Norbere herrian arrotz

Norbere herrian arrotz

Natalia Salazar Orbe

BBK Live, Bilbao Exhibition Centre, World’s 50 Best Bilbao, Bay of Biscay, Bilbao Pride… Bilbo eta Bizkaia munduan erakusteko ekitaldi gisa aurkeztu dituzte agintariek horiek guztiak, eta beste hainbat. Bizkaitarrak eta euskaldunak munduan kokatzeko bide omen dira. Baita bertako kultura ezagutarazteko ere. Baina bertako nortasunaren adierazlerik garrantzitsuena alde batera uzten dute: jaialdi edo eraikin ospetsuek ez dute hartzen euskarazko izenik. Jarrera hori nagusitzen ari da, gainera, duela sei-zortzi urtetik. Hala azaldu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik: “Geroz eta ohikoago bihurtzen ari da dena delako eraikin, proiektu edota egitasmori ingelesezko izenak jartzea. Badirudi modan jartzen ari dela. Badirudi euskarak ez duela erakargarritasunik edo xarmarik. Kontua zera da: erakunde publikoek hori egiten badute, herriko edo hiriko dendariari, jatetxeari edo komertzioari nola eskatuko diogu kartelak, menua edo faktura euskaraz eskaintzea?”.

Izan ere, kalean ere hizkuntza paisaia arrozten ari da. Bilbon nabarmena da, bereziki, eremu batzuetan. Hala uste du Ander Huidobro Bilboko Euskal Herrian Euskaraz-eko eta Hau Pittu Hau konpartsako kideak: “Agian, lehen, euskarak presentzia sinboliko handiagoa izan du: denda eta tabernen izenetan, agurretan… Merkataritza turismoari zuzentzen hasi zaion heinean, berriz, presentzia sinboliko hori ere apaldu egin da”. Orokorrean lehendik ere baztertuta egon dela uste du, baina orain bazterketa hori nabarmenagoa dela: “Askorentzat, euskara bigarren mailakoa zen eta, orain, hirugarren mailara pasatu da. Baina arazoa lehendik dator. Euskararen presentzia Bilboko denda eta taberna askotan urria zen lehen ere, inguru eta auzo batzuetan, batez ere”.

Gero eta ohikoagoa da atzerritik iritsitako turistei begira idatzitako kartelak, menuak eta mezuak aurkitzea. “Breakfast, lunch, desayunos y comidas”, dioten kartelak, besteak beste. Gaztelera, ingelesa, frantsesa zein italiera jasotzen dituzte askok euren euskarrietan. Eta euskaren arrastorik batere ez.

Herritarrak eurak ere kexatu dira. Sare sozialetan batzuk, eta Behatokiari berari beste batzuk. Horien artean bat nabarmendu du Petriatik. 2018an, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak bere webgunean iragarri zuen itzulpen zerbitzua jarri zuela martxan Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin. “Zerbitzu horrek ostalariei euren menuak itzultzeko aukera eskaintzen die. Baina, hara non, zerbitzu horren helburua dela menuak ingelesez, frantsesez eta alemanez egon daitezen. Euskaraz, aldiz, ez”.

Jokaera horren aurkako kexak jaso zituen Behatokiak, eta Bizkaiko Ostalaritza Elkarteari bideratu zizkion guztiak. Erantzuna, ondokoa izan zen: “Hartzaileen profila atzerritarra zenez, ingelesa, frantsesa eta alemana atzerriko hizkuntzetara mugatzen zela zerbitzua. Elkarteak berak esan zigun Jaurlaritzari euskararen aldeko proposamena egin ziola, baina, tamalez, Jaurlaritzak ez zuela aintzat hartu irizpide hori”. Ostalarien elkarteak berak eskaintzen die orain tabernari zein dendariei euskarazko itzulpengintza zerbitzua, doan. Hala dio bere webgunean: “Berritasun gisa, Eusko Jaurlaritzarekin dugun hitzarmenean jasota ez egon arren, 2019 honetan, hainbat bazkideren eskaerari erantzunez, elkarteak aukera emango du itzulpenak euskaraz ere egiteko”.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak itzulpen zerbitzu bat badu, doakoa, 2016az geroztik. Baina hitz kopurua mugatuta dago: gehienez 300 hitz dituzten testuak itzultzen ditu.

Badira beste hainbat kexa ere, euskararen presentziarik ezari buruz. Bilbon, Nafarroa kalean, aurten ateak zabaldu dituen kate handi baten hizkuntza paisaian euskararen arrastorik ez dagoela salatu du oraintsu Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak, sare sozialetan. Jatetxeen kartak gaztelera hutsean aurkitu dituztenen kexak ere badira. BBK-k joan den astean antolatu zuen piraguismo festa iragartzeko kartelean ere gaztelera besterik ez zen ageri. Beste batek salatu zuen El Corte Inglesen banatutako esku-orri batzuek bi aldeetan jasotzen zutela informazio bera, eta bietan gazteleraz zegoela. Villarias kaleko kirol denda handi batean kobratzeko kutxen errotuluetan ere gaztelera hutsa: caja 1, caja 2… Hiriko merkataritza gune bateko denda batean gazteleraz artatu zutela eta fakturaren atzealdeko informazioa gazteleraz, portugesez eta ingelesez jasota zegoela salatu zuen beste batek. Baina euskararen arrastorik ez. Fnac-en euskarazko liburuak zokoratuta daudelako kexatu zen beste bat sare sozialetan. Ingelesezko liburuei baino tarte eskasagoa eskaintzen ziotela salatu zuen.

Baina zer eragin dute jarrera horiek hizkuntza paisaian eta euskararen normalizazioan? Espazio publikoan dauden testu, kartel edo adierazpen linguistiko guztiek osatzen dute hizkuntza paisaia. Hala azaldu du Petriatik: “Kalean edo eraikinetan aurki ditzakegun mota guztietako adierazpenak dira: errotuluak, seinaleak, kartelak, grafitiak, pintaketak, eskuorriak…”.

Beraz, herritarrak une oro daude hizkuntza paisaiak inguratuta. Horrek duen eraginari dagokionez, argi mintzatu da: “Edozein testu edo mezu euskaraz zabaltzeak euskal hiztunari informazioa euskaraz jasotzeko aukera ematen dio. Euskaraz bizitzeko bidea eskaintzen dio. Bestetik, funtzio sinbolikoa ere badu hiztunaren pertzepzioetan edo psikologian. Azkenik, bere hizkuntza portaeran eragin dezake. Baita hizkuntzaren aldeko jarrerak indartu ere”.

Antzera mintzatu da Huidobro ere: “Hizkuntza paisaian euskararen arrastorik ez badago, zaila da euskaldunok lehen hitza euskaraz esatera animatzea. Euskal hiztuna arrotz sentiarazten baduzu egunero, Euskaraldia eta halako egitasmoen eragina murritzagoa izango da”.

Globalizazioak zanpatuta

Mundua gero eta globalizatuagoa izateak hizkuntza ohitura eta jarreretan ere eragina duela ondorioztatu du Petrietik. “Ingelesak gero eta presentzia handiagoa du. Baita errotulu eta testuetan ere”. Eragin hori are handiagoa da hiri handietan. “Ingelesarekin batera beste hizkuntza batzuk ere ageri dira: frantsesa, alemana, italiera… Mezu horiek turistentzat izaten dira. Badirudi horrek hiria kosmopolitago edo modernoago egiten duela”.

Hala ere, uste horren aurrean Uemak bisitarien euskararekiko jarrera aztertu zuen, eta apirilean aurkeztu zituen datuak. 722 galdetegi egin zituzten Bermeon, Leitzan (Nafarroa) eta Zumaian (Gipuzkoa). %85ek esan zuten eskertu egiten zutela euskara entzutea edo ikustea; eta %47k eskertu egiten zutela tokian tokikoari balioa ematea.

Kontsumo harremanek eguneroko bizitzan duten garrantziari erreparatu dio Petrietik. Eta euskaldunek kontsumo harreman horiek euskaraz izateko duten eskubideari. “Jendaurrean lan egiten duten entitate eta establezimenduetan nahitaezkoa izan beharko luke arreta euskaraz ere eskaintzea. Egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea posible izango bada, beharrezkoa da gure herri eta hirietako bizitza sozialean eragiteko neurriak hartzea. Beharrezkoa da esparru guztietan euskaraz jarduteko aukerak ziurtatuko dituzten neurriak hartzea”.

Hizkuntza eskubidea

Eusko Jaurlaritzaren Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko dekretuak jasotzen du herritarrek enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan nahi duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea. Hala ere, establezimendu guztiak ez daude behartuta eskubide hori bermatzera; soilik baldintza jakin batzuk dituztenak. Laburbilduz, arlo jakin batzuetan aritzen diren enpresa eta establezimendu handientzako dekretua da. Besteak beste, produktuak saltzen dituzten edo zerbitzua ematen duten enpresa handientzat, kreditu erakundeentzat, merkataritza-establezimendu kolektiboentzat edo etxebizitzak saldu edo alokatzen dituzten enpresa edo eraikuntza obren sustatzaileentzat. Seinaleztapen guztia, errotuluak, kartelak, inprimakiak eta katalogoak, faktura, aurrekontuak, megafonia, bezeroarekiko arreta zuzena eta telefono bidezkoa euskaraz emateko betebeharra dute horiek guztiek.

Enpresek betebeharrok betetzen dituztela bermatzeko neurririk ez dago, ordea. Hala azaldu dute Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik: “Zigorrerako aukera dekretutik kendu eta indargabetu zen 2011n. 2014ko txostenaren bitartez, jarraipena egin da; eta, horrekin batera, Arlo Sozioekonomikorako Plan Estrategikoa lantzen ari da”.

2014an kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideen inguruan egindako ikerketak ondokoa erakutsi zuen: “Sektore pribatuan, dekretua bete beharko luketenen %22k baino ez dute egiten. Betetze maila altuena duen jarduera-adarra finantza erakundeena da (%50). Maila baxuenak merkataritzan (%6) eta higiezinen agentzietan (%2) aurkitu zituzten”.

Petrietik kritika egin dio dekretuari: “Inongo ondoriorik ez badu, entitateen borondatearen mende geratzen da erabiltzaileekiko euskarazko harremana bermatzea. Ez da tresna eraginkorra herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko”.

Behatokiko zuzendariak uste du dekretuak mota guztietako enpresa, erakunde eta establezimenduen hizkuntza betebeharrak zehaztu beharko lituzkeela. Eta horiek betetzeko laguntzak eskaini. “Ez bakarrik diru laguntzak: planifikazioa egiten lagundu behar zaie, baliabideak eta pizgarriak eskaini… Eta neurri horiek betetzeko epeak zehaztu. Epea pasatuta ez badu bete dekretuak ezarritakoa, zehapenak ere aurreikusi beharko dira”. Hala ere, uste du neurriak ez direla berdinak izan behar kate handi baten saltokientzako edo taberna txiki batentzako. Dena den, argi du: “Mota guztietako establezimendu, enpresa eta erakundeek izan behar dituzte betebeharrak”.

Huidobrok uste du instituzioek badutela neurriak hartzeko aukera. Besteak beste, “animatzea, mezuak ele bitan emateko laguntzak ematea, zergetan hobariak ezartzea errotuluak euskaraz jartzen dituenari, edo derrigortzea”. Euskaldunek euren presentzia erakusteko ere lehen hitza euskaraz eginez gero edo herri mugimenduak presioa areagotuta ere aurrerapausoak lor daitezkeela dio. “Baina neurri orokor eta eraginkorrak hartzea instituzioei dagokie. Euskaldunari bidea erraztuz soilik lortuko dugu benetan egunerokoan hiztunak ahalduntzea”.

Katalunian 2010az geroztik dute merkataritza harremanak katalanez bermatzeko legea. Kartelak, publizitatea eta errotuluak katalanez izatera behartzen ditu establezimenduak. Eta isunak ere aurreikusten ditu.

Euskarak inguruan dituen hizkuntza indartsuei erreparatu die Petrietik berau babesteko beharra azpimarratzeko. “Hurbilenak gaztelania eta frantsesa dira. Espainiako Estatuak gaztelaniaren presentzia bermatzeko 500 lege baino gehiago ditu. Eta, zehazki, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko dekretu bat du”. Horren arabera, Espainian merkaturatutako ondasunen etiketetan edo zerbitzuen aurkezpenetan gutxienez estatuko hizkuntza ofiziala den gaztelania agertu behar da. “Frantziako Estatuak ere oso arkitektura indartsua du Europan eta mundu zabalean ingelesaren mehatxuari aurre egiteko. 1994an onartu zen Toubon legeak finkatzen du frantsesaren erabilera iragarkietan, lan munduan, kontratuetan, publizitatean… Horiek horrela jokatzen badute, inor ez litzateke asaldatu behar guk egoera ahulagoa dugun hizkuntza bat babesteko eta hiztun horien eskubideak babesteko neurriak hartzeagatik”.