Andoni, nori emango diozu boza?

Igor Elordui Etxebarria

Duda barik, gaur amaituko den hauteskunde-kanpainaren unerik gogoangarrienetako bat Unai Rementeriak, gaur-gaurkoz Bizkaiko ahaldun nagusia, maiatzaren 13an bere Twitter kontuan idatzi zuen txio bat izan da. Gogora dezagun foru-diputatuaren idatzitxoa (neuk euskarara itzulita): “Andoni arrain-saltzailea da Barakaldoko merkatuan. Goizeko 04:30ean esnatzen da, postuaz arduratzen da, eta arratsaldean beste denda batean lan egiten du. Pertsiana gaueko hamarretan ixten du. Ez da kexatzen, ez du laguntzarik eskatzen; soilik ideiak eskatzen ditu. Merezi du saiatzea honek jende modu honek”.

Nola ez, ahaldun nagusiaren txioak ehunka erantzun eta komentario eragin zituen (amorruzkoak batzuk, barrez lehertzeko modukoak beste batzuk), sare sozialetan ez ezik, baita komunikabideetan ere.

Are gehiago, SER irrati-kateak, delako Andoni arrain-saltzailea topatu, eta elkarrizketa ere egin zion, zeren eta —o, sorpresa—, Andoni bizi da (oraingoz, behintzat). Eta Andonik berak elkarrizketan azaldu zuenez… Batetik, ez zuen Rementeria jauna lehendik ezagutzen; kanpainaren ingurumarian merkatura egindako bisitan ezagutu zuten elkar, eta orduantxe kontatu zion Andonik “bere bizitza” EAJren Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiari. Ez zen, beraz, aurretik prestatutako gauza bat.

Bestetik, Andonik, ordura arte beraiekin inor gutxi akordatu dela iradokitzeaz gain, kexatu kexatu zela argitu zuen irratian. Hain zuzen ere, komertzio txikia sustatzeko, merkataritza-parke handi gehiagorik ez zabaltzeko eta zergak jaisteko eskatu baitzion, besteak beste. Hortaz, bietako bat: Rementeria jaunak edo ez zion entzun edo entzungor egin zuen.

Irrati-elkarrizketari dagokionez, di-da batean amaitu zuten: ea elkar ezagutzen zuten, ea zer esan zion batak, zer erantzun besteak, eta kito.

Niri, baina, irrika handiagoa eragiten didate Andoniri galdetu ez zizkioten itaunen balizko erantzunek. Uste dut, gainera, halako pertsonaiari zuku gehiago atera zekiokeela (auskalo, agian saiatu dira, baina ezin izan dute).

Esajeratuz, eta bere/gure neurrian, Frank Capraren Meet John Doe filmaren pertsonaia nagusia —espainolez Juan Nadie, bai filma bai protagonista— ekarri dit gogora.

Hona hemen nik, gutxien-gutxienik, galdetuko nizkiokeenak: Andoni, benetan beharrezkoak dituzu bi lanok? Kontziente zara sei ordu eta erdi bakarrik dituzula atseden hartzeko? Kontziente zara ez duzula aisialdirik? Bakarrik bizi zara? Nork egiten ditu etxeko lanak? Kontziente zara zure prekariotasunaz? Kontziente zara, halere, badirela lan barik, gizarte-bazterketa egoeran… alegia, zu baino egoera txarragoan dauden pertsonak? Zure ustez, nor da horren guztiaren erruduna? Andoni, badakizu zenbat kobratzen duen Bizkaiko ahaldun nagusiak? Eta zure herriko alkateak?

Eta, amaitzeko, zera galdetuko nioke: Andoni, nori emango diozu boza?