Borondate onaren zain

Borondate onaren zain

Natalia Salazar Orbe

Administrazio publikoek ere, eragileen antzera, uste dute euskara normaltasunez erabiltzeko aukera bermatu behar zaiela herritarrei arlo eta esparru guztietan. Hala aitortzen dute behintzat. Eragile askok zalantzan jartzen dutena da Eusko Jaurlaritzak zein Bilboko Udalak hartzen dituzten neurriak nahikoa ote diren eskubide hori bermatzeko. Paisaian eragin dezaketen saltoki eta establezimenduen arduradunei euskararen erabilerak duen garrantziaz jabetzen laguntzen dihardute erakunde publikoek. Horretan eragin eta sakondu behar dela deritzote. Eragileek, ordea, neurri gehiago nahi dituzte. Beharrezkoak izatekotan, baita isunak ere.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak dio hizkuntza eskubideen babesa eta hizkuntzaren erabilera “hertsiki lotuta” daudela, eta lotura horrek “bizitzaren arlo guztietan” izan behar duela eragina: “Hurbilenetik jasoenera, merkataritzatik unibertsitateko ikerketara”. Hala jaso zuen Eusko Legebiltzarrak 2013an onartutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planak.

Horretarako, hainbat proposamen egin ditu. Besteak beste, herritarrengan eta merkatari edo ostalariengan eragin nahi du, “herritarren hizkuntza hautuari egoki erantzuteko eta hizkuntza paisaia zaintzeko”. Errotulazio finkoa eta noizbehinkakoa euskaraz ere ipintzeko kanpainak martxan jartzea proposatzen du, merkataritza elkarteen bitartez.

Jakina denez, dekretu horrek zehaztu egiten du zer bete behar duten establezimendu batzuek kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Besteak beste, idatzizko informazioa euskaraz eta gazteleraz jaso behar dute. Ahozko komunikazioan ere bermatu beharko lukete euskara.

Hala ere, establezimendu guztiak ez daude behartuta zerbitzua euskaraz ematera. Funtsean, arlo zehatz batzuetako establezimendu handiak besterik ez ditu behartzen. Dekretuak, ordea, ezin du bermatu establezimenduok erabiltzaileen hizkuntza eskubideari bermea ematen diotela. Ez du jasotzen berau betetzen ez dutenentzako zigorrik edo bestelako ondoriorik. Praktikan, beraz, haien borondatearen esku geratzen da betetzea edo ez. Bestalde, dekretuak jasotzen ez dituen establezimenduentzat ez da aurreikusten inolako betebeharrik.

Udalaren ekimenak

Bilboko Udalak ez du ordenantzarik kontsumitzaile edo erabiltzaile euskaldunen hizkuntza eskubideak eta establezimenduen betebeharrak arautzeko. Eskubide hori bermatzeko, Jaurlaritzaren dekretua hartzen du oinarri. Haren arabera, udalak gogorarazi duenez, “herritarrek eskubidea dute ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko, eta enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan nahi duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko”.

Egoeraren argazkia egiteko, zenbait datu eman ditu, baina udalaren hizkuntza paisaiara mugatzen dira. Jasotako azken datuen arabera, errotulazio eta ikus-entzunezko euskarrietatik %74 euskaraz ere ageri dira. Eta, udal eraikinen paisaian, %100ean legoke bermatuta euskara.

Eremu pribatuari dagokionez, merkataritzan euskararen presentzia indartzeko zenbait neurri hartu ditu. Horietako bat Biribilko programa da, “hiria sektore guztietan euskalduna” izateko tresna. “Euskara Bilboko merkataritza sektorearentzat erreferentziazko komunikazio hizkuntza eta errentagarritasun ekonomikorako faktore bilakatzea” du helburuetako bat. Hori da, udalaren ustez, “Bilboko merkataritza eremuan euskararen normalizazioak jorratu behar duen bidea”.

Programa horren bidez, ikastaroak eskaintzen dituzte, merkatariei gutxieneko euskara ezagutzak irakasteko, edo duten ezagutza hobetzeko. Iaz, 150 lagunek hartu zuten parte. Horietatik %42 zerbitzuen sektorekoak —ostalaritza, ile-apaindegiak— eta arropa, oinetako eta osagarrien adarrekoak izan ziren.

Programak eman dituen datuen arabera, Bilbon 97.000 bezero euskaldun daude. Bilbo Handiak hartzen duen eremuan, berriz, 252.000 inguru. “Horiei ia euskaldunak direnen kopurua batuta, metropoli eremuan euskaraz ulertzen duten 426.000 pertsona daude”.

Paisaian eragin guran

Bestalde, hizkuntza paisaian eragiteko beste bi egitasmo ari da lantzen udala. Batetik, zabalik / itxita euskarria banatuko du, doan. “Helburua da Bilboko merkataritzaren kaleko hizkuntza paisaian euskararen gutxieneko presentzia bisuala erraztea, ahalik eta establezimendu gehienetan”.

Bestalde, bezeroei zerbitzua euskaraz emateko prest dauden establezimenduen kaleko identifikazioa ahalbidetzeko ikurrak edo euskarriak prestatuko dituzte. Baliabide horien bidez, “ikusgarritasun soziala” eman nahi diete bezeroei euskara erabiltzeko aukera ematen dieten establezimenduei.

Bigarren helburua da “Bilboko eskaintza eta eskari euskaldunaren artean euskarazko harremanak erraztea. Bereziki, euskara erabili nahi duten bezeroei aukera hori egitea erraztea”. Egitasmo horrekin bat egiten duten merkatariei “bezero euskaldunak fidelizatzeko tresna bat” eskainiko dietela deritzo udalak. Udazkenerako espero dute prest izatea bezeroak euskaraz artatzeko aukera eskaintzen duten dendak identifikatuko dituzten ikur horiek.

Dena den, udalaren ustez, euskararen erabilera indartzeko, sustatzeko eta normalizatzeko arauak ez dira nahikoa. Beste tresna batzuk garatu behar dira hizkuntzaren normalizazioan aurrerapausoak emateko. “Helburuak lortzeko lanabesak euskara planak dira, egitasmoak planifikatu eta jarraipena egiteko aukera ematen dutenak”.

Udalak 2018tik 2022ra arteko Euskara plana onartu du oraintsu. Plan hori “tresna bat” dela dio, “euskararen normalizazioaren inguruan neurriak aplikatzeko aukera” emango diona: “Helburua da erabilera areagotzea, bai zerbitzu hizkuntzari dagokion ardatzean, bai lan hizkuntzari dagokionean”.