Eszena Kalera jaialdiak 61 emanaldi eramango ditu Bilboko auzoetara

Natalia Salazar Orbe

Zirkuaz, dantzaz eta antzerkiaz gozatzeko agertoki bihurtuko dira Arangoiti, PeƱascal, San Adrian, Solokoetxe eta San Ignazio auzoak, besteak beste, datozen hilabeteetan. Ohikoa da Bilbo erdigunea osatzen duten inguruetan denetariko ikuskizunekin topo egitea. Auzoetan, berriz, aukera gutxiago izaten da. Eszena Kalera jaialdiak horri irtenbidea emateko zeregina du: kaleko ikuskizunak barruti guztietara helaraztea. Euskal herriko 24 konpainiak 61 lan taularatuko dituzte, besteak beste, Olabeaga, Betolaza, Bolueta, Irala, Ibarrekolanda eta Atxuriko kaleetako agertokietan. Euskaraz, gazteleraz zein hitzik gabeak izango dira emanaldi horiek.

Jaialdiak kultura lau haizeetara zabalduko du irailera bitarte, abuztuko etenarekin. Panpotx kultur elkarteak Baserrian jai ikuskizuna eramango du, bihar, Arangoitira. Adin guztietako ikus-entzuleentzako musika ikuskizun animatu bat aurkeztuko dute lau musikarik eta bi aktorek. Baserriko mundura eramango dituzte denak. Errespetua, laguntasuna, ekologia, elkarlana eta halako balioak berpizteko asmoa du emanaldiak.

Lanetako askok ikus-entzulearekin interakzioa edukitzea lortu nahiko dute. Zanguango teatroren Al otro lado da adibide bat. Ikus-entzuleek uste izaten dute oihalaren atzean dauden aktoreek ondo dakitela zer gertatuko den antzezlanean, nahiz eta jakingo ez balute bezala jarduten duten. Baina zer gertatuko litzateke antzezten ari direla jakin gabe antzeztuko balute? Hori aztertuko dute errealitatea ikertuko duten bi lagunek. Oihal magiko bat hartuta, kalean aurkitzen dituzten eguneroko eszenen alde magikoak erakutsiko dituzte.

Programatu dituzten 61 emanaldien artean poetikaz betetako lanak daudela azpimarratu du Bilboko Udalak, antolatzaileak. Ikuskizunek “kalitatea, originaltasuna eta bat-batekotasuna” dituzte ezaugarri. Berrikuntza gisa, kanporako egokitutako dantza garaikide pieza batzuk aurkeztuko dituzte Eva Guerrerok eta Input Danza eta Krego-Martin Danza taldeek. Lehenak Guztiaren amaiera taularatuko du; lanak gizakien arteko harremanak ditu ardatz: batek hartzen dituen erabakiek albokoarengan zer-nolako eragina duten erakutsiko du Eva Guerrerok. Input Danzak, berriz, Un.Y.Dos emango du. Krego-Martin Danzaren Moliendo Cafe-k, azkenik, umorez betetako dantza saio bat egingo du kalean.

Zirku garaikidea ere egongo da, Sarini Zirko eta Garazi & Cia taldeen eskutik. Zirkuak ohiko dituen trebeziak erakutsiko ditu Sarini Zirkok, besteak beste quick change-a, aireko begia, bertikalak, hula-hoop-a edota laban jaurtiketak baliatuta. Txoritxo bat lagun duen protagonistak hainbat emozio biziko ditu, eta umorearekin jolastuko da.

Garazi & Ciak antzerkia, zirkua eta dantza musikarekin uztartuko ditu. Euskal Herriko emakume baten ikuspegi pertsonalaren bidez, tradizioarekin, kulturarekin eta ingurunearekin duen harremana aztertuko du. Lurraren sustraietatik jorratutako identitatearen etengabeko eraldaketa islatuko du artistak Erraia lanean.

Antzezlanak

Kaleko antzerki konpainiak ere izango dira Bilboko auzoetan: MarkeliƱek Chef Nature taularatuko du, Zorrotzako frontoian. Puri-purian dagoen gai bat aukeratu dute: nolako harremana du egungo gizarteak teknologiarekin? Pantaila txikiekiko mendekotasunaren aurrean naturarekiko idilioa aldarrikatuko dute bi sukaldarik, jatetxeko bezeroen aurrean.

Trapu Zaharra konpainiak kezka horiek berak jorratuko ditu, guztiz bestelako ikuspuntu batetik, Turistreatzen antzezlanean. Azkenaldian turismoa ugaritzeak sortu dituen arazo ekologikoei aurre egiteko asmoz, San Fernando izeneko bidaia agentziaren proposamena aurkeztuko dute. Bidaia birtuala asmatu dute: “Goza ezazu zure oporrez etxeko eserlekutik mugitu gabe”. Horixe haien leloa.

Eskaintza biribiltzeko, Euskal Herriko eszenan lekua egin duten hainbat magoren erakustaldiak programatu dituzte. Programazio horri guztiari esker, urteko gainerako hiletan alor horretako eskaintza urria izaten duten auzoek kaleko ikuskizunez gozatu ahal izango dute. Hori da antolatzaileek behin eta berriz azpimarratu duten helburua: zenbait proposamen eszeniko auzoetara hurbiltzea, kaleak animatzea, eta auzokideen partaidetza eta era horretako ikuskizunekiko harremana bultzatzea. Baita bertako sortzaileak ezagutaraztea ere.