Zenbaterainoko gehiengoa

Aitziber Laskibar Lizarribar

Inork ez du zalantzan jartzen; denek jotzen dute jakintzat EAJk irabaziko dituela Bizkaiko foru hauteskundeak. Sorpresa handia litzateke hala ez izatea, eta historikoa, beti gailendu izan baitira jeltzaleak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Hortaz, aldea zenbatekoa izango den argitu behar da, eta gainerako alderdiek zenbateko indarra hartuko duten; Espainiako Kongresurako bozetan marraztutako joerak mantenduko dituzten ala ez.

Batzar Nagusietan, 51 eserleku daude jokoan, eta hamabi hautagaitza aurkeztu dira. Hala ere, horietako gehienak batzarkiderik gabe geratuko dira. Ez da espero orain arte ordezkaritzarik ez duen maizter berririk Gernikako juntetxean. Hortaz, pentsatzekoa da banaketa bost talderen artean geratuko dela: alegia, EAJ, EH Bildu, PSE, Elkarrekin Podemos eta PP ez diren alderdiek ez dutela lekurik egitea lortuko.

2015eko foru hauteskundeetan, 212.013 botorekin, 23 batzarkide lortu zituzten jeltzaleek; aurreko legealdian baino bat gehiago. Gainera, orekatua izan zen garaipena; Bizkaia instituzionalki banatzen den lau barrutietako guztietan izan zen nagusi EAJ. Zazpi ordezkari lortu zituen Bilbon, sei Busturia-Uriben, eta bosna Durango-Arratia eta Enkarterriak barrutietan.

Garai onean dagoela eta, are emaitza hobeak espero ditu orain: gehiengo osoarekin amesten du, eta gertu egon litekeela uste du: goranzko joerari eutsi, eta 24 edo 25 batzarkide ere eskuratu ditzakeela hilaren 26an. 51 batzarkidek osatzen duten instituzioan, 26 ordezkarik ematen dute gehiengo osoa.

EH Bildu izan zen bigarren indarra duela lau urteko foru hauteskundeetan. EAJk eskuratutako botoen erdiak jaso zituen orduan: 106.403. Podemosen sarrera indartsuaren eraginez eta koalizio abertzalearen beraren apalaldiaren ondorioz, 17.000 bat boto galdu zituen, eta ordezkari bat ere bai. 11 eserlekurekin geratu zen. Bilbokoa izan zen galdutako ordezkaria, eta, barruti horretatik, hiru batzarkide izatetik bi izatera igaro zen. Busturia-Uriben lau eserleku lortu zituen, Durango-Arratian hiru, eta Enkarterrietan bi. Azken barruti horretan ez beste guztietan izan zen bigarren indarra EH Bildu. Gunerik industrialenetakoa eta erdaldunenetakoa da Ezkerraldea, eta Enkarterrietako barrutian biltzen da; han hirugarren geratu zen, PSEk aurrea hartuta.

PSErentzat ez ziren hauteskunde onak izan 2015ekoak, eta galera nabarmena izan zuen. Bi eserleku eta 27.000 boto galduta, zazpi batzarkide eta 70.291 boto eskuratu zituen. Babesik handieneko gunea Enkarterrietako barrutian du, eta han hiru ordezkari lortu zituen, bi Bilbokoan, eta bana Busturia-Uribe eta Durango-Arratiakoetan. Beheranzko joera irauli, eta, Espainiako Kongresurako azken bozetan izandako emaitza onak berrituko dituen esperantza du.

Laugarren lekuan —hirugarren, bototan—, indartsu sartu zen Batzar Nagusietara Podemos. Ia 82.000 botorekin, sei ordezkari lortu zituen. Loratze garaia zuen, eta oso emaitza onak lortu zituen. Onenak, gune urbano eta erdaldunetan. Emaitza horiei eustea izango du helburu Elkarrekin Podemosek. Zail izango du, ordea. Orduan piztu zuen ilusioa galdu da, eta barne liskarrek okertu egin dute egoera. Batzar Nagusien kasuan, Asun Maneiro batzarkideak alderdia salatu ere egin du legealdiaren amaiera aldera, “lan jazarpena” egiten ari zitzaiola argudiatuta.

PP izan zen galtzaile nagusia 2015eko hauteskundeetan: aurretiko zortzi batzarkidetik lau galdu zituen, eta 80.215 botoren lekuan, 46.303 jaso zituen. Ordezkari horietako bat, gainera, talde mistora igaro zen, alderdia utzita. Azken urteetan izaten ari den ibilbidea ikusita eta Espainiako Kongresurako bozetan hartu duen kolpea kontuan hartuta, maldan beherako joera ahal duen neurrian geldiarazi edo leuntzea izango du helburu 26ko bozetan.

EAJ.
Hiru ardatz: kosta, itsasadarra eta natura

Bizkaiaren nortasuna definitzen duten hiru ardatz” jarri ditu proposamenen oinarrian EAJk, ahaldun nagusi den eta hala jarraitzeko aurkezten den Unai Rementeriaren esanetan: “Kostaldea, itsasadarra eta Bizkaia berdea, natura”. Gaztelugatxera begira jarri, eta “aukera bat” agindu du kostaldearentzat “eta Bizkaia osoarentzat”. Bermeo, Matxitxako, Doniene eta Bakioren artean ibilbide berdea egitea proposatu du Rementeriak, eta, gero eta turista gehiago biltzen dituen gune horretan, “bisitarientzat eraikin berezi bat” egitea.

Bilboko portua “herrialdearen motor ekonomiko gisa” finkatuko dutela ere adierazi du Rementeriak; Lekeition labar arterako gunea egingo dutela, eta Lemoizko antzinako zentrala “berreskuratuko” dutela. Bermeo, Gernika eta Bilbo artean, trena, Bizkaibus eta bizikleta uztartzeko proiektu pilotu bat bultzatuko dutela ere agindu du ahaldun nagusiak.

Bizkaia berdea ardatza mugikortasunari begirakoa da. Trena eta metroa herrialderako ardatz nagusi gisa hartu nahi dituztela dio Rementeriak, eta bizikletaren aldeko apustua egingo dutela. Hala, Eusko Jaurlaritzak jada aurkeztua duen azpiegitura bat aipatu du: metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera eramatea. Herrien artean bidegorriak egitea ere proposatu du. Interneta zabaltzeko apustua ere egin du ahaldun nagusiak: Bizkaiko on-line salmentarako ataria abiatuko dutela adierazi du, eta herri txikienek ere Internet sarea izan dezaten ahaleginduko direla.

Itsasadarrari dagokionez, eraldaketarako gakotzat du. “Bilbok bizi izan duen eraldaketa arrakastatsua itsasadarreko udalerri guztietara eraman nahi dugu, hau da, Durangotik hasi, eta Santurtzi eta Getxoraino”. Asmoa nola eta zertan gauzatu nahi duen ez du zehaztu, baina “iraultza” iragarri du: “Itsasadarrari begira bizi gaitezen berriro, narriatuta geratu diren guneak biziberrituz, ibilbide berriak eginez, jarduera ekonomikorako eta merkataritzarako gune berriak eginez”.

“Kulturaren epizentro berriak” osatzeko asmoa ere azaldu du, “ezagutza, aisia, kirolguneak, etxebizitza bereziekin eta mugitzeko era berriekin”. Enplegua sortuko duten enpresak nahi dituztela ere esan du ahaldun nagusigaiak, eta ekintzaileak babestuko dituztela: “Horretarako irekiko dugu ekintzailetzarako nazioarteko zentroa, BBVA dorre enblematikoan eraikiko dena”.

EH Bildu.
Guztiei bizitza duina bermatzea helburu

EH Bildu agintean dagoenean, pertsonen bizia hobetzen da”. Hala dio koalizioak, bere esku dauden udalak “gobernatzeko eta kudeatzeko eredua” bermetzat jarrita. Eta eredu horri heldu nahi dio: “Bizkaia bizitzeko toki ona da, baina uste dugu hobetu daitekeela, batez ere gure lehentasunak justizia soziala bermatzera bideratzen baditugu”. Hain zuzen, pertsonei begira jarrita zehaztu ditu bere proposamen eta lehentasunak, hautagai berri batek gidatuko duen taldeak. Bea Ilardia abokatua da koalizio abertzaleak Bizkaiko ahaldun nagusi izateko aurkeztu duen hautagaia, eta urteetan jardun duten batzarkideek zein lan horretan berriak direnek osatzen dute zerrenda. Bizkaia hobea posible dela diote, eta horren alde jardungo dutela: “Hemen bizi diren pertsona guztiei bizitza duina bermatzeko baliabideak baditugu”.

“Ekonomia sendo eta dibertsifikatua duen Bizkaia nahi dugu”, adierazi dute. Horretarako, “industria aurreratua” jarri dute oinarrian, “epe laburraren alde eta sektore bakar baten alde apusturik egiten ez duena eta herrialderik aurreratuenen ispiluan islatzen dena”. Hori dela eta, Ikerkuntza, Berrikuntza eta Garapen teknologikoetara bideratzen den inbertsioan sakondu, eta teknologikoki gehien garatuta dauden herrien adierazleetara hurbildu nahi dute.

“Lehen eta bigarren mailako eskualderik ez dagoen herrialdea lortzeko lan egingo dugu”, adierazi du Ilardia buru duen taldeak. “Gure helburua pertsonak euren eskualdeetan lan egin eta bizi ahal izatea da”. Halaber, Bizkaiaren kohesioa bultzatzeko beharra azaldu du. Horretarako, lurraldea saretzen duen kalitatezko garraio publikoari lehentasuna emango diola agindu du, “adibidez, txartel bakarra ezarriz”.

Eskualdeen garapen ekonomikoa bultzatzeko, “gehien zigortuta dauden eskualdeei” lehentasuna eman, eta berriro industrializazioa sustatzearen aldeko apustua egin du: “Ezkerraldea-Meatzaldea plan estrategikoan enfasi berezia jarriko dugu, horretarako hogei milioi euro bideratuz”. Industria aurreratua erakar dezaketen gune gisa aipatu ditu Gernikako La Vega eta Basauriko Basconia ere.

“Ezin dugu onartu gure gazteria hemendik joatea lan merkatuko prekaritatearen ondorioz ezin dutelako bizi proiekturik planteatu”, ohartarazi du. Enplegu duina eta kalitatekoa aldarrikatu du, eta 1.200 euroko gutxieneko soldata kontratazio publikoa duten enpresetan. Zailtasunak dituzten enpresei laguntzeko, 50 milioi euroko funtsa sortzeko asmoa adierazi du.

“Baliabideak hor daude”, esan du zerga sistema hizpide hartuta. “Beharrezkoa da zerga politika egokiaren bitartez modu justu eta progresiboan dirua biltzea, eta aberastasunaren bidezko banaketa bermatzea. Horrela, pertsona guztiek bizi duina bermatua duten herrialdea lortuko dugu”.

Bide horretan, zaintzaileak erdigunean jarri, eta kalitateko gizarte zerbitzuak aldarrikatu ditu, horretarako langileen lan baldintzak hobetu behar direla ohartarazita: “Ez dago zerbitzu duina bermatzerik langileek lan baldintza duinak ez badituzte”.

Eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeei begira ere jarri da, “norbanakoaren autonomia berreskuratzeko” arreta juridiko eta psikologikoaren premia azalarazita. Hori guztia lortzeko, gobernu hurbil eta gardena bultzatuko duela agindu du EH Bilduren hautagaiak, herritarren parte hartze aktiboa bultzatzen duena eta kontuak ematen dituena.

PSE.
Orain arteko bidean aurrera egiteko asmoa

EAJrekin duen akordioari esker, PSEren esku dago Bizkaiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Saila, Teresa Laespada buru duela. Urteotan gauzak ondo egin dituela uste du alderdiak, eta zerrendaburu aurkeztu du foru diputatua; ahaldun nagusi izateko hautagai. “Emakumea den eta sozialista den historiako lehen ahaldun nagusia izan nahi dut”, adierazi du hautagaiak.

Lau urteotan egindakoaz harro dago Laespada, eta bide berean segitu nahi du. “Lanean jarraitzea, aurrera egiten jarraitzea. Ez gara konformatzen”, erantzun du helburu nagusiengatik galdetzean. Politika publiko aurrerakoiak sustatu nahi dituela azaldu du eta eskubideak hedatu nahi dituela, “betiere, pertsonengan pentsatuta: emakumeak, nagusiak, adinbakoak, langabetuak, langileak…”.

“Bizkaiko lehen diputatu nagusi emakume eta sozialista izatea lortzeko”, lau oinarrietan egin du indar. Berdintasuna aipatu du lehenik: “ezin da gizarte egoki bat eraiki herritarren %50en baino gehiagoren talentua alboratuta”. Hori oinarri izanik berdintasuna foru agendan sartzea lortu duela dio diputatuak: “Gu gabe, EAJk ez luke egingo ez horrelako intentsitatearekin ez foru politika guztietarako gai transbertsal gisara”.

Ingurumenari dagokionez, bidezko trantsizio ekologiko-energetikoa aldarrikatu du. Ekonomia zirkularra ere bai, eta birziklatze politikak: gutxitu, berrerabili, birziklatu. “Beharrezkoa erre, ez erretzeko horrenbeste”.

Ekonomia sustatzea eta enplegua sortzea jarri du hirugarren lehentasuntzat. Azken urteotan Bizkaian langabezia gutxitu egin dela nabarmendu du, eta sustatu dituzten lan anezkei esker gazteak lan mundura bultzatu direla. Hala ere, Europaren mailan egon nahi dutela esan du, eta kalitatea eta eskubideak oinarrian izango dituzten enpleguak aldarrikatu ditu.

“Ongizate Estatua mantendu egin behar dugu, euren lanarekin sortu zutenentzat: gure nagusientzat”. Gizarte zerbitzu garatuak aldarrikatu ditu, garapen komunitarioa, nagusienentzako etxe giroko laguntza, eta zahartze aktiboa.

Podemos.
Kudeaketa eredua aldatzeko nahia

Jendearentzat izango den Bizkaia, berdea, soziala eta feminista” aldarrikatu du Elkarrekin Podemosek, “Bizkaia gardena, iluna den Foru Aldundia aireztatuko duena”: “Egoera iraultzeko borondate irmoa dugu, batzar nagusietako eta aldundiko ate eta leihoak zabaltzekoa”.

Barne liskarrek inguratu duten legealdiaren ondoren, erabat berria den hautagaitza aurkeztu du Podemosek Bizkaiko Batzar Nagusietarako. 2015eko hauteskundeetan aukeratu ziren batzarkide bakar bat ere ez da ageri zerrendan berriro, baina zerrendaburua izan da batzarkide azken urtean: Eneritz Madariaga batzarkidea da ahaldun nagusi izateko aukeratu duten hautagaia.

Instituzioak herritarren zerbitzura jartzea aldarrikatu du, garapen iraunkorraren aldeko apustua egin du, eta borroka feministarekin konprometituta egongo den gizartearen aldekoa. Bizkaia justu, sozial eta duina defendatu du.

Horretarako, zerga sistema iraultzea proposatu du, “justuago eta eraginkorrago” bihurtzea. Bizitza duina ziurtatzeko diru sarrerak behar direla eta, zerga berriak ezartzeko asmoa plazaratu du: ingurumenari, jokoari eta merkataritza gune handiei dagozkien zergak gehitzea. Iruzurrari aurre egiteko neurriak ere eskatu ditu.

Produkzio eredua irauli beharra aldarrikatu du, bestalde. Horretarako, eskualde bakoitzaren beharrak aintzat hartuta landuko den eta eredu iraunkorra oinarri izango duen plan transbertsal eta integrala egitea proposatu du.

“Enplegu duin eta publikoaren alde borroka egingo dugu, eta prekaritatearen kontra”, mahai gaineratu du beste lehentasunetako bat. Horretarako, lanaldia progresiboki gutxitzeko asmoa azaldu du, 34 ordura murriztetik hasita.

Mugikortasunerako eskubidea bermatu eta txartel bakarraren moduko neurriak hartzeko eskatu du, bestalde, bai eta “begirada feminista” txertatzeko ere. Gizarte zerbitzuen bidez pertsonen integrazioa sustatzea eta pobreziaren aurka borrokatzea aipatu ditu beste lehentasun gisa.

PP.
Bizkaitarrak “konformismotik” atera daitezen

Alderdiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako duen idazkari nagusia aurkeztu du PPk Bizkaian ahaldun nagusi izateko hautagai: Amaya Fernandez. Zerrenda berria osatu du azken urteetako gainbehera gelditu eta joera irauli nahian, eta, barne karguez gain, pertsona independente asko dituela nabarmendu du. Fernandezek argi du helburu nagusia: “Politika baliagarria berreskuratzea eta Bizkaia konformismotik ateratzea”.

“Heldu da abagunea nahikoa dela esateko eztabaida identitarioetan eta estereotipoen politiketan lokaztu nahi gaituzten alderdiei”, adierazi du PPko buruak. Iruditzen zaio zera dela eztabaida horien helburua: bizkaitarrei eragiten dien gai publikoen kudeaketari buruzko eskaerak saihestea.

Hortaz, EAJren kudeaketa salatu, eta Bizkaia alderdi jeltzaleak bultzatutako “konformismotik” berreskuratzeko beharra plazaratu du. Baita itxurakeriak alboratu eta benetako beharrei heltzeko premia ere: “Ekitaldi handiak sustatzean oinarritzen den kudeaketa alboratu, eta enpleguari, mugikortasunari, industriari, kriminalitateari edo ingurumenari buruz hitz egiten hastearen alde egiten dugu”.

Enpleguari dagokionez, Ezkerraldean eta zerga sisteman jarri du fokua. “Bizkaiaren arazoa ekonomia da; EAJren kudeaketaren ondorioz, industriaren pisu guztia galdu du, eta instituzioek ez dute jarri denbora, ahalegin eta gogorik hori berritzeko”. Horrek, ahultasuna eta prekarizazioa eragin dituela adierazi du. “Kalitatezko enpleguan oinarrituta eta egungo Bizkaiko lan prekaritatetik urrunduta egongo den eredu produktibo berria” sortzearen aldeko apustua egin du Fernandezek; “modernitatea tradizioaren oinarrien gainean eraikitzen dela kontuan hartuko duen produkzio ereduaren alde”.

Eta Ezkerraldeari heldu dio. Langileak, industria eta meatzaritza oinarri izan dituen gunea urte askoan “Bizkaiko ekonomiaren motor nagusia” izan dela gogoratu du, baina “EAJ eta PSEren Eusko Jaurlaritzaren utzikeriagatik” odolusten ari dela. Inguru horri krisitik ateratzen laguntzeko, Ezkerraldea, Enkarterriak eta Meatzaldea babes fiskalerako gune berezi izendatzeko proposatu du.

Ogasunari dagokionez, “familiei, autonomoei, profesionalei eta erretiratuei” zergak gutxituko dizkien zerga erreforma nahi du Fernandezek: “Krisia zela-eta bizkaitarrei eskatu zitzaien ahalegina itzultzeko garaia da”.

Migratzaileen gaia ere hartu du lehentasuntzat PPk; bakarrik datozen etorkin adingabeak hartu ditu hizpide. Bizkaiak urtean ia mila etorkin adingabe hartzen dituela ohartarazi du; “Kantabriak baino %938 gehiago eta Errioxak baino %13.400 gehiago”. Iruditzen zaio bizkaitarrak kezkatuta daudela kopuru horiekin; gehiegi hartzen direlako ez direla behar bezala zaintzen, eta, horren ondorioz, adingabe horietako asko arau hausle bihurtzen direla.