Lehentasunak ezartzeko ordua

Lehentasunak ezartzeko ordua

Natalia Salazar Orbe

Kanpaina betean, aginduak, proposamenak eta asmoak azaltzeko egunak dituzte bateko eta besteko alderdiek. Herritarrek alkateak, zinegotziak, ahaldunak eta Europako Parlamentuko ordezkariak aukeratuko dituzte datorren asteko igandean. Eguneroko eta gertueneko kezkei erantzuna emateko zeregina dutenak aukeratuko dituzte hiru hautetsontzietako batean: udaletako ordezkariak, hain zuzen. Bertatik bertara borrokatzen den bataila abian dute horiek.

Gaur egungo mapari erreparatuta, EAJ nagusitu zen duela lau urteko hauteskundeetan: 65 udalerriren gobernua izan du bere gain orduz geroztik. 42tan gehiengo osoa lortu zuen, gainera. Zinegotziei dagokienez, denera 560 eskuratu zituen. Nagusitasunari eutsiko diola iradokitzen dute apirilean egin ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzek ere.

EH Bildu da Bizkaiko bigarren indarra. 32 udal daude haren esku. Denera 392 zinegotzi ditu herrialde osoan. Apirilean, Espainiako Gorteetarako aurreko hauteskundeetan baino gehiago lortu zuen. Ikusteko dago udaletarako bozetan zer-nolako eragina duten emaitza horiek.

Bestalde, hautagaitza independenteen mende daude 13 herri. Eta PSE-EEk bi udal kudeatzen ditu: Portugalete eta Ermua.

Azken alderdi horren inguruan gertatu ziren ezusterik handienak duela lau urte. Historikoki bereak izandako udalak galdu zituen. Bereziki deigarria izan zen Barakaldoko kasua. EAJk 72 botoren aldearekin kendu zion agintea. 30 urteko hegemoniari bukaera eman zioten jeltzaleek hala. Sestaon ere beherakada nabarmena izan zuten. Portugalete bilakatu da haien azken gotorlekua eskualdean.

Meatzaldean ere antzekoa izan zen joera: Trapagaranen, EAJk alkatetza kendu zion 2011n boto gehien lortu zituen PSE-EEri. Eskualdeko herri guztietan jeltzaleen zerrendak lortu zuen boto gehien.

Egoera hori irauliko den ikusteko dago. Izan ere, Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeetan galdua zuen nagusitasuna berreskuratu zuen PSE-EEk. Lehen indarra bilakatu zen Barakaldon, Portugaleten eta Sestaon.

Elkarrekin Podemos alderdiak eta haren inguruan eratu diren plataformek eta koalizioek zer bide egiten duten ere argitzeko dago. Ahal Dugu indartsu sartu zen 2015ean. PSE-EEren beherakadaren arrazoi nagusietako bat izan zen hori. Apirileko hauteskundeetan, ordea, indarra galdu zuen, nabarmen. Hala ere, 120.599 boto eskuratu zituen. Oinarri finko bat badute Bizkaian, beraz. PPk ere beheranzko joerari eutsi dio.

Hainbat herritan lehia nagusia indar abertzaleen artean egongo da, duela lau urte gertatu zen bezala. Besteak beste, Lekeition 115 botoren aldearekin kendu zion alkatetza EAJk EH Bilduri. Alderantziz gertatu zen eskualde bereko Markina-Xemein herrian: 1979az geroztik jeltzaleen esku zegoen udala eskuratu zuen koalizio abertzaleak.

Azken egunak dituzte denek euren proposamenak helarazteko. Eskualde guztietako herri banatan ordezkaritza duten eta hurrengo bozetara aurkeztuko diren alderdiengana jo du Bizkaiko Hitza-k. Bakoitzak dagokion herrian dituen lehentasunak eta aldatuko luketenari buruz galdetuta jasotako erantzunak bildu ditu astekariak datozen orrialdeetan.

Zamudio.
Bi alderdi eta mundua ulertzeko bi ikuspegi, udalerri berean

Azpiegiturei dagozkien hainbat proposamen egin ditu Zamudioko EAJk: kultur etxerako erabilera anitzeko antzoki berria; frontoia eta aldagelak berritzea edota kultur etxeko aparkaleku estalia. Bestalde, plaza aterpeduna eraikitzen “berehala” hasteko asmoa dute. Auzokideentzat oinezko bideak egokitu nahi dituzte, herria oinezkoentzat irabazi behar dela baitiote.

Herri seguruagoa eraikitzeko beharra ikusten dute: “Lapurreten eta beste delitu batzuen aurrean segurtasuna hobetu behar da, eta horretarako baliabideak jarri behar ditugu”. Berdintasuna lortzeko “neurriak hartzen jarraitu” behar dela diote. Euskara bultzatze aldera, belarriprest jarduerak sustatuko dituzte, “ahobizi ez direnengandik euskararekiko jarrera positiboa lortzeko”.

Gizarte ekintzari buruz ere mintzatu dira. “Gizarte laguntzak beharrezkotzat dauzkate, baina “modu eraginkorrean” kudeatu behar direla deritzote. Horretarako neurri berrien beharra azpimarratu dute.

EH Bilduk udalaren kudeaketa eredua “goitik behera” aldatu behar dela deritzo, eta herritarrek erabakiak hartzeko prozesuan “hasieratik” inplikatu behar dutela. Bere lehentasunak zeintzuk diren zerrendatu du: besteak beste, alkatearen soldata eta zinegotzien dietak murriztea. Pribatizatu diren udal zerbitzuak berriz publiko bihurtu beharko liratekeela diote. Berdintasunaren alde “politika eraginkorrak” egin behar direla aldarrikatu dute.

Gazteentzako udal etxebizitza komunitarioak bultzatu behar direla diote; eta mendekotasuna duten adinekoentzat, tutelatutako etxebizitzak, amankomuneko zerbitzuekin. Lehen sektoreko ekoizleei lagundu behar zaiela deritzote, ekoizpen ekologikoa eta jasangarria bultzatuz. Eta bertako komertzioa berpizten lagundu. Herrigunea eta auzo guztiak kontuan hartuko dituen HAPOa aldarrikatu dute.

Lekeitio.
Itsasoari begira eratutako herria, eta parte hartzailea

Proposamenen multzo bat aurkeztu du Lekeitioko EAJk herriarentzat dituen lehentasunak zehazteko. Herriko “auzoak berritzen jarraitzea” dute asmo nagusietako bat. Portua indarberritzeari ere garrantzitsu deritzo. Hori berrantolatuta, itsasoarekin lotutako jarduera ekonomikoa bultzatu nahi du. Aipamen berezia egin diote, gainera, akuikultura parkeari. Herriaren nortasuna itsasoa izanik, turismoak ere ildo horretatik joan behar duela deritzote. Turismo bulego berria egiteko asmoa iragarri dute. Bestalde, merkatariak tokiko ekonomian funtsezko beste eragile bat direla azpimarratuta, haiekin elkarlan estua izaten jarraitzeko asmoa dute.

Ongizate arloari dagokionez, gizarte babeserako neurriak hobetzen jarraitu nahi dute, “orain arte bezala”. Hezkuntza azpiegiturak hobetzeko inbertsio plana iragarri dute. Besteak beste, eskolako jolastokia estali nahi dute. Itsas kirolera zuzendutako zentro bat ere iragarri dute. Garraio publikoa hobetzeko konpromisoa hartu dute. Udako aparkaleku arazoei irtenbidea eman eta 200 aparkaleku berri sortuko lituzke alderdiak.

EH Bilduk, berriz, uste du udalak herritarrekin batera erabaki behar duela zer egin Maderas de Lekeitio eremuarekin. Abaroa jauregian ere herri proiektu bat eratu nahiko lukete. Eta Emakumeen Etxea espazioa gauzatu.

Irisgarritasun arazoei heldu behar zaiela diote, besteak beste, Letraukua auzorako alternatibak aztertuz. Hezkuntza kontseilua izeneko bilgunea eratu nahi dute, hezkuntza ikuspegi askotarikoen arteko topagunea izateko. Bestalde, herritik lanean jarraitzeko asmoa dute, presoak etxeratzeko, independentzia lortzeko eta politika sozialak garatzeko. Azkenik, herritarrak “benetan protagonista” izatea nahi dute. Helburu horretara bidean, udal politikak Lekeitioren alde lanean ari direnen zerbitzuan jarriko lituzketela ere esan dute.

Gernika-Lumo.
Azpiegituren iragarpena eta adostasun eskea, aurrez aurre

Eusko Abertzaleak eta EAJ koalizioan aurkeztuko dira aurten ere Gernika-Lumon. Bizkaiko Hitza haien iritzia zuzenean jasotzen saiatu da, beste alderdiekin egin duen bezala, baina ez du lortu. Beraz, kanpainarako egindako adierazpenak jaso ditu. Informazio horren arabera, ekonomia, kultura eta kirol arloetako garapena dituzte ardatz nagusi. Besteak beste, Tiloetan erabilera anitzeko espazio bat egingo dutela iragarri dute. 18.560 metro koadro izango ditu, eta kontzertuak, azokak eta antzekoak antolatzeko lekua izango da. Pasealekuko eskola zaharretan udal liburutegi berria egiteko eskaerari helduko diotela ere esan dute.

Horrez gain, Urbietako instalazioak handitzeko asmoa dute. Padel pistak egin nahi dituzte. Eta Zeharreta eta Mestikabasoko saskibaloi kantxak estali. Santanape kiroldegia handitzeko diseinua egingo dutela esan dute.

Lehen sektorea indartu beharrari aipamen berezia egin diote. Horretarako merkatua hobetzeko proiektua iragarri dute. Eta bertako merkataritza sustatzeko kontzientziazio jarduerak iragarri dituzte.

EH Bilduk “epe luzerako herri proiektu” baten beharra aldarrikatu du. Lehentasunak adosteko eta azpiegitura handiak egiteko “adostasuna” behar dela dio. Historia nola oroitu eta nola kontatuko duten adosteari ere oso garrantzitsu deritzote. Bide horretan, udalaren eta herritarren artean “dagoen arrakala sakona ixten” lan egiteko asmoa dute. “Informazioa, berdintasuna, objektibotasuna, elkarlana eta herri proiektu partekatua izango dira gobernantzaren ardatzak”.

Egungo gobernuaren eredua “agortuta” dagoela deritzote. “Despotismo” zantzuak salatu eta “klientelismoan oinarritutako gobernantza eredua” bukatu behar dela diote. “Udaletxearen ateak guztiontzat zabalik izango dituen gobernu bat behar du Gernika-Lumok”.

Getxo.
Herritarren beharren neurriko herria denen ahotan

Getxoren hiri antolamendurako plan orokor berria nabarmendu du lehentasunen artean bertako EAJk: “Getxo berritzailea, iraunkorra, lagunkoia, osasungarria, berdea eta emakumeen eta gizonen neurrikoa: etorriko diren belaunaldiek etorkizun hobea izatea erraztuko duena”. Proposamen zehatzei dagokienez, hona horietako batzuk: Faduran kirol parke berria egitea; belaunaldien arteko zentro berritzaile bat Erromon, edota Muxikebarri arte, kultura eta kongresuetarako zentro berria. Espazio natural berri bat iragarri dute, gainera, metroko trenbideen alde bietan eta Aiboako geltokiaren inguruan. Horrez gain, mugikortasun plan berri bat planteatu dute, aparkalekuekin, bidegorri sarearekin eta TAO espres sistemarekin.

Aparkaleku arazoentzako irtenbidea proposatu du PPk ere. 1.500 leku ahalbidetuko lituzkete: egoiliarrentzat, erosketak egitera doazenentzat eta langileentzat bereizita. Auzoak konektatzeko bi autobus linea planteatu dituzte, eta segurtasuna areagotzeko udaltzain gehiago eskatu.

Guk Getxo plataformarik ez da aurkeztuko aurten. Horren ordez, Elkarrekin Podemos eta Guk izango dituzte aukeran hautesleek. Lehenengoari dagokionez, auzoak indartu nahi dituzte, garraio publikoaren bidez, plazak biziberrituz eta bertako merkataritza babestuz. Elkarbizitza sustatu nahi dute, besteak beste, adinekoen eskubide sozialak blindatuz eta emakumeen etxea sustatuz. Alokairu soziala eta herritarren parte hartzea bermatzea dira lehentasunetako beste batzuk.

Guk plataformari dagokionez, inbertsio soziala lehenetsi dute. Adinekoentzako arreta eta zaintza gehiago agindu dute: “Hiru zentro integral eta zaintzaren arkitekturaren proiektu soziala eta instituzionala sortuko ditugu”.

Getxo feminista eta euskalduna eraiki nahi du EH Bilduk. Hirigintzan, “eraikuntza masiboa” gelditu nahi du, eta alokairu soziala bultzatu. Landa eremuak eta berdeguneak babesteko lan egingo du. Herri bizia nahi dute, “lo egiteko” eredutik harago: dendariekin eta herri mugimendu indartsuekin. Udalak parte hartzaileagoa izan behar duela nabarmendu dute.

Gazteek alde egin ez dezaten, 2009an EAJri planteatu zion etxebizitza planarekin jarraitzeko asmoa azaldu du PSE-EEk. Alokairu sozialeko 104 etxebizitza berri proposatu ditu. Nagusien zahartze aktiboa bultzatuko dute, eta mendekotasunari aurre egiteko “kalitatezko baliabideak denentzat”. Aparkalekuen arazoa konpontzeko TAO sistema egokitzea eta 640 aparkaleku berri proposatu ditu.

Populazio zaharkituak kezkatzen du Herritarrak alderdia. Udal zerbitzu hobeak proposatu ditu haientzat. Seme-alabak izan nahi dituzten herritarrentzat laguntza gehiago nahi ditu. Aparkaleku gehiago proposatu dituzte, eta segurtasuna bermatzeko, baliabide gehiago udaltzainentzat.

Durango.
Herritarren bizi kalitatea hobetzeko neurriak aztergai

Eskualdeko “aitzindaritza indartu” nahi du Durangoko EAJk, eskualdeko jarduera ekonomikoa eta herriguneko merkataritza zerbitzuak sendotzeko. Horretarako sustapen ekonomikorako zentroa sortu nahi dute. Landako erakustazoka eta Merkatu plaza bultzatu nahi dituzte, bisitariak eta kalitatezko enplegua sortuko lukeen jarduera erakarriz. Espazioen sare berdea iragarri dute, herrian dauden parkeak konektatuz, eta bidegorriak eta ibilbideak lotuz. Parke berri eta zabalagoak sustatuko dituzte. Besteak beste, trenbidea zegoen eremua oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide bihurtuko dutela esan dute. Bestalde, etorkizuneko mugikortasun jasangarrian eredugarri izan nahi dute, oinezkoak eta txirrindulariak lehenetsita, garraio publikoaren osagarri gisa.

Herritarren osasuna eta tren geltoki zaharreko bost etxebizitza dorreen proiektua geratzea ditu lehentasun EH Bilduk. Airearen kutsadura murrizteko neurriak hartu behar direla deritzo, “enpresekin eta herritarrekin lan eginez”. Herriko osasun zerbitzuak hobetu behar direla uste dute. Herriaren sarreretan disuasio aparkalekuak jartzea proposatu dute, aparkaleku arazoak konpontzeko. Udala herritarrei gerturatzeko neurriak proposatu dituzte. Auzoetako errealitatea udalera iristeko neurriak iragarri dituzte. Gainera, herri galdeketak, aurrekontu parte hartzaileak eta kontseilu sektorialak sustatuko dituzte.

Herriaren Eskubideak adin eta auzo guztietako pertsonentzat Durango berdea, bizia, gardena, inklusiboa eta feminista izatearen alde egingo du lan. Aire kalitatea hobetzeko neurriak eta osasun zerbitzuak areagotzeko beharra azpimarratu dute. Udal gobernuaren kudeaketa aldatu nahi dute: “Erabakiak guztion artean hartu behar ditugu, eta, horretarako, gardentasun eta informazio zehatza eman behar dugu”. Puntu beltzak desagerraraziko dituztela esan dute, eta erabili gabe dauden eraikin publikoak herriaren esku jarri.

Industria, enplegua eta agenda soziala nabarmendu ditu PSE-EEk, lehentasunen artean. Herriak industria berriak erakarri behar dituela deritzo: teknologia aurreratuen industriak, 4.0koak eta jasangarriak. Bertako ekintzaileen aldeko apustua ere egin dute. Gazteentzako jarduerak iragarri dituzte, eta adinekoentzat, zahartze aktiborako politikak. Bestalde, esan dute genero indarkeria erauzi arte atsedenik ez dutela hartuko. Horrez gain, etxebizitza soziala bultzatzeko alokairua sustatuko dute. Udal “irekiagoa” aldarrikatu dute.

Herritarren segurtasuna bermatu nahi du PPk, oinezko udaltzain kopurua areagotuta. Enpresak eta autonomoak babestu nahi dituzte, herrian aberastasun handiagoa sor dezaten. Bestalde, umeentzako guneei dagokienez, Ezkurdi eta Tabira parkeak estaliko lituzkete, eta Landako guneari onura handiagoa atera nahi diote. Durangarren bizi kalitatea hobetzeko baldintzak ezartzeko azterketa bat proposatu dute.

Barakaldo.
Ongizatea eta segurtasuna, ardatzetako batzuk

Barakaldok “hiri eroso izaten jarraitzeko” lan egingo du EAJk. Herritarren segurtasuna eta bizi kalitatea bermatzeko konpromisoa hartu dute jeltzaleek. Auzoek konektatuta jarraitzeko eta irisgarritasun arazoak desagerrarazten jarraitzeko lan egingo dutela diote. Burtzeña eta Lutxana berria eraldatzen hasteko pausoak eman ostean, auzoek merezi duten garrantzia har dezaten lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute. Desberdintasunak bukatu eta lehen eta bigarren mailako auzorik ez egotea nahi dute.

PSE-EEk hiri segurua eta garbia nahi du, kalitatezko zerbitzuekin auzo guztietan. Udal autobusa auzo guztietara eramango dutela diote. Herritarren arretarako hiru bulego irekitzeko asmoa dute, eta komisaria berritzekoa. Gizarte zerbitzu moderno hurbilagoak nahi dituzte. Gazteen emantzipaziorako politikak indartuko dituztela esan dute, lan duin bat eta etxebizitza lortzeko laguntzak handituta. Adinekoentzat zahartze aktiboa eta osasuntsua proposatu dute.

EH Bilduk jendearen beharrei eman nahi die erantzun, “ezkerretik egindako eta pertsonak erdigunean jarriko dituzten politiken bidez”. Udalak parte hartzea bultzatu behar duela diote, “Barakaldo etorkizunean bertako hiritarrok erabakiko duguna izan behar delako. Ezin da eraikuntza enpresen edo kapital pribatuen mesedetan egon”. Zerbitzu publikoen pribatizazioa amaitu eta herritarren interesak lehenetsi behar direla uste dute. Kudeaketa eredu desberdina proposatu dute, jendearen beharrak aintzat hartuko dituena etekin ekonomikoen ordez.

Irabaziren ustez, ingurune sozioekonomikoak eskaintzen dituen lan baldintzak ez du bermatzen gizarte bazterketa arriskutik atera ahal izatea. Udala “enplegu duinaren ardatz” bihurtu nahi dute. Horretarako, etxeko laguntza, hondakinen bilketa eta halako zerbitzuak udalak hartu behar dituela diote, eta azpikontratatzen direnei gizarte klausula berriak jarri. Guztiz beharrezkotzat jo dute tokiko merkataritzaren aldeko apustua egitea ere.

Enplegua, segurtasuna, emakumea, kirola, auzoak eta familia dira PPren lehentasunak. Besteak beste, enplegu plan estrategikoa garatuko dutela esan dute. Berdintasunaren aldeko politika aktiboak agindu dituzte. Hiri seguruagoa eskatu dute.

Igorre.
Ordezkaritza duten bi alderdiek gazteak dituzte ardatzetako bat

Sei ardatzetan laburbildu ditu EH Bilduk Igorrerako dituen lehentasunak: gazteak, hezkuntza, parte hartzea, herri basoak, enplegua eta etxebizitza. Gazteekin parte-hartze prozesu bidez landutako gaztelekua eraikiko dute. Bizikidetza arazoak bukatzeko tresna iruditzen zaie.

Bestalde, hezkuntzak arduratuta, eskola handitu ondoren, bertako agenteekin batera diseinatutako patioa eraikitzeko konpromisoa hartu dute. Parte hartzea bermatzeko denen ahotsa entzungo dutela diote.

Basoen iraupenerako arriskuei aurre egiteko basoak erosi eta bertako espezieak landatuko dituztela esan dute. Enplegua sustatzeko, Beharbide, Errota eta halako proiektuak bultzatzeko asmoa dute. Industrialdea txukundu nahi dute, enpresak erakartzeko.

Etxebizitza eskubidea bermatzeko bi aukera planteatuko dituzte: alokairuetarako diru laguntzak eta etxebizitza sozialak.

Bestalde, “pertsonak” dira Igorreko EAJren lehentasun nagusia. “Pertsonen bizi kalitatea izango da gure ardatza”, adierazi dute. Igorre bizitzeko, lan egiteko eta disfrutatzeko herri bihurtu behar dela sinetsita daude. Horretarako aukera handiak daudela uste dute, gainera. Programan jaso dituzten proiektuetako batzuk aipatu dituzte: besteak beste, uda sasoian erabiltzeko estali gabeko igerilekuak agindu dituzte.

Auzoei begira jarrita, horien arteko komunikazioa ere hobetu gura dute. Horrez gain, wifi sarea auzoetara helarazteko konpromisoa hartu dute. Gazteentzako urteko programazioa zabaltzeari ere beharrezko deritzote. Azkenik, segurtasunari egin diote aipamen.

Azken lau urteetan udalaren egunerokoa zein den ikasi dutela diote, eta, kudeaketa egokia eginda, arazoak eta hutsuneak hobetzeko aukera handiak dituztela uste dute.

Balmaseda.
Herritarren enpleguak kezkatzen ditu hautagai guztiak

Lau ardatz dituzte EAJren Balmasedarako lehentasunek. Zerbitzu publikoak hobetzeko lan egingo dute, batetik. Bestetik, herria zaharberritzeko asmoa azaldu dute. Ekonomiaren garapen iraunkorra, enplegua eta trebakuntza lantzeko eta hiribilduaren izaera soziala indartzeko konpromisoa ere hartu dute. Horrez gain, Balmaseda eta Enkarterri eskualdea orokorrean ekonomikoki gero eta egoera hobean daudela uste dute, eta joera horri eusteko erronka jarri dute.

CLI hautagaitza independenteak herritarren parte hartzea sustatu nahi du. Gardentasuna eskatu du. Ekonomia garapen iraunkorra eta enplegua nahi ditu herriarentzat eta eskualdearentzat. “Ez dugu izan nahi lo-hiri bat”. Parte hartzerako araudia ezarri nahiko lukete, herritarren iritzia jaso eta udal jarduera zaintzeko. Lehen sektorea, gizarte eta osasun arloko zerbitzuak, enpresa txiki espezializatua eta turismoa barnean hartzen dituen enplegu mahaia osatzea proposatu dute. Kalitatezko garraio publikoa aldarrikatu dute, eta etxebizitza duina izateko eskubidea, besteak beste.

EH Bilduk udal parte hartzaileagoaren eta gardenagoaren aldeko apustua plazaratu du. Herritar guztiek lanerako, etxe bat izateko eta duintasunez bizi ahal izateko baliabideak izateko lan egingo dutela esan dute. Horrez gain, arnasgune bat proposatu dute Fabio zegoen eremurako, eta Horcaitas kultur etxe bihurtu nahi dute.

PSE-EEk langabeziaren aurka jardutea ezarri du eginbehar nagusi. Langabezia norbanakoaren porrota ez baizik porrot kolektiboa dela sinetsita, langabeen autoestimua berreskuratzea dute lehentasun; bereziki, iraupen luzeko langabeena. Udala gazteak lan merkatuan murgiltzeko baliabidea izan daitekeela diote. Haien ustez, alderdiek kontuan hartu behar dute erabaki eta ekintza bakoitzak eragina duela gizartean eta herritarrengan.

Basauri.
Langabezia tasa handiari aurre egiteko neurririk egokienen bila

Pertsona ardatz duten lehentasunak dituela adierazi du Basauriko EAJk. Horretarako, besteak beste, enplegua sortzeko neurriak babesteko asmoa azaldu dute. Gizarte ongizateari erreparatuta, adinekoak, emakumeak, haurrak eta beharrizana duten pertsonak izan dituzte gogoan. Auzoak modernizatu beharra ere azpimarratu dute, “bizilagunen egunerokoan eragin zuzena dutelako”.

Enplegua da PSE-EE alderdiarentzako lehentasun nagusia. Enpresa berriak Basaurin finkatzeko baldintzak sortu behar direla diote. Hutsik dauden lur eremu apurrak lanpostuak sortu nahi dituzten enpresen esku uzteko neurriak proposatu dituzte. Etxebizitzen prezioen ondorioz gazteek herria utzi behar ez izateko hiri antolamendurako plan orokorra egokituko dutela agindu dute.

Enpleguarekin kezkatuta azaldu da EH Bildu ere. Kalitatezko lan baldintzak bermatu eta enplegu berriak sortuko dituen jarduera ekonomikoa erakartzeko asmoa azaldu dute. Herria eraberritu eta irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko neurriak agindu dituzte. Politika egiteko era aldatu behar dela deritzote, parte hartzea sustatuta eta gardentasuna areagotuta.

Basauri Bai koalizioa Elkarrekin Podemos moduan aurkeztuko da aurten. Kalitatezko enplegu egonkorra sortzeko asmoa azaldu dute. Udalaren kontratuetan klausula sozial eta feministak bultzatzeko proposatu dute. Irisgarritasuna eta garraio eta mugikortasun jasangarria bultzatuko dituzte. Enpresa txikiak eta merkatariak babestu beharra azpimarratu dute.

Langabezia tasa handiak kezkatuta, kontratu berriak egiten dituztenentzako pizgarriak iragarri ditu PPk. Basauriko langabeak hartzen dituztenentzako laguntza ekonomikoak agindu dituzte. Horrez gain, zergak murriztuko lituzketela adierazi dute.