Botere instituzionala ere lehiatu beharreko eremua dugu

Asier Zamorano eta Maialen Cuevas

Asko dago jokoan hauteskunde ziklo honetan; izan ere, 78ko erregimenaren krisi testuinguruan etorri ziren Espainiar estatuko hauteskunde orokorrak, eta datoz, orain, Europar Batasunerako hauteskundeak eta udal eta foru hauteskundeak. Asko dago jokoan: apirilaren 28ko hauteskundeek trifachitoa gelditzea izan zuten ardatz, erregimenaren krisiari nola helduko zitzaion izanik auzi nagusia. Maiatzaren 26ko hauteskundeetan, berriz, Nafarroan soilik aldaketaren jarraipenak bermatu dezake eraldaketan sakontzea, Gasteizko Udalean EH Bildu lehen indarra izan daiteke… eta Bizkaian? Bizkaian badirudi ezer gutxi dugula jokoan; zalantzarik handiena EAJren nagusitasuna noraino helduko den jakitea izanik.

Ukaezina da EAJren hegemonia Bizkaian, eta, ziur asko, igandeko hauteskunde emaitzetan islatuta geldituko da. EAJk lortu du bere agenda herrialdearen kudeaketa neutral gisa saltzea, kudeaketa ez-politiko gisa, zalantzaezina, denon onerakoa. Beraz, eredu horren aurka kokatzen den indar oro, ondorioz, denon onerako den horren kontra kokatzen da. EAJri boza da status quo-a mantentzearen aldeko boza. Alternatiba bakarra ezker subiranismoarena da.

Baina ustezko kudeaketa neutral horren atzean lurraldearen merkantilizazio politika bortitzenak ezkutatzen dira, elite ekonomikoek aberastasuna metatzeko dituzten baldintzak baino ez baititu hobetzen. Ustez neutrala den kudeaketa hori Bizkaiaren erabilpen espekulatiboan eta merkantilizazioan oinarritzen da, eta bertan bizi garenon prekarizazioan. Nola uler daiteke, bestela, kontsumo basatira bideratutako metropolia indartzen duten bitartean, Bizkaiko herriak hiltzen egotea? Nola azal dezakete, enpresei eta makroekitaldiei alfonbra gorria jartzen dieten bitartean, gazteon prekarizazioan sakontzen jarraitzen dutela? Benetan esan dezakete gazteon emantzipazioa sustatzeko neurriak hartzen dituztela? Aurpegia behar da, gero!

Esaten dute kanpaina egitea neketsua dela, eta, batzuetan, kanpaina egiteari utzi eta benetan pentsatzen dena esaten dela. Hala gertatu zitzaion Unai Rementeriari, sareetan oso zabaldua izan den Andoni arrain saltzailearen inguruan botatakoarekin. Horrek bai erakusten duela EAJren benetako eredua.

Burua hauteskunde egun zoro hauetatik altxatu eta aurrera begira jarriz, ordea, badugu nora begiratu. Badira, Bizkaia luze eta zabalean, bestelako eredu bat egunez egun praktikan jartzen ari diren hainbat herri mugimendu, elkarte eta borroka. Horiek dira egunero bizitzak erdigunean jartzen dituztenak, eta horiek dira bestelako herrialde baterako oinarri eta zutabe. Beraz, aldarrikapen horiek guztiek politikaren erdigunera ekartzea da erronka: herri mugimenduenak, burujabetza eta eraldaketa soziala bultzatzen dugun eragile sozial eta herritarronak, gazteonak, mugimendu feministarenak, pentsionistenak, langile borrokarenak… horiek guztiek artikulatu eta alternatiba politiko eta sozial batetan gorpuztu behar ditugu, erroko aldaketa baterako indarrak bideratzeko bloke herritar batean.

Arnasa luzeko begirada horrekin kokatzen dugu maiatzaren 26ko erronka: botere instituzionala ere lehiatu beharreko eremua dugu, ezinbestean. Batetik, herri, hiri eta eskualdeetan bizitza erdigunean jarriko duten tokiko garapenerako estrategiak jarri behar ditugu martxan, bertan baldintza duinetan lan egin eta bizitzeko aukerak gorpuztuz. Horretarako, tokiko eragile eta herri mugimenduekin elkarlanean jardungo duen udalgintza behar dugu: pertsona migranteen harrera sareekin, mugimendu feministarekin, sindikatuekin, prekaritatearen aurkako plataformekin… herriarekin. Bestetik, herrialde mailako estrategia bat behar du izan, Bizkaiko Foru Aldundiak dituelako ogasun, azpiegitura eta ongizate politiketarako eskumenak; eskumen horiek La Vueltari, MTVri eta abarri ateak irekitzeko erabiltzen dituzte, Bizkaiko eskualde eta pertsonon mesedetara jarri beharrean.

Finean, behetik eta ezkerretik ekiteko estrategia bati buruz ari gara, bestelako herrialde bati bidea irekiko diona. Maiatzaren 26an, bide hori indartzeko aukera dugu, eta, horretarako, gure aukera EH Bildu da. Bizkaiko bigarren indar gisa duen potentziala askatu eta udalgintzatik eraldaketan sakontzeko; Bizkaia metropolitanoan, jende gehien bizi den tokian, alternatiba sinesgarri bat eraikitzeko erronkarekin, eguneroko lanean dabiltzan eragile eta auzo zein herri elkarteekin batera.

Unai Rementeriari kexatzen ez den jendea gustatzen zaio, zalantzan jarriko ez duena. Guk ez dugu porlan eta ikuskizun-argien artean itotzen gaituen Bizkaia aukera bakartzat onartzen. Horregatik, maiatzaren 26an EH Bildu da gazteon boza; 26an hautetsontziak beteko ditugu, maiatzaren 27tik aurrera indartsuago jarraitu ahal izateko.