Lekeition, ‘Haratzago’ joateko

Lekeition, ‘Haratzago’ joateko

Aitziber Laskibar Lizarribar

Igandean izango da Bizkaiko ikastolen egun handia, Ibilaldia. 40. aldia da aurtengoa, eta Lekeitio izango du kokaleku. Antolatzaile, Azkue ikastola. Ibilbide laburra prestatu du Lekeitioko ikastolak: bi kilometro eta erdikoa. Lekeitio alderik alde igaroko du “herriari begira dagoen ikastola irudikatu nahian”, eta joan-etorria leku beretik egingo du. “Ibilbide laburra eta urbanoa izango da, baina naturaz gozatzeko aukera emango du, eta ia osorik itsasoari begira egongo da”, azaldu du Jose de la Torre Ibilaldiko dinamizatzaileak.

Ohi bezala, askotariko ekitaldiak izango dira egun osoan zehar: musika, jokoak, ikuskizunak, tailerrak, kirola, ipuinak eta abar. Lau gunetan banatuko dira horiek, eta lau eremuetan egongo da jan-edanerako aukera.

Ikastola bera izango da lehen gunea: herriaren ertz bat. Han emango zaio hasiera egunari. Plaza ingurua izango da bigarren gunea, eta eremu zabala hartuko du: plazaz gain, ondoko parkea, portua eta hondartza ere hartuko ditu. Itsasargirako bidean aurrera egin, eta garai batean egurra sikatzeko erabiltzen zen Eiguren lehortegia izango da hirugarren gunea. Laugarrena, Santa Katalinako itsasargiaren ingurua.

Egitarau parte hartzailea osatzeko ahalegina egin dute antolatzaileek, eta herriko eta inguruko taldeei leku berezia eman diete, auzolana sustatu nahian. Egunean bertan parte hartzea sustatzeko, bi ekinaldi berezi ere prestatu dituzte. Batetik, Erronka izeneko proba egingo dute berriro aurten. Helburua da 14 eta 16 urte arteko gazteek parte hartze aktiboa izatea festa egunean, eta taldeka gainditu beharreko probei aurre egitea izango da erronka.

Bestetik, herria eta bertako kultura ezagutarazteko joko bat ere prestatu dute, telefonoa erabilita parte hartzekoa. Ikasjai app-a sortu dute hartarako, eta, abatar moduko jokalari bihurtuta, herriko kulturari lotutako misioak gainditu beharko ditu jokalariak.

Hain zuzen, igandekoaren helburu nagusiak dira euskal kulturaren ezagutzan eta auzolanean sakontzea eta Azkue ikastolaren proiektu berritzailearen berri ematea, Josune Bañales Ibilaldiko lehendakariaren hitzetan; ikastolak sortu zenetik —1964. urtetik— dituen helburu berak, euskararen sustapenarekin batera.

Xede horiei helduta, aurrera egiten ari da ikastola, Ainara Ikaran Azkueko lehendakariaren esanetan. Eta bidean sakondu nahi du. Hargatik aukeratu dute Haratzago lelotzat. Zehaztapen bat egin du, halere: “Haratzago ez da urrunago, sakonago baizik”.

Hezkuntzaren erronkak

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak hezkuntzan egun dauden bi erronka handi plazaratu ditu: batetik, azken azterketen arabera, ezagutza eta kalitate maila behera egiten ari da; bestetik, gero eta etorkin gehiago daude gurean. “Neurriak hartu ezean, atzera egingo dugu. Segregazio arriskua dago”. Horiek erronkak, Tellituren hitzetan. Aurre egiteko modua inklusioa sustatzea dela dio, eta hori euskararen eta euskal kulturaren bidez egin behar dela. Hori da, haren ustez, aurrera egiteko formula.