Gehiengo osotik gertu

Gehiengo osotik gertu

Aitziber Laskibar Lizarribar

Beti izan da nagusi Bilbon, eta berak gobernatu du Bilboko Udala azken berrogei urteetan. Alde handiarekin beti, eta gehiengo osoarekin ere bai inoiz. Oraingoan ere EAJ alde nabarmenarekin gailenduko dela diote inkesta guztiek, eta gora egingo duela gainera. Are, duela lau urte galdutako gehiengo osotik gertu kokatzen dute EAJ inkestek, gehiengo osotik ordezkari bakarrera.

Juan Mari Aburtok alkate jarraituko duela ziurtzat eman liteke, beraz. Bakarrik gobernatu edo beste alderdiren baten babesa bilatu; hori izan liteke aldagaia. PSE-EErekin osatu du udal gobernua azken lau urteotan. 29 zinegotzietatik 13 izan ditu EAJk, eta PSE-EEren lau ordezkariekin osatu du udal gobernua. Kanpainan zehar elkarren arteko diferentziak nabarmentzen eta elkar kritikatzen ere jardun duten arren, sintonia onean aritu dira lau urteotan EAJ eta PSE-EE.

Inkesten arabera, 14 zinegotzi lortuko ditu igandeko hauteskundeetako emaitzetatik EAJk; aurreko legealdian baino bat gehiago, eta gehiengo osoa izateko zinegotzi bakarra falta zaiola. Iñaki Azkunaren azken garaian izan zuten gehiengo osoa jeltzaleek Bizkaiko hiriburuan.

PSE-EEri dagokionez, azken asteetan kaleratu diren hiru inkestetatik bik diote orain arteko lau zinegotziei eutsiko diela sozialistek. Eta babes maila handituko dute, hiruren arabera; boto gehiago. Kontuan hartu behar da duela lau urteko hauteskundeetan behera egin zuela PSE-EEk botoetan. Oraingoan, berreskuratu, eta gehiago ere jasoko lituzke. EiTBk egindako inkestak bost zinegotzi ere ematen dizkio Alfonso Gilen zerrendari.

Bigarren indarra, halere, EH Bildu izango litzateke, inkesta guztien arabera. Aurreko hauteskundeetan botoak galdu ondoren, gora egingo luke oraingoan. Eusko Jaurlaritzaren eta Vocento taldearen inkesten arabera, zerrenda berrituarekin datorren hautagaitza abertzaleak lau ordezkariei eutsiko lieke, eta, EiTBk agindutakoaren arabera, bos zinegotzi ere lor litzake.

PPk ere lau ordezkari izan ditu azken legealdian. Eta, Espainiako Kongresurako hauteskundeetako bideari jarraituta, behera egingo duela diote azterketa guztiek. Jaurlaritzak eta Vocento taldeak eskatutako inkesten arabera, ordezkari bat galduko luke PPk, eta hirurekin geratuko litzateke; duela lau urteko hauteskundeetan, beste bi ordezkari galdu zituen. EiTBren enkarguz egindako inkestak kolpe handiagoa iragartzen dio: bi zinegotzi besterik ez dituela lortuko dio.

Elkarrekin Podemos-en eragina ere nabarituko dela diote azterketek. Loraldi hartan jaiotako mugimendutik bi talde bereizi aurkeztu ziren 2015ean, Bilbon: Udalberri eta Ganemos Goazen. Bina ordezkari lortu zituzten. Elkarrekin Podemos gisara aurkeztuko da oraingoan Udalberri, eta horrek on egingo dio: hiru eta lau ordezkari artean izango dituztela diote inkestek.

Ganemos Goazen aterako da galtzaile ikerketa horien arabera. Inkestek ez diote ordezkari bakar bat ere ematen. Erabat ezaguna den Elkarrekin Podemosekin lehiatzea zail egingo zaio Ganemos Goazeni, eta, gainera, ia izen berarekin erregistratu den beste hautagaitza bat ere izango du aurrean: Ganemos.

Gaur egun ordezkaritza duten taldeez gain, beste hamar hautagaitza aurkeztu dira Bilbon: Ciudadanos, Vox, Partido Animalista, Accion Solidaria Europea, Actuando Contigo, Por Un Mundo Mas Justo, Bilbainos-Iniciativa por Bilbao, Falange Española de las Jons, Ganemos eta Partido Humanista. Ez da espero horietako inork ordezkaritzarik eskuratzea.

EAJ.
“Asmo handiekin” segitzeko

Gure erronka da Bilbo mundu osoan ezagutzera eman duen hiri eraldaketa auzo guztietara eramatea”. Hala laburbildu du Juan Mari Aburto alkate eta alkategaiak aurrerantzean segitu nahi duen ildoa. Agintean jarraituko duen zalantzarik ez du, eta orain arteko bidean sakontzeko asmoa du.

Hala, begi bat nazioarteari begira duela aurkeztu ditu alor guztietako proposamenak. Bilbo “kulturaren nazioarteko hiriburu” izan dadin nahi duela adierazi du; iaz MTV jaialdiaren moduko ekitaldi erraldoiekin lortutako “tiraldiari” eutsi nahi diola, eta, horretarako, urteko 365 eguneko eskaintzarekin, “kultur ekitaldien nazioarteko hiriburu” izaten saiatuko dela. “Asmo handiko Kultura Plana” abiatuko duela jakinarazi du, esaterako, “Bilboren nazioarteko irudia proiektatzeko”. Hala, turismoa lehentasunen artean kokatu du: “Kalitatezko turismoa, inbertsioak eta nazioarteko ekitaldiak erakartzearen aldeko apustuari eusten diogu, Bilbon ekonomia berria eta enplegua sortzeko”.

Alkateak azaldu gainontzean ere handinahi izango dela aurrerantzean. AHTa, Zorrotzaurreko irla eta Bilbo unibertsitate hiri bihurtzea jarri ditu horren erakusgarri. Gazteen aldeko apustua ere “talentuaren eta ezagutzaren uharte berrian” ezarri du, unibertsitate hirian eta nazioarteko ekintzailetza zentroan.

Gune berri handi horietan oinarritu du garraioaren aldeko apustua ere, nagusiki: “Proiektu horien garrantzia hiriaz harantzagokoa da, estatuan zein nazioartean izango duten oihartzunagatik”. Auzoak ez dituela ahaztuta esan du, halere, eta igogailu gehiago jarriko direla iragarri du.

Esan du aurten onartutako Segurtasunaren aldeko Ituna gauzatuko duela, eta “gertuko” Udaltzaingoaren alde egin; Emakume eta Berdintasun Sail bakarra sortuta nazioartean “erreferente” bihurtuko dela; eta gizarte politiketan ere Bilbo eredu izan dadin lan egingo duela.

EH Bildu.
Eraldaketa, baina pertsonak erdian jartzekoa

Nabarmen berritu du Bilboko Udalerako zerrenda EH Bilduk: Jone Goirizelaia abokatu eta politikari beteranoa jarri du zerrendaburu, eta herri mugimenduetatik datorren Asier Gonzalez aurpegi berri eta gaztea bigarren. Eragiteko indarra areagotuko duen esperantza du koalizioak, eta, egungo ereduari buelta emanda, hiri “orekatu eta justuago” baterako biderantz egingo duela hiriburuak. “Bigarren aldaketa handia” nahi du Bilbon: pertsonak erdigunean jarriko dituen eraldaketa.

“Egungo udal gobernua ez doa norabide egokian”, adierazi du Goirizelaiak: “Berdintasunik ezak gora egin du, auzoek ez dituzte oinarrizko beharrak bermatuak, autoritarismoaren bidetik gobernatzen da, eta herritarrei udaletxeko ateak ixten zaizkie”. Aldaketa aldarrikatu du; “udaletxea gidatzeko forma berriak”.

Goirizelaiak ohartarazi duenez, “gehien dutenen eta gutxien dutenen arteko aldeak” gero eta handiagoak dira hiriburuan, eta horri buelta eman behar zaio. “Arrakala soziala agerikoa da Bilbon; jada ez du inork ukatzen”. Zenbakiak mahai gainean jarri ditu baieztapena indartzeko. Euskal hiriburuen artean datu sozioekonomikorik okerrenak dituena Bilbo dela azaldu du, eta azken urteetan okerrera egin dutela gainera. Langabezia tasa %13 dela ohartarazi du; “EAEko batezbestekoa baino lau puntu handiagoa”. 23.000 herritar daude langabezian Bilbon. 26.000 pertsona, berriz, “benetako pobrezia egoeran”. Azken bi urteetan kalean bizi diren herritarren kopurua bikoiztu egin dela ohartarazi du, eta gaur egun 250 lagunek ez dutela etxebizitzarik. Gobernukideak hala ere “autokonplazentziaz” aritu direla salatu du.

Egoera horren aurrean, oinarrizko gizarte zerbitzuak indartzeko premia azaldu du EH Bilduko alkategaiak, eta gizarte langile gehiago kontratatzekoa horretarako. Izan ere, Goirizelaiaren esanetan, “Gizarte Zerbitzuen Legeak dioena ere ez da betetzen ari”. Estigmatizazioak alboratzeko ahalegina ere eskatu du abokatuak, gizarte zerbitzuen erabilera “normalizatu” behar delakoan: “Osasun zentroak erabiltzea bezain normala izan behar da”.

Auzoetako premiei erantzuteko beharra ere aldarrikatu du, Otxarkoara joanda. Adib

PSE-EE.
Berriro udal gobernuan aritzeko prest

Bilbo urteotan izaten ari den aldaketekin harro dago PSE-EE, eta bide horretatik jarraitu nahi du. Udal gobernuaren parte izanik, bere lorpentzat aldarrikatu ditu zenbait eraldaketa Alfonso Gil alkategaiak. Alkateorde, eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzi ere izan da lau urteotan. Eta hasitako bidean sakondu nahi du.

“Pluraltasun eta aniztasun egoeran beste batzuekin ituna egiteko modua topatzen dugu sozialistek”, adierazi du Gilek, EAJrekiko ituna berritzeko nahia iradokiz. “Zenbakiak mahai gainean izanda, eta gure programa eskuan, Bilborako irtenbideak adostuko ditugu”.

Hiru helburu nagusi aipatu ditu: enplegua berreskuratzea, lurralde kohesioa eta gizarte kohesioa. Berrikuntzaren aldeko apustua egin du, batetik: “Bilbo ezagutza eta garapen teknologikoaren erreferentzia izatea nahi dugu; teknologia funtsezkoa da hiriaren ekonomia berrirako”. Zorrotzaurre jarri du adibide; adierazi du berrikuntza oinarri duen sare industrial berria egiten ari dela han, eta erantsi lanpostu berriak sortuko direla enpresa batzuekin elkarlanean arituta. Unibertsitateak, Lanbide Heziketarako eskolak, enpresak eta udala elkarlanean arituko diren fundazio bat sortzea ere proposatu du.

Mugak hausteko lanean Zorrotzako trenbidea eta AHTa lurpera daitezen eragin duela esan du, eta bide horri eutsiko diola. Adinekoei bizimodua errazteko eta auzoen arteko desberdintasunak ezabatzeko neurriak ere iragarri ditu.

PP.
Polizia gehiago eta gizarte laguntza gutxiago

Alderdia, orokorrean, oso abagune zailean dago, eta, Bizkaian, alderdi barruko liskarrak gehitu zaizkio PPri. Azken lau urteetan Bilboko Udalean PPren bozeramaile aritu da Luis Egiluz, eta zerrendatik kanpo utzi du zuzendaritzak. Egiluzek berak ez zuen espero, haserretu egin da, eta botoa PSE-EEri emateko aukera ere iradoki du. Kanpainaurrean nagusi izan den zurrunbilo hori leunduz joan da kanpainan, zerrendaburu berria leku eginez joan den heinean.

Raquel Gonzalez PPren Bizkaiko presidentea da Bilboko Udalerako aurpegi berri eta alkategaia, eta hiribururako proposamen zehatzak plazaratu ditu. Polizia, komisaria eta kamera gehiago eskatu ditu segurtasunaren izenean. Gutxienez, mila udaltzain gehiago nahi ditu Bilbon; une oro zabalik egongo diren eta “behar adina” udaltzain izango dituen polizia etxeak barruti guztietan; koordinaziorako eremua; eta egunean 24 orduz lanean arituko den bideozaintzarako zentro bat. Delituren bat egiten dutenei laguntza guztiak kentzea ere proposatu du.

Gehiago murriztu nahi ditu gizarte laguntzak: halakoren bat jaso ahal izateko, “bizitzaren erdia” Bilbon erroldatuta egotea jarri du baldintzatzat, eta, langabezia laguntza jaso ahal izateko, aktiboki lan bila eta formatzen egotea. Bakarrik datozen etorkin adingabeentzako zentroak “progresiboki kentzea” eskatu du, eta haiek “euren sorterrietara itzultzea sustatzea”.

Elkarrekin Podemos.
Bestela eragiteko nahia

Izena aldatu du, eta zerrendaburua ere bai: duela lau urte Podemosen inguruan sortu zen Udalberrik izen hori alboratu, eta Elkarrekin Podemos-era gehitu da. Helburua argia da: gaizki ulertzeak ezabatzea eta ezaguna den markaren onurak baliatzea. Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak daude batuta koalizioan, eta Ana Viñals du Bilboko alkategai.

“EAJ-PSE ereduari” aurre egin nahi dio Elkarrekin Podemos koalizioak; horren alternatiba izan. Izan ere, haren hitzetan, botoa PSE-EEri ematea “botoa eskumari ematea” da; “ez dira bereizten”. Bilboko Udalaren azken lau urteak ditu horren erakusgarri. Gainera, ohartarazi du aurrerantzean ere PSE-EEren helburua dela EAJrekin akordioa berritzea.

“Ez dugu bat egiten espektakulu hiria lehenesten duen EAJ-PSE ereduarekin”, adierazi du Viñalsek. “Eredu integratzaileagoa” nahi dutela esan du kanpainan, “erakusleiho-hiri eredutik urrun” egongo dena. Edozein kasutan, “ekitaldi eta espektakulu handien aurka” ez dagoela ere adierazi du elkarrizketetan Viñalsek; ez dagoela aurka, baina ez dela bere “lehentasuna”.

Auzoei begira jarri beharra aldarrikatu du. Haren esanetan, udalak “abandonatuak” ditu Bilboko auzoak, eta desorekatuta daude herritarren beharrak asetzeko erdiguneak eta auzoek egun dituzten baliabideak. Auzoetako kaleak “zikinak” daudela adierazi du zerrendaburuak, eta garraio “pobrea” dutela.

Zorrotzaurreri buruz, salatu du EAJ eta PSE-EE “industria ondarea espoliazioa” egiten ari direla; ez dela ondarea behar bezala gordetzen ari, eta bestelako interesen arabera jokatzen ari direla. Gainera, eraldaketak auzokideen beharrak kontuan hartu gabe egiten ari izana kritikatu du: “Oraina alboratu eta iragana ahazten ari dira”.

Emakumeak ere hartu ditu hizpide Viñalsek, eta berdintasuna aldarrikatu du. Neurri zehatzen artean, berdintasunerako ordenantza eta emakumeen etxea eskatu ditu.

Euskara “bilbotar guztien oinarrizko eskubidea” dela uste du; beraz, musu truk ikasi behar dela. “Folklorea alboratu, eta euskara errespetatzen eta sustatzen ikasteko”, esan dio EAJri. Hezkuntza publikoaren aldeko apustua ere egin du, kalitateko elikadura sistema izango duena.

Ganemos Goazen.
Presentzia kolokan

Orain arte udalean egon den taldea berea dela errepikatzen ahalegin berezia egin du Ganemos Goazen taldeak, Ganemos izeneko beste zerrenda bat aurkeztu baita hauteskundeetara. Arazoa sortu dio horrek, bere presentzia kolokan jartzeraino. Francisco Samir Lahdou alkategaiak esan du berea dela “auzoetatik auzoentzat” politika egiten duen taldea, eta udal gobernuak turistei begira soilik sustatutako “postaleko Bilboren aldean” auzoak erdigunearekin berdintzeko lan egingo duela berak: “Erdigunea eta periferia eskutik joango diren hiribildua nahi dugu, berdin izango dena Abandon edo Iralan bizitzea, leku guztietan egongo baitira zerbitzu eta baliabide berak”.

“Auzokideentzako auzoak” berreskuratzea eskatu du, eta, horretarako, denda txikiak berreskuratzea. Salatu du Bilboko auzoetan gero eta lokal gehiago daudela itxita eta utzita, eta horiek berriz zabaltzeko laguntzak proposatu ditu.

Herritarrei erabakitzeko eskubidea ematea galdegin du: AHTari, hegoaldeko saihesbideari, zezen plazari zein hirigintzari buruz herritarrek udalaren webgunearen bidez botoa eman ahal izatea, eta erabaki horiek egikaritzea.