Organikoa batu eta lanpostuak sortzeko egitasmoa aurkeztu dute

Organikoa batu eta lanpostuak sortzeko egitasmoa aurkeztu dute

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Hondakinen kudeaketa lanpostuak sortzeko aukera bat da”. Hala uste du Ekologistak Martxan taldeak, eta izenburu hori jarri dio Barakaldorako egin duen proposamenari. Ohartarazi du Ezkerraldeko herrian oso hondakin gutxi bereizten dela, eta ezinbestekoa dela neurriak premiaz hartzea: 2017an hondakinen ia %18 bereizi ziren Barakaldon, eta Europako Batasunak zehaztua du 2020rako hondakinen %50 gutxienez berrerabili edo birziklatu beharko direla; zuzentarau bidez agindua du.

Bide horretan urratsak egiteari begirakoa da talde ekologistak aurkeztu duen egitasmoa, eta elbarritasunen bat duten pertsonak lan mundura bideratzea xede duen Usoa zentroaren babesa du. Izan ere, bi helburuak uztartzen ditu proiektuak: herriko dendetan eta eskoletako jantokietan organikoa batu eta horrekin konposta egitea, horixe proposatu du. Lanpostuak sortuko lirateke horrela, eta Usoako langileak aintzat hartuko lirateke lan horretarako.

Txosten osatua ondu dute hartarako; asmoaren onurak bildu, aurretiaz egin beharreko lanak zehaztu, eta proban noiz hasi ere proposatu dute: udazkenean jarri nahi lukete martxan, urtebetez proba egiteko. Hogei bat fruta denda eta 30 okindegirekin hastea aurreikusi dute; astean hiru egunez egitea bilketa, karga eramateko prestatutako bizikleta edo kamioi elektriko batekin.

Martxan jartzeko zein baliabide behar liratekeen ere zehaztu du txostenean, eta hasieran, urtebeterako bost lanpostu sortuko liratekeela. Txostena udal talde guztiei helarazi diete, bozen aurretik erantzungo duten esperantzan.

GIZARTE HELBURUAK
Bertoko enplegua sortzea

Hondakinen tokian tokiko kudeaketak aldaketa handiak izango ditu datozen urteetan, herriak behartuta egongo direlako hondakinak bereizita batzera. Materia organikoaren bilketak eta tratamenduak eskatzen dituen baldintzak direla eta, lana eskuz egitea da egokiena, makinekin egin ordez, eta horrek tokian-tokian enplegua sortzen lagunduko luke.

Arrisku egoeran daudenak sozialki integratzea

Usoa lan babesturako zentro bat da, irabazi asmorik gabea. Pertsona elbarriei lan aukera egonkor eta normalizatuak eskaintzea da haren misioa, pertsona horien garapen soziala ere ahalbidetzeko. Barakaldoko Udalak sortu zuen Usoa, eta 30 urte baino gehiago ditu. Zerbitzuak birdifinitzen ari da orain, eta herriko hondakin organikoen bilketa eta tratamendua lanerako aukera interesgarria da.

Izaera lokala, izaera soziala eta Usoaren parte hartzea izateak egitasmoarekiko atxikimendua handitu lezake, eta horrek hondakinak bereiztera bultzatu.

Bertoko dendei zerbitzua

Bilketa dendetan bertan egingo litzateke frutategi, okindegi eta abarretan. Horrek erraztasunak emango lizkieke dendariei, eta atxikimendua erraztu.

Hondakinak bereiztea balio positiboa izango da dendentzat, eta bereizgarri batek erakuts lezake laguntza hori.

INGURUMENA
Klima aldaketa murriztea

Berotegi efektua eragiten duten gasak ez badira berehala eta modu drastikoan gutxitzen, klima aldaketaren eraginak benetan larriak izango dira.

Europako Batasunak egindako ikerketen arabera, herrietan hondakinak bereizita biltzea, birziklatzea eta organikoa konpostatzea da berotegi efektuaren gas gutxien sortzen duen aukera.

Lurren emankortasuna hobetzea

Ongarri tradizionalak simaurra edo materia organiko konpostatua alboratu eta ongarri industrialekin ordezkatzeak ereiteko lurren emankortasuna gutxitu du. Era berean, hirietan gero eta organiko gehiago sortzeak eragina du ingurumenean, eta gero eta gastu handiagoa sortzen du.

Etxe eta hirietako hondakinak konpostatu eta ongarri hori ereiteko lurrei zein basoei emateak bi arazoak modu paregabean konponduko lituzke. Barakaldoko lurrek bereziki eskertuko lukete konpostaren laguntzarekin onbideratzea, azken mendean jasan duten presioa arintzeko.

ARAUDIA
Europako zuzentarauak betetzeko beharra

Europak zehaztua du kide diren herriek hondakinen erdiak gutxienez berrerabili edo birziklatu beharko dituztela 2020rako. 2025ean, %55 izango dira; 2030ean, %60, eta 2035ean, %65.

Barakaldon, urte osoan bildutako azken datuak 2017koak dira. Hondakinen ia %18 bildu ziren bereizita; datorren urterako bereizi behar den %50etik oso urruti. Eta nabarmen handitu daitekeen hondakin mota organikoa da.

EKONOMIA
Eraginkortasuna

Hondakinak nahastuta botatzen badira, zaborra dira. Bereizi egiten badira, ordea, baliabide bihurtzen dira; eta baliabideek dirua dakarte. Papera, plastikoa eta beiraren kudeaketagatik Barakaldoko Udalak ez du ezer ordaintzen; are, diru sarrerak lortzen ditu. Zenbat eta gehiago handitu bereizita bildutakoaren portzentajea, txikiagoa izango da hondakinen kudeaketagatik ordaindu beharrekoa. Eta, Ekologistak Martxan taldearen arabera, hainbat esperientziak erakutsi dute organikoaren bilketa handitzeak gainontzeko hondakinen bereizketa ere areagotzen duela.