Aitziber Laskibar Lizarribar
Ideia libertarioak zabaltzea. Horixe du helburu CNT sindikatuak urtero antolatzen duen Liburu Anarkisten Azokak. Euskal Herrian egiten den halako egitasmo handienak hamabosgarren aldia du aurten, eta, hazten ari den seinale, Bilboko Areatza pasealekua hartu du kokagune. Bertan jarri duten karpan askotariko liburuak erosteko aukera izango da asteburuan, eta mahai inguru, hitzaldi eta solasaldietan parte hartzekoa. Sindikatuarekin batera, Emakume Askeak elkarteak antolatu du aurtengo saioa, eta nabarituko da eragina: emakumeen presentzia handia izango da hausnarketa sustatzeari begira egingo diren ekitaldietan.
Ohi denez, askotariko liburu eta material salmenta izango da azokan; gehienak, ohiko dendetan aurkitzen ez direnak. Eta asko izango dira; parte hartuko duten argitaletxe, banaketa talde eta elkarte kopuruak erakusten du hori. Bertan parte hartuko duten argitaletxeen artean daude Malatesta, Fundacion Anselmo Lorenzo, Descontrol, Pepitas de Calabaza, Calumnia, Pandora eta Volapuk. Pikara Magazine ere izango da azokan, eta baita Ekintza Zuzena, Emakume Askeak, FAI Lur Askea ere; eta DDT Banaketak zein Lurra Banaketak. Louise Michel liburudendako kideek ere parte hartuko dute.
Bestelako ekitaldiei dagokienez, bi hitzaldi, bi liburu aurkezpen, nobela grafikoen hiru aurkezpen eta dokumental baten proiekzioa izango dira Areatzan. Erakusketa bat ere izango da, karpan bertan, azokak irauten duen bitartean: Kurdistani buruzko erakusketa.
Bihar zabalduko ditu ateak azokak, 10:30ean, eta eguerdian izango da lehen hitzaldia, emakumeak ardatz dituena. Mireia Redondo Pratek A bocajarro: Reflexiones Anarcofeministas liburua aurkeztuko du. Anarkosindikalista da Redondo, autodefentsa eta indarkeria matxisten inguruko mintegiak egiten ditu, eta hainbat blogetan eta hedabidetan idazten du. Hain zuzen, gaur egun bizi-bizi dauden gaien inguruko artikuluen bilduma da bihar aurkeztuko duen liburua. Pentsamenduak bai, baina bizi esperientziak ere azaltzen ditu lanean, “pertsonala politikoa dela praktikara eramaten saiatuz”. Anarkofeminismoa, klase feminismoa, autodefentsa, ekintza zuzena eta genero indarkeriaren inguruko hausnarketetan ekarpena egingo du.
Jordi Maizek, berriz, Piotr Kropotkin pentsalari anarkistaren pentsamendua plazaratuko du; heldutasun garaian garatutako pentsamenduan sakondu, eta bere bizitzaren azken garaiko ideologiaren bilakaera erakutsiko du El otoño de Kropotkin lanaren aurkezpenean. Historialaria, poeta, irakaslea eta Calumnia argitaletxeko editorea da Maiz.
‘Biñeta libertario artean’
Argia Langarika Emakume Askeen kideak eta Suso Lamelas Soto CNTko kideak azaldu dutenez, nobela grafikoari leku berezia eman nahi izan diote aurtengo azokan. Hiru eleberri grafiko aurkeztuko dituzte hartarako bihar arratsaldean, Biñeta libertario artean izenburupean.
Mikel Santos Belatz marrazkilariarena izango da lehen aurkezpena: El Tesoro de Lucio lanean bildutakoa azalduko du; Lucio Urtubiaren bizitza eta historia.
Iñaket eta Mikel Begoñak El pico de los cuervos, matar a Franco komikia aurkeztuko dute. Joaquin Delgado eta Francisco Granado anarkisten kasua kontatzen du komikiak. 1963an atxilotu zituzten bi anarkista horiek, Francoren aurkako atentatu bat egiteagatik.
Atado y bien atado. La transición golpe a golpe nobela grafikoaren egilea arituko da ondoren: Ruben Uceda. “Desmemoriaren aurka eta iruditeria antikapitalista baten eraikuntzan” jarduten du Ucedak, komikien bitartez. Bilbon aurkeztuko duen liburuan trantsizioa esan zitzaion urteen errepasoa egiten du, hainbat protagonistaren bidez: langileak, emakumeak, auzoetako bizilagunak, militante iraultzaileak, nekazariak, lapurrak, preso arruntak eta torturatuak, besteak beste.
Kurdistani buruzko hausnarketek emango diote amaiera egunari. Rojava: La revolución de las mujeres en el norte de Siria hitzaldia izango da iluntzean. Rojava eskualde autonomoa da, iraultza feministaren buru; bertako emakumeen rola aztertuko dute hitzaldian. Dokumental baten emanaldia izango da ondoren: Kurdistan: Guerra de Mujeres.
Igande eguerdian ere emakumeak izango dira protagonista lehen hitzaldian. Tari Gonzalez emakumeen salerosketari eta prostituzioari buruz arituko da. Antropologoa da Gonzalez, generoan aditua, CNTko kidea, eta Extremadurako Mujeres Libres taldearen sortzaileetakoa. Haren esanetan, gero eta eskaera handiagoa du sexu industriaren sektoreak, eta “arriskutsua” da hura legeztatzeari buruzko eztabaida.
Piztu Bilbok emango die amaiera ekitaldiei, “erakundeetatik inposatu nahi den ereduak, eredu kultural burges, indibidualista, patriarkal eta kolonialak”, hirietako auzoei nola eragiten dien ikusarazteko hitzaldiarekin.
Egitaraua
Bihar
10:30. Irekiera.
12:00. Mireia Redondo Pratek A bocajarro, reflexiones anarcofeministas liburua aurkeztuko du.
13:00. El otoño de Kropotkin liburua aurkeztuko du Jordi Maizek.
17:30. Bi liburu grafikoren aurkezpena: Mikel Santos Belatz-ek El tesoro de Lucio aurkeztuko du, eta Iñaket eta Mikel Begoñak El Pico de los Cuervos, matar a Franco.
19:00. Atado y bien atado. La transición golpe a golpe nobela grafikoa aurkeztuko du Ruben Ucedak.
20:00. Hitzaldia lehenik: Rojava: La revolución de las mujeres en el norte de Siria. Ondoren, dokumentala: Kurdistan: guerra de mujeres.
Igandea
10:30. Irekiera.
12:00. Tari Gonzalezen hitzaldia: Prostituzioa eta emakumeen salerosketa testuinguru neoliberalean.
13:00. Piztu Bilbo mugimenduaren hitzaldia, hiri neoliberalaren ereduaren inguruan.