Zazpi kale, zazpi kolore

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bizi egongo dira bihar Bilboko Zazpikaleak, koloretsu eta alai. Gorriak, horiak, moreak, urdinak, arrosak, berdeak eta laranjak hartuko dituzte kaleak: zazpi kolore, Zazpikaleetarako. “Itxi begiak, eta sartu eskua”, joan zaio mutil bat Somera kaleko dendari bati saskia eskuan. Sortu berri den jai batzordeko kidea da dendan sartu dena. Dendariak, begiak itxi, irribarre egin, eta kamiseta gorria atera du zumezko otarretik: gorria izango da Somera. Artekaleko dendari batek egoera berean ikusi du bere burua. Begiak itxita atera duen zapi moreak erabaki du bere kaleak hartuko duen kolorea. Gainontzeko bost kaleetako dendari banak ateratako jantzien koloreek zehaztu dute Dendarikale horiz jantziko dela, Belostikale urdinez, Arategizar arrosaz, Barrenkale berdez eta Barrenkale Barrena laranjaz.

Irribarrea eragin die hautaketa bereziak parte hartzaileei, eta biharko jai egunerako sustatzaile bihurtu dira. Egokitu zaien koloreaz apainduko dituzte dendak, eta euren kaleko gainontzeko saltzaile zein auzokideak gauza bera egitera animatuko dituzte. Eurak zein euren etxeak kolore jakin horretaz janztera.

Bihar Zazpikaleetan egingo den jaiaren antolaketaren adibide bat da koloreen banaketarena, eta parte hartzea sustatzeko moduaren erakusgarri. Alde zaharreko jaiak lehen aldiz egingo dituzte bihar, eta ilusioa piztu du horrek auzoan. Bestelako jaiak nahi dituztela argi dute sustatzaileek; auzokideentzako festak nahi dituztela behingoagatik, eta beraiek elkarlanean antolatutakoak. Hain zuzen, elkarren ezagutza, elkarlana eta elkarrekiko konplizitatea sustatzea dute helburu nagusi; euren arteko topagune bat sortzea.

Eta dagoeneko lortu dute. Horren erakusgarri da osatu duten egitaraua eta egitarau hori prestatzeko modua. Prozesu parte hartzaile baten bidez egin dute, jatorri eta eremu desberdin askotako auzokideekin. Multzoka batu dira, arloka banatuta, eta horiek proposatu dituzte ekintzak. Abiapuntu horretatik hasita, batzar irekietan zehaztu eta banatu dituzte lanak. Arrakastatsua izan da prozesua. Oso parte hartzailea, eta pizgarria.

Euren izaera aldarrikatu, eta Zazpikaleak “diren moduan” agertzeko eguna izan dadin nahi dute sustatzaileek. Hartara, kalera aterako dituzte alde zaharrean aritzen direnek eremu itxietan egin ohi dituztenak. Bilboren sorreraren kokagunean hasiko dute jaia, Bilboko plaza izan zen hartan, San Anton zubiaren ondoan: Zazpikaleen sarreran. Eta bakoitzak egiten dakiena eginaz eta gainontzekoen inplikazioa bilatuz osatuko dute festa. Swinga irakasten aritzen direnek, esaterako, kalera aterako dituzte euren dantzak, jendea ikastera animatuz; berdin salsan zein tangoan aritzen direnek. Kaleak trikiti eta panderoen doinuz alaituko dituztenak auzoko Lursoinuak musika eskolako ikasleak izango dira.

Umeentzako guneak ere antolaketa berezia izan du. Alde zaharrean dagoen Mujika eskolako guraso elkartea eta Umeak Kalean elkartea lehen aldiz batu dira, eta elkarrekin antolatu dituzte haurrentzako ekitaldiak, Elkar dendaren laguntzarekin.

Janaria ere, nola ez, elkargune izango da. Txapelketa gisara, arroza norberak nahi duen erara prestatzera gonbidatu dituzte taldeak: goizean zehar Santiago plazan prestatu, eta bertan jango dute, herri bazkarian. Inor kanpoan gera ez dadin, eltzerik prestatuko ez dutenek ere izango dute bertan bazkaltzeko aukera, aurrez txartelak erosita.

Dendariek ere badute zeresana Zazpikaleetan. Kale estuz osatutako alde zaharraren ezaugarri dira denda txikiak, auzoaren bizigarri. Jaietan parte hartzeko prest azaldu dira, eta hainbat ideia izan dituzte mahai gainean. Artisau diren dendariekin tailerrak egiteko asmoa zuen, esaterako, jai batzordeak, baina, aurten jaiak egun bakarrera mugatuko direnez, hartarako lekurik ez dute topatu. Hurrengo urterako gorde dute proposamena.

Aurten, zozketa baterako produktuak eman dituzte: ile mozketak, kontsumizioak edota deskontuak oparitu dituzte. Guztiak batu, eta zozketan saridun suertatzen denak jasoko ditu guztiak. Komertzioz komertzio jasoko ditu mota guztietako opariak saridunak, eta ezagutzen ez zituen dendak ere ezagutuko ditu. Horrela, laguntza eskatzeaz gain, denda txikiak sustatu ere egin nahi ditu jai batzordeak.

Hain zuzen, urtebeteko harremanen eta lanaren ondoren, aurtengoa abiapuntu gisa hartu dute jai batzordekoek. Biharkoa nola aterako ote den urduri, parte hartzeko deia egin dute; nork bere kaleari egokitu zaion kolorez janzteko deia egin dute, bertan bizi ez direnei horietako edozein aukeratzekoa, eta alai eta koloretsu parte hartzekoa.

Egitaraua
09:00. Diana.
11:00. Txupina, plaza zaharrean (San Anton aurrean).
11:00. Ur zezenak, plaza zaharrean hasita.
11:00-14:15. Gastronomikoa, Santiago plazan: arroza prestatzera. Parte hartzeko, izena eman behar da aurrez, Biran edo Cafe Bilbaon.
11:30. 97 FM irratsaioa, Santiago plazan.
12:00. Kale animazioa alde zaharretik: dantza (swinga, saltsa, tangoa), txaranga, Lursoinuak musika eskolako ikasleak… Zazpikaleetan zehar.
12:00. Umeentzako gunea, Santiago plazan: txapa tailerra, txikigunea, ginkana, xakea eta mahai jolasak.
13:00. Pantx Records eta Marianitoak DJak, Santiago plazan.
14:30. Auzo bazkaria, Santiago plazan. Tiketak salgai, Biran eta Cafe Bilbaon. Bazkalondoan, arroz onenen sari banaketa.
17:30. Olinpiadak, Zazpikaleetan zehar.
19:00. Erromeria Xukelak taldearekin, Santiago plazan.
20:30. Pregoia, Santiago plazan.
20:35. Bilbo Kantari, alde zaharretik.