“Bolintxu salbatzeko eguna” antolatu dute, biharko, Bilbon

“Bolintxu salbatzeko eguna” antolatu dute, biharko, Bilbon

Peru Azpillaga Diez

Abiatu dira makinak Bolintxuko haranetik gora. Sastraka kendu, lurra lautu, zulatu, hartxinga bota, harria zartarazi… Martxan da Bilboko hegoaldeko saihesbidearen bigarren fasea. Uste baino gehiago luzatu bada ere, Supersur esaten dioten azpiegitura luzatzeari ekin dio Bizkaiko Foru Aldundiak. Hain zuzen ere, Peñascaleko bidesaria Arrigorriagarekin lotuko duen 4,2 kilometroko errepide zatia egiteko, Arnotegi eta Seberetxe mendietan barrena.

Tarte laburra bezain korapilatsua da bigarren faseak hartzen duena. 4,2 kilometro luze baino ez bada ere, inguruko ezaugarriek asko zailtzen dute azpiegitura hori egitea. Batik bat, errepidea tunelen bidez joango delako ia osorik, Arnotegi eta Seberetxe mendietan barrena: 1,76 milioi metro kubiko lur atera beharko dituzte menditik. Horregatik, proiektuak 200 milioi euroko aurrekontua du; hau da, 47,61 milioi euro kilometroko. Gainera, aurreikusitakoaren arabera, errepidea ez da 2022. urtera arte estreinatuko.

Obrak jada martxan badira ere, Supersur Handitzearen Kontrako plataformak, etsi beharrean, lanean jarraitzeko erabaki irmoa hartu du. Lanak hasi baino lehen salatu zuten fase berriak Bolintxuko haranari kalte larria egingo diola, eta Bilbok duen azken gune naturala arriskuan jarriko duela.

Plataformaren esanetan, obrak ez ziren abiatu behar Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena iraungita zegoelako: “Aldundiak adierazpena luzatzea erabaki zuenerako, jada iraungita zegoen, eta, beraz, ez dauka baliorik”. Azaldu dutenez, 2012an egin zen adierazpena eta 2017an iraungi zen. Gainera, geroztik inguruko baldintzak aldatu egin direla azpimarratu dute. Aldundiak, ordea, ez du haien eskaera aintzat hartu.

Fase berriaren aurkezpena egin zen egunetik saiatu dira aldundiarekin hitz egiten plataformako kideak, Bolintxuri egingo zaion kaltearen eta proiektuaren beharraren inguruan eztabaidatzeko; “are gehiago, kontuan izanik lehenengo faseak utzitako emaitza txarrak”.

Nabarmendu dutenez, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia “gezurretan” ibili da, makinek Bolintxu ez dutela ukituko adierazi baitu. Plataformaren arabera, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenean bertan 28 ingurumen eragin negatibo zehazten dira, eta horiek gutxitzeko neurriak proposatzen dira. “Horietako bat, jada, ez dute bete, lanak udazkenean abiatzea baitzen inguruko fauna babesteko aproposena”.

Horregatik, diputazioaren elkarrizketarako borondate faltaz kexatu dira, lanek inguruan izandako eragina jada begi bistakoa dela salatzearekin batera. Horren inguruan, lanek Bolintxuko haranean izango duten kaltearen berri ematen jarraituko dutela adierazi du plataformak. Hala, sinadurak biltzen hasi dira, eta finantzaketa kanpaina bat ere jarri dute martxan, lanak gelditzeko prozesu judiziala ordaintzeko. Horrekin batera, Egun Bat Bolintxu Salbatzeko jardunaldiak ere antolatu dituzte biharko. Bilboko Buia auzoan egingo dituzte, egun osoko egitarauarekin.

Aurreikuspenak bete gabe

Saihesbidearen proiektua polemikaz inguratuta egon da hasieratik. Lehenengo faseak hautsak harrotu bazituen ere, diputazioak oraindik estrategikotzat jotzen du hiru fase dituen errepidea; Zornotzaraino luzatzeko asmoa du.

Peñascal eta Santurtzi lotzen dituen lehen fasea 2011n estreinatu zen, espero baino beranduago eta aurreikusitako aurrekontuaren bikoitza gastatu ondoren: 821 milioi euro. Gainera, errepideak ez du eman, inondik inora ere, espero zen emaitzarik. Uste baino askoz ibilgailu gutxiagok erabiltzen dute, eta, gauzak horrela, oraindik ere, errepidearen irabaziek mantentze kostuetatik behera jarraitzen dute.