Fantasiari ateak zabaltzeko karpa

Fantasiari ateak zabaltzeko karpa

Natalia Salazar Orbe

Karpa handi bat. Agertoki biribila, eta, haren inguruan, elkarren ondoan eta atzean, ilusioa eta magia gozatzeko irrikaz direnak hartuko dituzten eserlekuak. Argiak, alanbreak eta ezer gutxi gehiago atrezzo handirik behar ez duten emanaldi zirraragarriei harrera egiteko. Artistek atzean dituztela buru-belarri ordu luzez egindako entseguetarako konpromisoa eta egitura soila dirudien azpiegitura sendoa muntatzeko lan eskerga. “Sartu eta ikusi!”, “Ongi etorri gure zirkura!”. Ikusleek euskaraz entzungo dituzte aurkezpenak eta artisten mezuak. Gure Zirkuaren magia Bizkaira iritsi da, aurten ere. Berrizen dago euskal artisten topaleku den lehenengo euskal zirku ibiltaria.

Dozena bat lagunek osatzen dute ametsen mundua zabaltzen duen karpa magikoari bizia ematen dion taldea: malabaristek, magoek, trapezistek, pailazoek eta alanbre gaineko espezialistek aho zabalik utziko dituzte bisitariak, beste astebetez. Gaur, bihar eta etzi izango dira Berrizburu futbol zelaiaren aurreko aparkalekuan.

Eremu horretan kanpatu zuten joan den astean. Han jarri zituzten erroak, agertokiaz gain bizileku dtiuzten karabanak kokatuta. Benetako zirkua baitakar Durangaldera Iker Galartza pailazo, komediante eta aktoreak ernaldu zuen proiektuak. Erditzean bidelagun gehiago izan ditu. Eta denen artean, bik irauten duten bitartean, elkarren ondoan eskutik lotuta dirauen familia eratu dute.

Ikusmina

Iazko saioen ostean, berritasunez betetako ikuskizuna iragarri dute zirkuko arduradunek. Horietan ez dira faltako alanbre gaineko dantzak, akrobaziak, hauts magikoen astinduak eta eskujokoak airean, musika tresnen doinuek zentzumenak gozarazita. Ikuskizunen aniztasunak denetariko erreakzioak sortuko ditu ikus-entzuleengan. Barreak, harridura eta ikusmina. Tarte askotan, arnasari eutsi ere egin beharko dio publikoak, artisten agerraldien aurrean.

Zirku profesionala eta klasikoa eratu baitute denen artean. Euskal Herrian ere diziplina anitz horiek uztartu eta plazaratzeko gaitasuna duten profesionalak egon badaudela erakutsiko dute hurrengo saioetan ere.

Amets gisa hasi zena, egia bilakatzen ari da, Galartzarentzat bezala taldea osatu duten gainerako artistentzat ere. Azpiegitura guztia osatzeko egin duten inbertsioa ordaintzeko lanak izaten ari dira, ordea. Horregatik, oso garrantzitsua da eurentzat txartelak saldu direla bermatua duten lekuetara soilik eramatea zirku ikuskizuna.

Gure Zirkuaren arrakasta frogatzen dute ibilbidea hasi zuenez geroztik karpa barrua bete duten ikus-entzuleen kopuruak eta erreakzioek: 25.000 baino gehiago izan ziren iaz. Diziplina horri eta proiektuari berari dagokien prestigioa irabazi beharra sumatu dute sarri asko. Erakundeek, baimenak eskatzeko orduan, txurro eta barraka taldean sartzen dute zirkua. Hala kexatu zen aurreko biran Gure Zirkuko akrobata Irati Gonzalez. Jarrera horiek eragina dute publikoarengan ere. Ezjakintasun handia egon da. Baina elkarrekin, artisten eskutik, egiten ari dira bidea ikus-entzuleak.

Berrizen ere horretan ari dira: bide horretan sakontzen. Han bukatzen dutenean, traste guztiak jaso, eta Gasteizerako bideari ekingo dio zirkuko familiak. Hara eramango du fantasiari ateak zabalduko dizkion ikuskizuna. Ezinezkoa dirudien guztia egia bihur daitekeen mundu baterako bidaia txartela eskuratuko dute Gure Zirkura doazenek. Karparen azpian denbora geldituta, argiek mundu magikoa marraztuko diete inguruan. Horixe baita zirkua.