Bertsoaren uztarik onena

Bertsoaren uztarik onena

Natalia Salazar Orbe

Urtaroek eta jai egunek bezala, hainbat ekitaldik leku berezia dute bertsozaleen barneko egutegietan, paperean gorriz markatuta ez egon arren. Udaberriko Bertso Saioak dira jarduera horietako batzuk, Bilboko Santutxu auzoan. Arrakasta handia lortu dute, inguruko bertsozaleentzat huts egin ezineko bilakatzeraino. Saiook puntako bertsolariak ikusteko aukera emango dute. Bihar izango da aukera horietako bat.

Karmelo plazan elkartuko dira Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Xabat Galletebeitia eta Arkaitz Estiballes. Lujanbiok birritan irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta haren ondoan ariko dira Bizkaiko azken txapelketako finalistetako bi izan direnak eta txapelketa hori birritan eskuratu duen Estiballes.

Santutxuko Bertso Eskolak eta Bilboko Udalak elkarlanean antolatzen duten bertsolaritzaren jaialdiak 35. urteurrena bete du jada. Ohiko ikusminez beteko da Karmelo plaza datozen asteetan ere.

Joan den asteburuan eman zieten hasiera saioei, eta hirugarren emanaldia hurrengo astean egingo dute. Gainerakoetan bezala, horretan ere lehiaketetan ohikoak diren ahotsak elkartuko dira oholtza gainean. Bertan izango da Euskal Herriko txapelketa nagusia hiru aldiz irabazi duen Andoni Egaña. Haren ondoan ariko da Amets Arzallus, 2013ko Euskal Herriko txapelduna. Taldea biribiltzeko, Oihana Bartra Bizkaiko txapelketan finalista izandakoa eta Aitor Mendiluze ariko dira.

Bertso saioek beste formatu bat hartuko dute maiatzaren 24an, egitarauari bukaera emateko antolatu duten jardueran. Bertso poteoak itxiko ditu aurtengo saioak. Hantxe ariko dira Alaia Martin, Ibon Ajuria eta Fredi Paia. Santutxu izango du agertoki hirukoteak ere. Auzoko hainbat gunetara eramango dituzte euren mezuak eta kantuak.

Jaialdiaren helburuetako bat da Bilbon euskal kultura eta euskara sustatzea eta zabaltzea. Euskaltzaleen arteko topaleku bilakatu dira jada Udaberriko Bertso Saioak, eta Santutxuko Bertso Eskola beteranoak egin duen lanak emandako uztaren erakusgarri ere badira. Ekitaldiok lan horren garrantzia azaleratzen dute. Aldi berean, lan horri babesa adierazteko eta bultzada bat emateko topaketa garrantzitsua dira.

Antolatzaileek genero ikuspegiari ere garrantzia eman diote. Emakumeek egitarauan duten lekua nabarmendu dute: bertsolaritzan, emakumeak %20 inguru dira, eta Udaberriko Bertso Saioen egitarauan parte hartzen dutenen %40 dira aurten.