Bilbao Refugio elkartasun lasterketa igandean izango da, Bilboko ibaiertzetik

Bilbao Refugio elkartasun lasterketa igandean izango da, Bilboko ibaiertzetik

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bost kilometro. Bilboko ibaiertzetik. Korrika. 10 euroren truke, elkartasunez. Iganderako antolatu du Bilbao Refugio lasterketa CEAR-ek. Errefuxiatuen aldeko ekinaldia da, sinbolikoa eta praktikoa. Euren herritik ihesi datozenen egoera ikusarazi, horiei babesa adierazi eta laguntza ekonomikoa ematekoa. Hirugarren aldia izango da etzikoa, eta jendetza espero dute aurten ere. Aurreko aldietan mila bat lagunek parte hartu dutela azaldu dute antolatzaileek.

Bilboko Erripako kaian abiatuko da martxa, etzi, 11:00etan. Itsas Museorainoko bidea egin, eta Erripako kaira itzuliko da atzera. Joan-etorriko ibilbidea izango da, bost kilometrokoa. Ibilbidea behin edo birritan egiteko aukera eman dute antolatzaileek; bost edo hamar kilometro egitekoa. Izena ematea beharrezkoa izango da parte hartzeko, eta sportmaniacs webgunean egin ahalko da aurrez, 10 euroren truke. Egunean bertan, 09:00etatik 10:30ak arte egongo da irteera gunean izena emateko aukera, kasu horretan 12 euro ordainduta. Elastiko teknikoa, dortsala eta hamaiketakoa jasoko ditu korrikalariak trukean. Ekarpenetatik jasotako dirua EAEko CEAR-entzat izango da, eta horrek errefuxiatuak laguntzeko erabiliko ditu irabaziak.

Mila kilometro abiapuntu

Duela bi urte jarri zen martxan egitasmoa, Oscar Pasarin ultra-iraupeneko korrikalariaren erronka baten haritik. Zortzi egunean mila kilometro korrika egiteko helburua jarri zion bere buruari. Jaioterriko egoera ankerretik ihesi datozenek jasaten duten krudelkeria ikusarazi nahi zuen.

Ihes egiteko arrazoiak asko direla gogoratu du CEAR-ek: gerratik egiten dutela ihes, miseriatik, ezkontza behartuetatik, ablaziotik, sexu esplotaziotik edota LGTBI kolektibokoak izateagatik jasaten duten jazarpenetik, besteak beste.

Ihesean etxetik korrika atera behar izaten dutela ohartarazteko bete zuen erronka Pasarinek, duela bi urte; Korrika, milaka kilometro egin behar izaten dituztela, oztopoak oztopo. Hartarako, ia etenik gabe aritu zen korrika zortzi egunez Bilboko itsasadarraren inguruan, sei kilometroko ibilbidean jirabiraka, egunean hogei orduz. Begiradak erakarri, errefuxiatuen egoera mahai gainean jarri, eta babesleak bilatuta haientzako laguntza eskuratzea zuen helburu. Eta lortu zuen. Ekinaldiaren azken egunerako, deialdi irekia egin zuen, gainera: azken bira berekin egitera gonbidatu zituen herritarrak, CEAR-en babesarekin. Berak abiatutako erronka errefuxiatuen aldeko herri lasterketa bilakatzeko deia egin zuen. Eta hala izan zen. Jendetza izan zuen alboan azken sei kilometro horietan, eta errefuxiatuen beharrak asetzeko dirua biltzeko ekinaldi arrakastatsua izan zen. Ez zen gisa horretako lehen protesta egitasmoa izan, halere: bi urte lehenago, Algecirastik Bilbora dauden 1.200 kilometroak egin zituen korrika Pasarinek.

Aurten, ihesaldi nekezaren ondorengo zailtasunak ikusarazi nahi dituzte antolatzaileek. “Errefuxiatuek toki seguru batera iristean eta bizitza berri bat hutsetik hastean gainditu behar izaten dituzten oztopoak erakutsi” nahi dituztela azaldu du Javier Galparsoro EAEko CEAR-eko presidenteak. “Europako Batasunaren birkokatze akordioen porrotaren ondorioz, uste da errefuxiatuak ez direla hona iristen, baina iristen dira”, ohartarazi du; “eta haiekin batera bizi gara”.

Hasiera zail hori irudikatzeko deia egin du, beraz: “Ez da erraza; hizkuntza berri bat ikasi, etxebizitza bat bilatu, jatorriko herrialdean jasotako prestakuntza homologatu, lana topatu eta babes sare bat sortu behar izaten dute, besteak beste. Gainera, askotan, diskriminazioa jasaten dute”. Bizimodu berri horretan aurrera egiten laguntzen aritzen da CEAR, eta bide horretan lagun izateko eskatu du.