Auzoari begirako ekipamendu publikoa eskatu dute Atxurirako

Auzoari begirako ekipamendu publikoa eskatu dute Atxurirako

Natalia Salazar Orbe

Errailen gainean iritsitako bidaiari askok Bilborekin izan duten lehen kontaktua izan da luzaroan Atxuriko tren geltokia. Eraikin historikoa 1912an altxatu zuten. Trenen joan-etorriaren iraungitze data iristear da, ordea, eta udalak eta auzotarrek hasi dituzte jada geltokiari emango dioten erabilerari buruzko hausnarketak. Salgaiak banatzeko biltegi bihurtzea aztertzen aritu zen udala. Auzoa hobetzeko eratu duten Lokomotorak parte-hartze taldea, berriz, sinetsita dago eremua zerbitzu publikora bideratu behar dela. Elkarteak iaz gauzatutako parte-hartze prozesuaren ondorioak aurkeztu berri ditu. “Auzoak benetan behar duen erabilera anitzeko ekipamendu publiko bat” sortzeko eskatu dute.

Instalazio publiko hori zer- nola egikaritu behar den zehazteko, parte-hartze prozesuan ateratako ondorio nagusien berri eman zuten asteburuan. Ezinbesteko deritzote ondoan duen Atxuriko eskolaren espazio beharrak asetzeari, ez du-eta jolastoki estalirik. Gimnasioa, liburutegia edota bestelako azpiegitura batzuk egiteko ere baliatu nahi dute espazio berria. Hori horrela, esan dute ikastetxeko ordezkaritza organo nagusiak “lehentasunezko bitartekari” izan behar duela eraikinaren eraldaketan.

Eraikinean egin ditzaketen eskolarako espazioak gainerako auzotarrek ere erabil ditzakete eskola orduetatik kanpo; hala proposatu dute. “Era horretan, hezkuntza komunitatearen eta auzotarren arteko espazio mistoak” sortuko lituzkete. Bide beretik, umeentzako espazio estali eta egokituak aldarrikatu dituzte: mediateka eta tailerrak, adibidez.

Bestalde, proposatu dute hiriko kultur eskaintzen osagarria izango den eremu bat egitea, “kultur eragileekin harremanak eta elkarrizketak bideratuz”. Proiektuak gainditu ezin ditzakeen marra gorriak ere ezarri dituzte: “Kontsumoarekin lotuta ez dauden harremanak, auzoetako bizitza kulturala eta eraikinaren oroimen historikoa errespetatu behar ditu”.

Auzoa ibaira zabaltzeko eta gune berdeak sortzeko neurriak ere planteatu dituzte. Horretarako, nasak kentzeko eskatu dute, nahi duten helburua lortzeko oztopo direlakoan.

Prozesu hori guztia gauzatzeko, tren geltokitik haragoko esku hartzeei ere garrantzitsu iritzi diete. Hain zuzen, trafikoa eta garraio publikoa berrantolatzeko beharra sumatu dute, “pertsonen segurtasuna hobetzeko eta kutsadura gutxitzeko”. Izan ere, egungo egoera “kaotikoa” dela esan dute. Bereziki premiazkotzat jo dute tranbiaren ibilbidea aldatzea, “egun eskola eta geltokia banatzen baititu”.

Argi dute egungo geltokiak erabilera publiko eta soziala bermatu behar duela. Sinetsita daude eraikinari eta geltokiaren inguruei buruz hartzen diren erabakiek kontuan hartu behar dituztela auzotarren eta erabiltzaile izango dituenen iritziak. Geltokiak berak eta inguruko azpiegiturek milaka metro koadro osatzen dituzte; besteak beste, nasek eta trenbideek.

Lokomotorak parte-hartze taldeak Bilboko Udalarekin hitz egin du jada proiektuari buruz. Horrez gain, elkartea prest azaldu da hiri antolamendurako plan orokorrerako ekarpenak egiteko.

Sinadura bilketa

Prozesu eta esperientzia guztia ezagutzera emateko, sinadura bilketa bat jarriko dute abian change.org plataformaren bidez. Helburua da geltokiak erabilera publiko eta irekia izan behar duela uste dutenen babesa jasotzea. Horrez gain, parte-hartze prozesuaren ondorioen berri ere emango dute.

Lokomotorak taldeak beste leku batzuetako esperientziak aztertu ditu parte-hartze prozesuan zehar. Hain zuzen, industria ondare, antzinako hangar, erabiltzen ez diren geltoki eta antzeko berrerabileren inguruko adibideak aztertu dituzte. Besteak beste, Gernika-Lumoko Astra sormen lantegiaren, Basurtuko material sukoien eraikinaren edota Azkuna zentroaren esperientziak izan dituzte aztergai. Espazio horiek denak alor publikoan erabiltzen hasi dira.