko?”. Gainera, oro har, pertsona horien egoera ekonomikoa kaskarra zela adierazi du, eta auzoan zehar bi ikuspegi kontrajarri hedatu zirela: “Batzuk kezkati zeuden, mehatxu bezala ikusten zituzten pertsona horiek; guk, bestalde, auzotar berriei harrera aproposa egin nahi genien: gure ekintzen eta bizitzen parte bihurtu eta haiengana hurbildu”.

Korapilo hori askatzeko ideiarekin, topaketa batzuk egitea bururatu zitzaien. Ekitaldi “xume” bat antolatzeko asmoa zutela azaldu du Manriquek, parte hartzearen bidez jendea elkarren artean ezagutzea posible egingo zuen egitasmo bat. Hari horretatik tiraka, arrozaren ideia etorri zitzaien burura: “San Frantzisko auzoan jende asko dago, jende desberdin asko, eta pentsatu genuen: ‘bada, arroza bezala!'”. Izan ere, arroza mundu osoko kulturetan presente dagoen elikagai bat da, Manriquek dioenez, “sukalde guztietan jaten dena, oso era ezberdinetan gainera”. Horregatik, jaiak biltzen zituen bi ideiak lotzen zituela iruditu zitzaien: “Aniztasuna eta unibertsaltasuna islatzeko sinbolo oso potentea iruditu zitzaigun”.

Ordutik, geroz eta jende gehiago batu da kultur aniztasunaren aldeko egitasmora. Estereotipo eta aurreiritzi asko kolokan jartzeko aukera eskaintzen duen eguna dela dio: “Kultura, sinesmen eta bizipen ezberdineko pertsonekin kontaktatu eta harremanetan jartzeko eguna da Munduko Arrozak”.

Elkarteek zein lagun taldeek hartzen dute parte; goizean azaldu eta bakoitzak bere arroz platera prestatzen du. Hala, zaporeen eta usainen festa ere bada Munduko Arrozak. Dastamen papilen bidez, jaia eta aldarrikapena elkartuz. “Auzoekiko eta euren biztanleekiko utzikeria salatu eta pertsonek eta kulturek dakarten aberastasuna aintzat hartzearen aldeko defentsa egitea da gure helburua”, dio Manriquek; “eta leku publikoaren erabilera aldarrikatu eta elkarbizitzaren aldeko jarrerak sustatzea”.

Hain zuzen ere, helburu bera partekatzen duten milaka pertsona batzen ditu urtero Munduko Arrozak egitasmoak. Hainbestekoa da aniztasunaren aldeko bazkariak duen arrakasta, non parte hartzaileen kopurua mugatu behar izan duten. “Orain dela pare bat urte 4.000 pertsona batzera heldu ginen, baina hainbeste jende biltzeak espazio arazoak sortu zituen, eta horregatik, egun, 3.500 pertsonako langa ezarri dugu”. Era berean, Euskal Herriko beste hainbat txokotara hedatu da egitasmoa eta Bizkaian, Iurretan egingo dute bihar, eta Getxon, Durangon eta Gernikan ere egiten da.

Izandako arrakastaren atzean hainbat arrazoi daudela deritzo Manriquek: “Alde batetik uste dugu Euskal Herrian, beste hainbat kulturatan bezala, bazkari herrikoiek arrakasta handia dutela. Ekimen parte hartzailea da eta giro aparta dugu beti; gainera inprobisaziorako aukera dago eta bat-bateko ikuskizunak sortzen dira”. Jendearen parte hartzea nabarmendu du Manriquek: “Norberak bere alea jartzen du eta harremanak sortzen dira”.

Aurrera begira, proiektuarekin jarraituko dutela jakinarazi du Manriquek, baina esperientzia berriei atea itxi gabe: “Badakigu jaiak badituela bere mugak eta sortzen diren harremanak oso puntualak direla. Horregatik, egunarekin aurrera jarraituko dugun arren, harreman horiek orokortzeko zerbait asmatu behar dugulakoan nago”. Gainera, auzoan duten beste arazoa ezegonkortasuna dela azaldu du: “Harremanak sortzen dira, baina normalean jendeak hemen pare bat urte eman ostean alde egiten du eta auzokide berriak etortzen dira; hortaz, zaila da egoera egonkortzea”.

Munduko Arrozak egitasmoan, mota guztietako aldarrikapenetarako plaza ere badela gogoratu du. “Momentu honetan udalaren inplikazioa handiagoa izatea nahiko genuke; batik bat, kasu gehiago egitea auzoan dugun egoerari”, adierazi du Manriquek. Izan ere, auzoan bazterketa eta pobrezia maila handia dagoela ohartarazi du: “Badira urte asko arazo hau dugula, eta uste dugu badela garaia gauzak aldatzeko, bultzada bat emateko auzoari bizi baldintzak hobetzeko”.