“Lanaldiak sendotuko balira, baldintzak hobetuko lirateke”

“Lanaldiak sendotuko balira, baldintzak hobetuko lirateke”

Natalia Salazar Orbe

Kiroldegietako langileen sektoreak oihartzun gutxi izaten du. Joan den astean, 24 orduko greba egin zuten. Laurehun langile inguru atera ziren kalera Bilbon, protesta egitera. Mobilizazioak egitea ez da erraza haientzat, “aurrezteko ahalmen gutxi duen sektore bat” osatzen dutelako. Hala azaldu du Jon Ander Campelok (Santurtzi, 1991). Santurtziko igerilekuko begiralea da. Lan baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen bat aldarrikatu du Bizkairako.

Sektorearen prekarizazioaren aurkako mobilizazioak abiatu dituzue. Zer baldintzatan ari zarete lanean?

Santurtzin, esaterako, langile guztiok ez dugu egiten lanaldi osoa. Lanaldiaren %70 betetzen dugu; gehienez, %80. Soldatak baxuak dira. Giza baliabideei dagokienez ere gabezia handiak ditugu. Besteak beste, ikastaroetan dauden umeen ratioak oso altuak dira. Nire kasuan, esaterako, sarri asko egoten naiz lauzpabost urteko hamalau umerekin ni bakarrik uretan sartuta. Egoera hori arriskutsua da. Udako igerilekuetan ere langile gutxi izaten gara. Santurtziko igerilekuak 2.500 lagunentzako lekua dauka, eta gehienez hiru langile egoten gara. Eta askotan, bakarra. Lan orduetan medikuarenera bagoaz, ordu horiek berreskuratu egin behar ditugu, nahiz eta askotan gure lanaren ondorioz hartutako gaixotasunengatik joan. Gainera, ez daude onartuta laneko gaixotasun gisa. Onddoak edo ahots arazoak dira horietako batzuk.

Azpikontratazioa ere salatu duzue. Zer ondorio dauka horrek zuengan eta erabiltzaileengan?

Esango nuke erabiltzaileengan ez daukala izan beharko lukeen ondoriorik. Enpresek gure borondate ona aprobetxatzen dute, guk ez baitugu zerbitzu txarrik eman nahi. Enpresek zerbitzu hauek hartzeko nire herrian bete behar dituzten baldintzak jasotzen dituzten agiriak irakurri ditut, eta baldintza ekonomikoek pisu handia dute. Horren ondorioz, lehia horietan sartzen dira inolako eskrupulurik gabe.

Badakite lan hitzarmenak ezarritako baldintzak txikiak direla, eta baldintza agiriek ez dutela babesten langilea; ez dituzte ezartzen gutxieneko soldatak. Ondorioz, enpresak erraz sartzen dira lehiaketa horietan, gutxi ordainduta. Horrek eragina du langileongan: hitzarmen bati lotuta gaude. Enpresak horretara mugatzen dira. Urteak daramatzate hitzarmenean hobekuntza esanguratsurik egin gabe.

Zein baldintza barne hartzen ditu lan hitzarmenak orain?

Jai egunetan, zortzi euroko osagarria ordaintzen digute. Bestalde, lanpostu bat hutsik geratzen den bakoitzean, enpresa lanpostu horren jarduna bertako langileen artean banatzera behartuta egotea nahi dugu; ahal denean, behintzat. Askotan, langile bat doanean, bi berri kontratatzen dituzte. Erosoagoa da haientzat langile asko izatea, sor daitezkeen beharrak asetzeko.

Iaz, Emtesport nire enpresari sari bat eman zioten gazteen enplegua sustatzeagatik. Baina hori gezurra da, lan baldintza prekario eta txarretan gaituzte eta.

Kontratazio partzialei irtenbidea emateko proposamenik baduzue?

Jardueretako asko ordu berean eskaintzen dira. Beraz, langile asko behar dituzte ordutegi berean aritzeko. Askotan, udalak ez dira saiatzen ordutegiak aldatzen; ez dute kirol eskaintza aldatzeko ahaleginik egin nahi. Santurtzin, esaterako, jarduera berri bat eskaintzen duten bakoitzean, adabaki bat balitz bezala jartzen dute, eta kito; lanera joan beharko duen pertsonarengan pentsatu ere egin gabe. Hamabost minututan bat egiten duten bi eskola emateko bi langile joaten dira lanera, bakoitzak 45 minutuko eskola bana emateko. Klaseetako bat apur bat mugituta, langile bakarrak egin ahalko lituzke biak.

Konponbidea erraza litzateke. Aztertu egin beharko lukete. Udalaren ardura da lan baldintza onak dituzten lanpostuak sortzea herrian. Ez lukete eskaini behar ikastaro bat berau emango duen langilearen egoeraren aurrean axolagabe jokatuta.

Soldata baxuak makilatu egiten dituztela salatu duzue, urteko ordainketak prorratan banatuta. Zer kopururi buruz ari gara?

Nire kasuan, 800 euroko soldata daukat. Ordainketak prorratan banatuta, 1.000 euro jasotzen ditut. Zazpi urte daramatzat lanpostu berean, soldata ia berarekin. Ez didatenez lan gehiago ematen, ezinezkoa izango da hobetzea. Batez ere, lanaldi laburrak dira sektore honen arazorik larriena. Soldata baxuak dauzkagu, baina lanaldiak sendotuko balira, baldintzak hobetuko lirateke. Duela gutxi, lan-bizitzaren agiria eskatu nuen, eta, lanean zazpi urte egin ditudan arren, bost besterik ez ditut kotizatuta. Ni gaztea naiz, baina 40 urterekin nire egoera berean hamabost urte daramatzaten lankideak ditut. Zer gertatuko zaie erretiroa hartzeko adina dutenean? Astean 26 eta 33 orduko lanaldiak ditugu.

Zer-nolako erantzuna izaten ari dira mobilizazioak?

Langileok erabat ados gaude mobilizazioekin. Hainbat instalazio itxi ziren greba egunean. Gurean behintzat, langile guztiok jarraituko dugu mobilizazioekin. Egoera hau jasanezina da. Lan hitzarmen on bat lortu arte, ez dugu amore emango.

Zertan da negoziazioa?

Une honetan ez dakigu. LAB, CCOO eta UGT sindikatuek gutxiengoan eratu zuten mahaia. ELA sartu berri da, eta espero dugu mobilizazioak ez geldiaraztea. Orain arte, ELAk zentroz zentroko hitzarmenetan jarri du arreta, Bizkaiko hitzarmenean beharrean. Gure sektorearen barruan, hainbat kiroldegik hitzarmen propioa daukate. Ondorioz, aukera galdu dugu Bizkaiko hitzarmenaren alde borrokatzearen alde indar handiagoa egiteko.

Zuek zer eskatzen duzue?

KPI gehi %6ko igoera datozen hiru urteetarako. Lanaldia urtean 80 ordu murriztea, gure sektorean ezin ditugulako lanaldi luzeak izan egiten ditugun jarduerak kontuan hartuta; nik, adibidez, bost ordu inguru egiten ditut uretan. Eta, lehen esan bezala, lanaldiak sendotzea. Lanaldi partzialean ari gara guztiok, eta lanaldi portzentajea sendotu nahi dugu; ahalik eta gehienok lanaldi osoa izan dezagun. Jai egunetan lan egiteagatik ordaintzen duten osagarria zortzi eurotik 25 eurora igotzea ere nahi dugu.

Cebekek erantzun dizue. Esan du hitzarmenean jasota daudela KPI baino igoera handiagoak.

Patronalaren proposamena ez da txarra beste negoziazio kolektibo batzuekin alderatuta, baina kontuan hartu behar da hitzarmenak egoera prekario batean uzten gaituela. Emaitzari erreparatu behar zaio: %2ko igoera proposatzen dute, eta hiru urtetan 40 ordu murriztuko digute lanaldia. Arabako eta Gipuzkoako hitzarmenetatik urruti geratzen da oraindik.

Lan horrekin baduzue aukerarik bizitza duina egiteko?

Ez. Ezinezkoa da. Langile gehienek joan egin nahi dute. Urtean 12.000 euro irabazita zaila da bizitzea.

Hitzarmen duin batek segurtasuna emango lizueke?

Langileentzako onuragarriagoa den hitzarmen batek babes handiagoa emango liguke.