2.500 boluntariok eta 300 urpekarik Urdaibaiko itsasertza garbituko dute

2.500 boluntariok eta 300 urpekarik Urdaibaiko itsasertza garbituko dute

Aitziber Laskibar Lizarribar

Plastikozko poltsa batek 50 urtetik gora behar ditu guztiz desegiteko; plastikozko botila batek, 500 urte gutxienez; arrantzarako hari batek, 600 inguru. Eta pilatzen ari dira itsasoan. Itsasertzera gerturatuz gero, nonahi ikusten dira; bakanka batzuetan, multzoka besteetan. Urteetako joerek eragindako arazo ekologikoaz jakitun, gero eta gehiago dira egoera iraultze aldera sustatzen ari diren egitasmoak. Egunotan, plastikoaren kontsumoa gutxitzeko eta kostaldeetako zaborra garbitzeko ekitaldi ugari egingo dituzte.

Zero Waste proiektuaren ekimenez, plastikoari boikota egiteko deialdia dago aste honetarako. Igandera arte, plastikoan bildutako produkturik ez erosteko deia egina du, instituzioei eta multinazionalei presio egin, eta batez ere elikagaiak plastikoz biltzeko joera amai dezatela eskatzeko.

Ekinaldi handia Urdaibain

Itsasotik plastikoa eta zaborra biltzeko deialdi ugari ere badira egunotarako. Handiena, bihar Urdaibaiko itsasertzean egingo dutena: auzolanean garbituko dute ingurua, Ozeanoen Nazioarteko Eguna dela baliatuta. Arrakasta handia izan du deialdiak, eta jendetsua izango da bilketa: 2.500 lagun itsasertza garbitzen arituko dira, eta beste 300 urpekari, ur azpian. Txalupetatik ur gaina garbitzen ere arituko dira. Guztiak, modu boluntarioan. Lanean hasi aurretik ere, positiboa izan da oso deialdia: bihar egingo den bilketa baino bi aste lehenago, beteta zeuden musu truk lan egiteko plaza guztiak. Eremu babestua izanik, Urdaibaira sartzeko jende kopurua mugatu egin zuten egitasmoaren sustatzaileek, eta 300 urpekari eta beste 2.500 pertsonarentzako lekua aise bete da.

Gaztelugatxetik Elantxoberako itsasertza garbituko dute, hamalau tartetan banatuta: Gaztelugatxe, Matxitxako, Bermeoko portua, Mundaka, Sukarrieta, Busturia, San Kristobal, Urbieta, Ubidea, Laida, Laga eta Elantxobetik kenduko dute zaborra, eta eremu horretako itsasotik. Urdaibai Bird Center izango da ekinaldiaren azken gunea.

Hain zuzen, garbitze lanetan arituko ez direnek ere izango dute Bird Centerrera joanda Zero Plastiko Urdaibai proiektuan parte hartzeko aukera. Izan ere, itsasertza garbitzeaz gain, kontzientziazioa sustatzea da egitasmoaren beste helburu nagusia, eta ekitaldi sorta antolatu dute hartarako. 13:00etatik aurrera izango da hori, Urdaibai Bird Centerren.

Bisita gidatuak izango dira bertan, mikroplastikoei eta ibaiei buruzko hitzaldiak, bertsolariak, musika emanaldiak, eta plastikoak birziklatzeko lantegiak. Berrerabiltzearen aldeko filosofiari segida emanda, Lesley Yendell eskultore ingelesak artelan bat egingo du arratsaldean, hondakin plastikoak erabilita. Garbitze lanetan parte hartzen duten boluntarioei bazkaria emango zaie Bird Centerren bertan, egindako lana eskertzeko.

Barrika, Gorliz, Plentzia

Ozeanoen Nazioarteko Eguna dela baliatuta, garbiketa gehiago ere egingo dira Bizkaiko kostaldean datozen egunotan: Barrikan, esaterako, gaurko dute deialdia egina. 11:30ean hondartzako aparkalekuan bildu, eta hondartza eta labarra garbituko dituzte boluntarioek. Kokalekuagatik, plastiko asko iristen da Barrikako itsasertzera, baita haitzetan trabatuta geratzen diren sare eta sokak ere. Eta bereziki kaltegarriak dira, denborarekin mikroplastiko bihurtu eta arrainek irensten baitituzte. Arrain horiek jaten dituztenek barneratuko dituzte, era berean, plastiko zati horiek. Barrika ingurua garbitzen laguntzeko prest dauden guztiei bertaratzeko gonbita egin diete antolatzaileek, eta arropa erosoa eta bustitzeko moduko oinetakoak eramateko eskatu diete.

Gorlizen, berriz, bihar elkartuko dira, 11:00etan. Astondoko parkinean batu, eta bertaratzen direnen artean taldeak antolatuko dituzte. Lurretik batzuek eta itsasotik besteek, Billanora arteko labarra eta itsasargira arteko ibilbidea garbituko dituzte. Itsasertza uretatik garbitu nahi dutenei neoprenoa eta txapinak eramateko eskatu diete.

Igandean Plentzia izango dute jomuga. 11:00etan Astillero plazan batu, eta taldeka banatuko dituzte itsasaldeko eta lehorreko lanak. Itsasertzetatik mikroplastikoa kentzeko ahalegin berezia egingo dute han, eta itsasadarra garbitzekoa. Uretan sartuko direnei neoprenoa eta txapinak eramateko gogorarazi diete.