“Zazpikaleak hazten ari dira, berpizten”

“Zazpikaleak hazten ari dira, berpizten”

Peru Azpillaga Diez

Bilboko Zazpikaleetako merkatari elkarteak mende erdiko ibilbidea osatu du aurten. 50 urtetan zehar egindako lana aldarrikatzearekin batera, elkartea biziberritzeko hautua egin dute. Hala, izena aldatu, eta elkarteko presidente berria izendatu dute: Eider Txarroalde.

Optika Jesusen jabea da Txarroalde, eta, azaldu duenez, “gogotsu” dago erronka berriari aurre egiteko. Elkarteko bigarren emakumezko presidentea izango da —lehenengoa 1986 eta 1987 bitartean izan zen—, eta, harekin batera, inoiz baino emakume gehiago izango dira ardura postuetan.

Zazpikaleetako Merkatari, Ostalaritza eta Enpresen Elkartea izena duzue orain. Zerk eragin du aldaketa hori?

25 merkatarik sortu zuten elkartea, orain dela 50 urte, merkatari elkartearen ibilbidea legez 1979an hasi bazen ere: frankismo garaiko debekuak medio, auzo elkarte gisa egin zituen elkarteak lehenengo urratsak. Geroztik, asko aldatu da Zazpikaleetako egoera; merkataritzatik harago doazen ekintza ekonomikoak garatu dira, eta argi genuen haiei ere lekua egin behar geniela. Batik bat zerbitzu enpresek eta ostalaritzak gorakada handia izan dute, eta horregatik erabaki genuen izena aldatzea, denei leku egiteko.

Zer zeregin du elkarteak auzoaren garapenean?

Saltoki guztiak batera mantentzen laguntzen du elkarteak. Batera egonik, indar handiagoa dugu, eta horrek aukera gehiago ematen dizkigu instituzioekin negoziatzeko orduan beharrezko zerbitzuak eduki ahal izateko. Elkarteak garrantzi handia du gaur egun Bilboko alde zaharrean, eta hori ezinbestekoa da ekintza ekonomikoa bultzatzeko.

Zuzendaritza batzordean inoiz baino emakume gehiago izango dira ardura postuetan.

Urte askotan egon da elkartea gizonen ardurapean. Nik eta beste bi emakumek lau urte daramatzagu jada bertan parte hartzen, eta, egia esan, errealitatera egokitzeko era bat iruditu zaigu: emakumeak dira gehien erosten dutenak, eta baita komertzio gehienak kudeatzen dituztenak ere. Hortaz, nahiko prozesu naturala izan da. Enpresarien munduan bigarren mailan egon izan gara beti, eta heldu zaigu gizonen parean jartzeko ordua. Hirurok dugu esperientzia elkartean, eta nolabaiteko freskotasuna ere ekar dezakegulakoan nago.

Halako kargu bat izateak ardura handia eskatzen du, ezta?

Egia esan, ilusio handia dut, baina halako kargu bat izateak errespetua ere ematen du. Alde zaharraren aurpegia izango naiz, eta horrek ardura handia eskatzen du. Gauzak oso ondo egitea gustatzen zait, eta prest nago dudan guztia emateko. Hortaz, beldur pixka bat ematen dit, baina tira, beti ibili naiz saltsa guztietan sartuta, eta, oraingoan, alde zaharra txukundu eta antolatzeko garaia iritsi dela uste dut. Elkarteko kide guztiak oso gogotsu gaude, Zazpikaleei falta zaien kolorea eta poztasuna itzultzeko irrikan.

Zein esango zenuke dela, gaur egun, alde zaharreko komertzioen egoera?

Zazpikaleetako bizitza berpizten ari da. Azken finean, egia da Bilboko alde zaharrak beti izan duela garrantzi handia, baina krisiak ere izan zuen bere eragina, eta, geroztik, nolabaiteko txakalaldia izan du. Orain, hazten ari da berriz ere. Garai bakoitzak bere ezaugarriak izan ditu, baina, oro har, esango nuke elkarteak beti egin duela lan txukuna. Orain, gure txanda da, eta distiratzeko prest gaude.

Beraz, zer erronka nagusi ditu elkarteak aurrera begira?

Lehenik eta behin, elkartea kalera hurbildu nahi dugu. Orain, lehenengo solairuan gaude, eta kalean bertan egon nahiko genuke, dendarien eta kontsumitzaileen alboan, argi izan dezaten haiei laguntzeko prest gaudela.

Eta komertzioen jardunari lotuta?

Bada, garatu nahi den neurrietako bat paketeriarekin lotuta dago. Erosketak bizikletaz etxera eramateko sistema bat garatu nahi dugu ikuspuntu jasangarri eta ekologiko batetik. Hala, gauzak errazago jarri nahi dizkiogu kontsumitzaileari erosketak egiteko orduan. Horrekin batera, leialtasun txartel batzuk ere jarri nahi ditugu martxan, hainbat promozio eta eskaintza egiteko bezeroei.

Mende erdia denbora asko da. Zuen jarduna aldarrikatzeko egitasmorik egin duzue?

Maiatzaren 3an, Kaixo izeneko jaia antolatu genuen, aurrez aurreko erosketak aldarrikatzeko etxeko klik-aren aurrean. Gainera, liburu bat ere argitaratuko dugu, gure 50 urteko historia islatzeko. Liburuan, garai desberdinetako anekdotak eta pasadizoak biltzeaz gain, gure elkartearen ibilbidea kontatu nahi dugu, eta, hala, gure ekarpentxoa egin auzo honetako memoriari. Azkenik, urte amaieran beste jai bat antolatzeko asmoa dugu, batik bat komertzioei bideratuta egongo dena, denon artean mende erdiko jarduna ospatzeko.