Txakolin bedeinkatua

Uxue Gutierrez Lorenzo

Gernikatik Bermeorako bide zaharrean, Busturiko San Kristobal ermita zaharraren parean, behinola ba omen zen etxe handi eta zahar baten hasten da hurrengo elezaharra, denboran higatutako horma zaharren atzean ezkutatuta gaurdaino iraun duena. Kondairak dioenez, udazken arrasti batez irten zen etxe hartatik Batxi Lejarra Muruetako ikazkina, Morgako Meakaurrera bidea hartuta. Kosoagako bidezidorra aldapan gora hartuta, egarritzen hasi zen ikazkina, eta baso bete Altamirako txakolin eskatu zuen boz gora. Neska gazte baten ahots leunak erantzun zion: “Hementxe daukazu”. Zur eta lur geratu zen Lejarra, aurrean zuena sinetsi ezinik. Ile luzedun ipotx bat zuen parez pare, segundo batzuk lehenago erregututako edaridun kopa esku artean zuela.

Ezkerreko eskuaz kopari heldu, eta trago bakarrean hustu zuen. Eskerrak emanda, Errigoitirako bidea hartu zuen ikazkinak. Ipotxa, ordea, gustura geratu ez, eta bide erdian agertu zitzaion muruetarrari. Zorretan omen zegoen Lejarra ipotxarekin, eta zorra kitatu beharra zuen. Sosik ez zuen gizonak, baina, eta, sorbaldak altxatuta, ipotxari galdetu zion: “Nola gura duzu ordaintzea txanpon bakar bat ere ez badut?”. Ordaindu behar ziola errepikatu zion ipotxak, eta burugogor paratu zen ikazkina, asaldatuta. “Ez dizut ordainduko”. Entzungor egin zuen ipotxak, eta lau egunez bere zerbitzuan egongo zela esan zion. Biharamunean Autzaganeko tontorrean egoteko agindua eman, eta ordena bete ezean zoritxarreko izango zela iragarri zion Batxiri.

Ipotxa desagertu, eta bere bideari segitu zion ikazkinak. Etxera heldutakoan, ohera sartu zen Lejarra, lasai lo egiteko asmoz. Gaua, ordea, ipotxaren maldizioari bueltaka igaro zuen, eta, halako batean, esna egoteaz nazkatuta, Autzaganeko tontorrerako bidea hartu zuen. Egunsentia argitzerako tontorrean zen, eta bizkarretik ahots bat entzun zuen: “Horrela gustatzen zait, Batxi”. Buelta erdia hartu, eta han ikusi zuen ipotxa bere aurrean paratuta. Ibilaldi luze bat egitera zihoazela iragarri zion ipotxak, eta bi zaldi lor zitzala agindu. Ikazkinak bi zaldi nondik atera ez zekiela erantzun, eta ipotxak errieta egin zion: “Zoaz Oka errekaren bazterrera, eta ebaki inguruko bi kanabera zati”.

Zaldi hegalariak

Esana bete, eta bi kanabera esku artean bueltatu zen Batxi. Ipotxak, makiletako bat hartu, eta hanka artean jarri zuen, eta gizonari gauza bera egiteko agindu. Batxi duda-mudatan hasi zen, barrezka, eta ipotxak mehatxu batekin erantzun: “Ez bazara kanaberaren gainean jartzen, hil egingo zaitut”. Ikazkinak, esana bete, eta segituan hegan irten ziren biak.

Bi orduren bueltan iritsi ziren ipotxa eta ikazkina mendi garai baten lautadara, eta bertan geratu. Berriketan hasi zen ipotxa: “Laster bazkari on bat eta zure ezpainek sekula dastatu duten edaririk goxoena emango dizkizut opari”. Horren truke edozertarako prest agertu zen ikazkina. Pagoz eta haritzez inguratutako lautadatik jaitsi, eta haitz handi baten atzean ezkutatutako etxe eder batera heldu zen bikotea. Batxik, atea zabaldu, eta han ikusi zuen ipotxak iragarritako bazkari izugarria mahai gainean, eta, ondoan, kupel lerro luzea.

Aurrean zuen ikuskizunarekin txoratuta, zorabiatu egin zen ikazkina, eta konortetik gabe geratu. Bere onera bueltatu zenean, nahi adina jan eta edan zezakeela esan zion ipotxak, eta biharamunerako hiru zaldi lortu behar zituela. Guztiz ase arte jan eta edan zuen ikazkinak, eta hurrengo goizean hiru kanaberarekin agertu zen ipotxaren aurrean. Honek egunaren berri eman zion: “Goazen Dimara. Bihar mila urte betetzen ditut, eta Baltzolako leizea bisitatu nahi dut”. Urteurrena zela-eta ezkontzeko garaia zuela uste zuen ipotxak, eta ezkongaia ere begiz joa zuen. “Indusiko Ezurrutza baserrira joango gara, eta, bertan, Txomin Bernaolaren emaztegai Arrosa nireganatuko dut”. Gau horretan ospatzekoa zen ezkontza gelditzeko asmoz irten ziren hegan ipotxa eta ikazkina Arrosaren baserrira.

Bedeinkapen magikoa

Baserrian ziren ezkongaiak, abadearen bedeinkazioaren zain. Senideak ere inguruan zituzten, jai giroan murgilduta. Bazkaltzera joan zirenean, Arrosak doministiku egin zuen, baina inor ez zen konturatu. Inork ez zuen neskatoa bedeinkatu “doministiku” esanez, eta ipotxak poz-pozik esan zion Batxiri: “Beste bi aldiz doministiku egin eta inork ez badu bedeinkatzen, niretzat izango da”. Bigarrenez egin zuen doministiku, eta inork ez zuen ezer esan. Hirugarrenean, berriz, Batxik hautsi zuen isilunea: “Doministiku” esan zuen, ozen. Hitza entzunda, ipotxak ospa egin zuen, eta ikazkina konorterik gabe erori zen lurrera.

Esnatzean, ipotxaren trikimailua azaldu zien Batxik ingurukoei, eta ezkontzako heroi izendatu zuten. Txakolina edaten segitu zuen Batxik, eta zin egin zuen bere aurrean doministiku egiten zuen oro bedeinkatuko zuela. Orduantxe esnatu zen Busturiko etxean ikazkina, bertara nola iritsi zen ez zekiela. Bada, ustez ipotxaren zerbitzuan igarotako egunak 48 orduko mozkorraldi bat izan ziren benetan.