Bermeora doa Mundaka Festival jaialdia

Bermeora doa Mundaka Festival jaialdia

Peru Azpillaga Diez

Orain arte Mundaka Festival izena zuen musika eta janari jaialdiak berrikuntza sakonak izango ditu aurten, bosgarren aldiaren antolaketarekin batera. Izan ere, Kosta Mugapeak hartutako zenbait erabakiren ondorioz, Mundaka utzi eta Bermeora lekualdatuko da egitasmoa. Horrekin batera, izena ere aldatu du, eta Bay of Biscay da orain. Horiek horrela, Emankor Sareak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen jaialdia, Mundakako elizpetik Burujabetasun zelaiko larreetara aldatuko da, Bermeoko hilerritik gertu.

Uztailaren 26tik 28ra bitartean, beraz, Bermeoko egunerokoa astinduko du Bay of Biscay jaialdiak. Egitasmoaren antolatzaile Amets Rodriguezek azaldu duenez, joan den martxoan Kosta Mugapeak baldintza berriak ezarri zituen jaialdia Mundakan antolatzeko, hala nola Santa Katalinako penintsulan pasabide bat uzteko beharra —jaialdiko espazioa murriztuko zuen horrek—, edota itsasoko bistak eragotziko zituen hesi bat ezartzeko baldintza.

“Edukiera baino gehiago hori bere horretan mantenduko baita, arazo nagusia zen esperientzia ez zela berdina izango, jendeak itsasoa ikusteko aukera galtzen bazuen. Gainera, hesiek itxiera eta klaustrofobia sentsazioa sortu zezaketen”, azaldu du Rodriguezek. Jaialdiaren perimetroari jarritako mugek eragindako lekualdaketak, ordea, alde onak ere izango dituela deritzo, eta, Mundaka uzteagatik “pena” sentitu arren, toki berriari esker zenbait hobekuntza egin ahalko dituztela erantsi du.

Hala, azpimarratu duenez, kokapen berriak “era nabarian” hobetuko ditu irisgarritasun baldintzak, aparkalekua, espazioaren banaketa eta kanpatzeko gunea.”Publikoak behin baino gehiagotan eskatu dituen hobekuntzak dira”, adierazi du Rodriguezek. Horrekin batera, Mundaka Festival jaialdia ezaugarritu duten “erosotasuna eta hurbiltasuna” mantenduko direla ziurtatu du: “Helburua ez da haztea, baizik eta esperientzia polit, eroso eta hurbila eskaintzea, eta Bermeok horretarako aukera ematen digu”.

Jaialdiaren kartelari dagokionez, hainbat izango dira parte hartuko duten taldeak: besteak beste, Rufus Wainwright, Caravan Palace, Fuel Fandango, Mon Lafete eta Anita Parker. Horretaz gain, jaialdiaren azken egunean, hots, uztailaren 28an, Bermeoko erdigunera mugituko da egitasmoa. Bertan, musika zuzenean eta janaria izango dira eskuragarri mundu guztiarentzat.

Azkenik, aipatzekoa da, era berean, uztailaren 25ean WaveRave jaia egingo dutela, jaialdiaren azpiegitura baliatuz. Bertan, Cristal Fighters taldea izango da nagusi, baina, harekin batera, Belako, Hinds, Niña Coyote eta Chico Tornado eta beste talde batzuk ere arituko dira.

Kritikak jaialdiari

Bost urte beteko ditu aurten Mundaka Festival jaialdiak, eta, sortu zenetik urtero antolatu den arren, hainbat izan dira, Mundakan bertan, jaialdiaren aurka agertu diren eragile eta norbanakoak. Horietako bat da Danona Donea herri plataforma. Behin baino gehiagotan salatu dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak 100.000 euro inguruko diru laguntza publikoa eman dio urtero jaialdiari, zeinak, gainera, haien esanetan, ez duen kostako araudia errespetatzen.

Hain zuzen ere, plataformak salatu izan du astebetez “herriko toki ederrenerako” sarbidea itxi egiten zutela. Kexu ziren, gainera, udalak “zor handia” duelako eta hala ere jaialdiaren antolatzaileek ez zutelako “ezer ordaintzen”, udalarentzat gastu gehigarri bat zirela ohartarazita.

Antzeko ideia defendatu zuen Alberto Urionak 2017an. Egitasmoaren antolakuntzaren atzean zeuden “alderdi ilunak” argitara eman zituen. Izan ere, salatu zuenez, jaialdia Emankor Sarea elkarte pribatuak antolatzen badu ere, Mundakako Udalak jartzen zituen ura, elektrizitatea, hondakinen bilketa eta segurtasuna, antolatzaileei ezer kobratu gabe.

Horrekin batera, lege aldetik ere “zuloak” zituela nabarmendu zuen. 2015ean Urdaibai patronatuaren baimenik gabe antolatu zela zioen Urionak. “2016an, berriz, patronatuak ez zion baimenik eman, eta Mundakako Udalak eta Emankor Sareak hitzarmen bat sinatu zuten udalaren instalazioak subrogatu eta horrela itxura publikoa emateko. 2017rako, zenbait arau moldatu, eta hainbat dekretu sinatu zituzten baimenak lortzeko”.