Etorkizuna salbatu nahi dute

Etorkizuna salbatu nahi dute

Natalia Salazar Orbe

Hamasei urteko Greta Thunberg suediarrak piztu zuen mugimendua iazko udan. Ostiralero, huts egin gabe, parlamentuaren aurrean esertzen hasi zen. Eskaera zehatza zuen: herrialdeko politikoek klima aldaketaren aurkako konpromisoa har zezaten nahi zuen. Hark abiatutako bideak oihartzuna izan zuen mundu osoan. Hainbat herrialdetako gazteek bat egin zuten eskaerarekin. Fridays For Future mugimendua sortu zen hala. Euren etorkizuna Lurra planetarenaren eskutik ikusita, aldaketa premiazkoa zela jabetu ziren hainbat eta hainbat gazte munduan barrena; besteak beste, Bizkaian. Mobilizazio ugari egin dituzte. Bilbon ostiralero elkartzen dira. Gaurko, grebara deitu dute. Eta mobilizazioak antolatu dituzte: 19:00etan Guggenheim museotik abiatu eta udaletxera joango den manifestazioan parte hartzera deitu dute. Eguerdian, Arriaga antzokiaren aurrean egongo dira, informazioa banatzen.

“Hitzetatik ekintzetara pasatzea”. Horixe lortu nahi dute Bilboko Fridays For Future taldekoek. Bozeramaileetako bat da Nerea Arrieta. Haren esanetan, “gobernuek eta erakunde politikoek klima aldaketa benetan gelditzeko neurriak” har ditzatela eskatuko dute.

Gazteak dira denak: gehienak, 15 eta 20 urte arteko batxilergoko eta unibertsitateko ikasleak. Baina ideiak argi dituzte, eta proposamen zehatzak egin dituzte klima aldaketa geldiarazteko: “Gobernuek edo erakunde politikoek isun gogorragoak ezarri beharko lizkiekete gehiegi kutsatzen duten enpresei; energia iturri berriztagarriak eta nekazaritza ekologikoa bultzatu behar dira, besteak beste. Horrez gain, ekonomia zirkularra antolatu behar da, eta gehiegizko kontsumismoa geldiarazi”.

Jakitun dira, gainera, norbere esku ere badagoela harri koskorra jartzea: “Hala nola gauza gutxiago erosita, haragi gutxiago janda, ura alferrik ez galduta edota hemengo bertako eta sasoiko elikagaiak aukeratuta”.

Lur planetaren iraupena bermatu nahi dute. Jakin badakite orain arteko joerarekin jarraituz gero klima aldaketa eta haren ondorioak are nabarmenagoak izango direla. Eta ez dute nahi horrelakorik. Hala jaso dute manifestaziora deitzeko zabaldu duten oharrean: “Itsaso garbiak gaur egun kostaldeko hiri eta herri direnak urez beteko ez dituen planeta bat dugu amets; espezieen desagertze masiboa geldiaraziko duena; ur faltarik izango ez duena; eta planetako txoko guztietan aire purua eta arnasgarria duena”. Uste dute helburu horiek lortzeko martxan jartzen den eraldaketak baliabideen bidezko banaketa bermatu behar duela.

Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Herriko Unibertsitateari mintzatuko zaizkie gaurko manifestazioan. Klimaren larrialdi egoera aldarrika dezatela eskatuko diete. Egoera hori onartuta, neurriak nahitaez hartu beharko dituztela sinetsita hartu dute erabaki hori. “Orain arte, enpresa handiek eta gobernuek ez diote egin kasu handirik berotze globalari. Geroagorako uzten egon dira. Aldiz, larrialdi egoera aldarrikatuz gero, egin beharrekoa egiten hasiko lirateke. Ez dute izango aitzakia gehiagorik”. Izan ere, egoera larria dela diote: “Orain hasi behar gara neurriak hartzen eta Lur planeta konpotzen”.

Joan den martxoaren 15ean egin zen ikusgarri mugimenduaren indarra. Nazioartean Fridays For Future mugimenduak mobilizazioetara deitu zituen mundu osoko gazteak, “etorkizun bizigarria bermatzeko berehalako neurriak, benetakoak eta eraginkorrak” aldarrikatzeko. Bizkaian ere eragina izan zuen deiak. Hainbat ikastetxek bat egin zuten aldarrikapen horiekin.

Antolatzaileek pentsatutakoa baino “erantzun handiagoa” izan zuen Bilbon. “Bostehun pertsona inguru elkartu ginen Bilboko udaletxearen aurrean! Jendeari borrokatzeko nahia nabari zitzaion. Ozen oihukatu genuen gure etorkizuna ez dagoela salgai”.

Orain arteko bide horri jarraituko diote gaur ere. Ostiralero aldarrikatzen dituzten eskaerak izango dituzte ahotan: “Politikariek neurriak har ditzatela, legeak egin ditzatela, eta isunak edo debekuak jarri, gure planeta gehiago ez zikintzeko eta, ondorioz, aldaketa klimatikoa geldiarazteko”.

Bizkaiko hezkuntza zentro guztietako ikasleei dei egin diete deialdiarekin bat egin dezaten. Bestelako kolektiboak ere gonbidatu dituzte parte hartzera. Garrantzitsu deritzote-eta era horretako mobilizazioetan parte hartzeari, politikariei “presio egiteko” modua direlako. “Jendeak uste du botoa emanda bakarrik ha dezakeela parte politikan. Eta hori ez da egia. Herriek eta herritarrek dute benetako boterea. Aukeratutako politikariek botere hori ordezkatzen dute soilik. Gure esku dago horiei gure nahiak eta beldurrak igortzea, gauzak ondo egiten hasi eta bizi garen mundua hobetu dezaten”.

Thunbergek iaz ikusgarri egin arren aurretik datorren ekologismoaren aldeko borrokarekin bat egiteko deia egin dute. “Klima aldaketa gelditzeko borrokak aurrera jarraitzea erraztu du berak”. Eurek ere dinamika horri eutsiko diote: ostiralero arazoa ikusarazten jarraituko dute.