“Arrainak elikatzeko lehengai gehiagoren beharrizana dago”

“Arrainak elikatzeko lehengai gehiagoren beharrizana dago”

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Garagardoaren produkzioa eta akuikultura azken urteetan hazkunderik handienetakoa izan duten sektoreak dira. Bi alorrek harremanik ez dutela pentsa liteke, baina Azti ikerketa zentroak bi esparruak batzen dituen proiektua jarri du martxan.

Zertan datza Life Brewery proiektua?

Aztin hainbat urte daramagu azpielikagaiei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko lanean. Hau da, elikagaien produkzioan sortzen diren hondakinei edota lehengaiak elikagai bihurtzerakoan mahai gainean geratzen ez diren produktuei beste erabilera bat ematen saiatzen gara. Elikagaien industrian sortzen diren hondakinekin lanean aritu izan gara aldez aurretik; gainera, itsas ikerketaren barnean akuikulturaren munduan ere aritu gara. Hortaz, arrainen produkzioari dagokionez, urtar sektorea hazkuntza esponentzial bat izaten ari dela ikusi dugu. Hori dela eta, piszikulturako arrainak elikatzeko lehengai gehiagoren beharrizana dago.

Zeintzuk dira lehengai horiek?

Arrain irina, batez ere. Horren produkzioa nabarmen gelditu da, eta enpresek gero eta gehiago eskatzen dute. Baina merkatua ez da gai horrenbeste arrain irin eskaintzeko, eta sektoreak lehengai berri batzuen beharrizana dauka. Ikerketa batzuen ondoren, garagardoaren sektoreak garagar zapakina eta garagar legamiaren kantitate handiak sortzen dituela nabaritu genuen. Hala ere, arrain irina ezinbestekoa da, eta garagardoaren azpielikagaiekin partzialki nahastu behar dugu: arrainek beharrezkoak dituzten nutrienteak ditu, eta oraindik ez dugu ordezkorik aurkitu. Esaterako, intsektuen irinarekin probak egiten ari dira, eduki proteiko oso handia duelako, baina ebaluatzeko dago. Bi azpielikagai horien konposizioa aztertzean, akuikulturaren esparrurako eduki nutrizional aberatsa zutela ohartu, eta horiekin probak egiteari ekin genion: osagai horiek lortu arteko transformazio prozesua landu edota arrainen digerigarritasunaren eta nutrizio eraginkortasunaren probak diseinatu genituen.

Zeren arabera egin dituzue proba horiek?

Hiru espezie ardatz hartuta diseinatuta daude. Mihi arraina hartu genuen Atlantikoko eredu gisa, urraburua Mediterraneoko eredu gisa, eta amuarraina ur gezako arrainen eredu gisa. Horiekin urtar sektore guztia hartu dugu, ezin gara espezie guztiekin probak egiten aritu eta; lortutako emaitzak beste arrain espezieetara estrapolatu ahalko ditugu. Digerigarritasun probekin pentsuak arrainetan nolako eragina duen ikertu dugu; hau da, eduki nutrizional ona duela ikusi dugu, baina arrainak nutriente horiek ea benetan aprobetxatzen dituen aztertu behar genuen. Emaitza onak lortu ditugu, eta, orain, formula komertzialak definitzea geratzen zaigu: konbertsio indizeak, arrainak behar duen pentsuaren kopurua… Produktibitate lehiakorra eskaintzen duela ziurtatzea. Behin hori guztia eginda, adituen dastatze sentsoriala egitea faltako zaigu, garagarretik ateratako osagai horiek arrainari zapore bitxirik ez diotela ematen eta bezeroak onartuko duela ziurtatzeko. Printzipioz, ez litzateke arazorik egon behar, osagai berriak garbiak direlako; baina probak egitea ezinbestekoa da.

Garagarra osagai berri gisa erabiltzea erabaki baino lehen, beste osagai batzuekin probak egin zenituzten?

Bai. Hainbat osagai aztertu genituen: fruta eta barazkien hondakinak edota patatarenak, esaterako. Hainbat motatako osagaiekin probak egin ostean, garagarraren emaitzak izan ziren onenak, eta horrekin jarraitzea erabaki genuen. Gainera, pentsuak sortzeko orduan, osagai berri horien baliabide kopuru handi bat behar da, milaka tonakoa. Beraz, eduki nutrizionala eta digerigarritasun probez gain, hori ere kontuan hartu behar izan dugu, eta garagardoaren sektoreak gure beharrizanak betetzen ditu: Europa mailan sei milioi tona zapakin sortzen dira urtean, eta ia milioi bat tona legamiarenak.

Zenbat denbora daramazue probekin eta ikerketekin? Nortzuekin aritu zarete elkarlanean?

2016an laborategiko probak gauzatu genituen, eta handik urtebetera jaio zen proiektua. 2020 bukaera aldera amaitzea aurreikusten dugu. Urte honen bukaeran aipatutako proba guztiak bukatuko ditugu, eta datorren urtean lortutako emaitzak agenteei aurkezten ariko gara: garagardogileei eta pentsuen enpresei. Horrela, gure pentsuak eskala errealean inplementatuko ditugu. Garagardoari dagokionez, Espainiako Garagardogileen Elkarteagaz harremanetan gaude. Beraien bitartez, Mahou, Heineken eta Ambar garagardogileekin lanean ari gara, baita tokiko garagardogileekin ere, laginak jasotzeko. Halaber, Europako Garagardogileen Elkartearekin elkarlanean ari gara. Urtar sektoreari dagokionez, Europako pentsuen ekoizle nagusiekin harremanetan gaude: Biomar, Skretting edota Dibaq, esaterako. Gure ikerketaren emaitzak beraiei aurkeztu, eta aldaketak proposatzen dizkigute.

Proiektua ekonomia zirkularraren adibide da.

Bai, azpielikagai edo hondakin horiek berriz giza elikadura sarean sartzen ditugu ahalik eta baliorik eta etekinik handiena ateratzeko. Garagardogileentzat, konponbide itzela da garagardoaren produkzioak ingurumenean duen inpaktua gutxitzeko.