Gotzaindegiak Mutualiarekin partekatuko du bere egoitza berria

Gotzaindegiak Mutualiarekin partekatuko du bere egoitza berria

Peru Azpillaga Diez

Bizkaiko Gotzaindegiak berriki jakinarazi duenez, Bizkaian sakabanatuta dituen zerbitzuak egoitza bakar batean elkartzeko asmoa du. Horretarako, Bilboko Zabalgunean duen Begoñako Andra Mari irakasleentzako unibertsitate eskola eraitsi eta eraikin berri bat egingo du, eskolaren ondoan dagoen patio eremua aprobetxatuz.

Hortaz, egungo eraikina baino hiru aldiz handiagoa izango den 13.500 metro karratuko eraikin berri bat altxatuko du Abandoko erdigunean: Bizkeliza etxea. Hala bataiatu du Gotzaindegiak bere egoitza nagusia bilakatuko den eraikina. Zazpi solairu izango ditu, eta Gotzaindegiak egun eskaintzen dituen “zerbitzu diozesiano eta kultural guztiak” bilduko ditu bertan, hala nola Bizkaiko artxibo historikoa, teologia pastoraleko institutua edota elizbarrutiko liburutegia.

Lanak abuztuan hasiko dituzte, eta 2021eko abenduan amaitzea aurreikusten dute. Murias taldeak izango du eraikin berria altxatzeko ardura. Obrak iraun bitartean, irakasle eskolako ikasleek Deustuko Unibertsitatearen alboan dagoen behin-behineko zentro batean jasoko dituzte eskolak.

Proiektu hori aurrera eramateko, ordea, Gotzaindegiak kanpo finantzazioa bilatu behar izan du. Egitasmoa martxan jarri zutenetik, ekarriko zituen kostuei aurre egiteko, eraikin berria beste elkarteren batekin partekatzeko intentzioa azaldu zuen Gotzaindegiak. Zenbait proposamen jaso ostean, akordio batera heldu da Mutualiarekin, Gizarte Segurantzarekin lankidetzan diharduen enpresarekin. Gauzak horrela, etorkizuneko eraikinaren %44 inguru —6.000 metro karratu—, aseguru enpresaren esku geratuko da. Bertan, langileen arretarako Bizkaiko ospitalerik handiena irekiko du Mutualiak.

Hautsak harrotu ditu

Zabalguneko auzokideek eta Andra Mari irakasle eskolaren alboan dagoen Cervantes eskolako gurasoek, ordea, ez dute begi onez ikusi Elizaren proiektu berria, eta horren aurkako kanpaina bat jarri dute martxan. Salatu dutenez, ez zuten jaso proiektuaren nondik norakoen berri, eta harrituta daude jakinda eraikin berriaren zati batek ospitale pribatu bat hartuko duela.

Cervantes eskolako guraso elkarteak kaleratutako oharrean adierazi duenez, Bizkeliza etxea eraikiz gero, irakasle eskolako patioa egun eremu osoan eraiki gabe dagoen gune bakarra auzoarentzako espazio publiko bilakatzeko aukera galduko da. “Hiri antolamenduko plan orokorrean jasotzen da eremu horrek espazio publikoen falta duela, are gehiago kontuan hartzen badugu Cervantes eskolak aisialdiari lotutako azpiegitura gabezia nabariak dituela”.

Horrekin batera, kezkatuta azaldu dira eraikin berriaren kokalekua eta garaiera dela eta. Izan ere, argudiatu dute egungo patioari esker eguzkiaren argia heltzen dela ikastetxera, eta ezinbestekoa dela ikasleen osasunerako; “eraikin berriak zazpi solairu izango ditu eta guztiz estaliko du eskola”.

Era berean, guraso eta auzokideak “atsekabetuta” daude udalak izandako jarrerarekin ere. Informazioa “behar bezala” helarazi ez izana salatu dute, eta haien hitza ez dela kontuan izan: “Galdetu diegunean ez dugu erantzun argirik jaso, eta ez dute gure iritzia kontuan hartu inongo momentuan”. Horregatik guztiagatik, Cervantes eskola babesteko eta Zabalguneko eremua hobetzeko eskatu diote Bilboko Udalari: “Patioan ezer ez eraikitzea eta erabilera publikoa ematea eskatzen dugu”. Hori lortzeko, udalari Gotzaindegiarekin ados jartzeko deia egin diote, Bizkeliza etxearen egitasmoa hiriko beste gune batera eraman dezaten edota patioaren erabilera publikoa bermatuko duen proiektu arkitektoniko bat adostu dezaten.