Bonsaia

Nerea Ibarzabal

Ez dakit zer zaidan mingarriagoa: euskara ikasteaz, are apur bat gerturatzeaz ere arduratu ez den batek esatea euskara mugatu egin behar dela, edo euskaraz dakien batek esatea gauza bera. Hau da, norbaitek euskarazko hitzak erabiliz esatea euskara mugatu egin beharko litzatekeela. Nire burmuina kolapsatu egiten da: batetik, euskaldunok norbait euskaraz entzuten dugunean sentitzen dugun eskertzeko behar triste eta nazkagarri hori sartzen zait, baina gero traidoretzat hartzen dut hiztun hori, sator bat iruditzen zait gure mundua barrutik suntsitzera etorri dena, baina gero positiboa dela pentsatzen dut, hizkuntza batentzat ofiziala eta erabilgarria izateko garrantzitsua delako denetariko ideologiadun hiztunak barnebiltzea. Eta hori da normalean ataskatzen naizen puntua.

Hauteskunde biharamunean beldurrez piztu nuen irratia, beti bezala. Goizeko 08:30ak beti dira goizegi lau tertuliakide eta moderatzaile bat norbere auto barrura gonbidatzeko, are gehiago bakoitza alderdi galtzaile edo irabazle baten bozkatzaile den goiz euritsu batean. Hor entzun nuen Iñaki Iriarte, Navarra Sumaren izenean. Nafarroa… galtzaileen epika hain gurea eta hain Nafarroari lotua izan arren, zein zaila da epikotasuna garai lanbro eta likido hauetan.

Ba horixe, Iñaki Iriarte. Hizkuntza politikak aldatuko dituztela esan zuen aho txikiz baina ziurtasun beldurgarriz. Nafarroan euskal hiztunen proportzioa %13koa bada, proportzio horretan hartu behar direla neurriak. Euskaraz esan zuen, euskara txukun eta garbian gainera.

Ehuneko horren datua ez dakit zein inkestatatik hartuko zuen. Beste tertulia-kideek zerbait erantzun nahi izan zioten, baina bera haserretu egin zen moztu zutelako, eta azkenean bere horretan geratu zen euskarari buruzko ataltxoa. Gustura entzungo nuke ideia hori garatzen hitz argiagoz, euskarak badauzka-eta hainbat hitz eta esaldi horretarako.

“Euskara bere horretan mantendu”, esan zuen, baina izan zitekeen ausartagoa eta esan zezakeen “murriztu”. Bizirik dagoen zerbaiti inguruan %13ko itxitura egiten bazaio, denok dakigu zer gertatuko zaion. Laster izango dela %9, eta ze ondo, itxituretako oholetan aurreztuko dugula urtez urte. Behin egiak esaten hasita, esan zezakeen Nafarroako euskaldunek traba baino ez diotela egiten bere proiektu politikoari. Eskertu eta dena egingo nioke zintzotasuna, are gehiago goizeko 08:34an, entzuleok ez baikaude falaziak jasateko oraindik kafe bakarra hartu dugunean. Gure hizkuntza bonsai bihurtu nahi duenari gutxieneko argitasun bat eskatuko nioke hitz egiterakoan, are gehiago euskaraz mintzo zaigunean, berak ikasi eta besteei ikasteko aukerak gutxitu nahi dizkien hizkuntza horretan, “ez ikasteko eskubide” ia anti-humanoa defendatzen duen bitartean.