Heriotzaren korridorea

Nerea Ibarzabal

Lau preso hil dira urtea hasi zenetik Zaballako espetxean. Hemen bertan. Apirilean gaude. Lehena heroina gaindosiak jota hil zen, eta beste bik beren buruaz beste egin zuten, ustez. Gutxi hitz egin da, gutxi hedatu da, gutxi inporta zaigu.

Heriotza zigorra ez bada legezkoa, ilegaltzat jo behar litzateke pertsona bat instituzioen esku dagoen bitartean hil izana. Ondorio batzuk izan beharko lituzke, arduradunak, frogak, erakusteko ahalegin guztiak egin direla pertsona horri bizia salbatzeko. Baina nola, ba; kartzelak ez dira horretarako gai. Ez daude horretarako pentsatuta. Instituzioen gainerako adabaki guztiek huts egiten dutenerako zulo beltza da kartzela, sistema osoaren akatsak berresten dituen porlanezko eta alanbrezko zaplaztekoa.

Gizarteratzea ez da inoiz izan kartzelaren funtzioa, inor ez da pertsona hobea bilakatuko pertsona delitugile bilakatu izanaren arrazoiak kuestionatzen ez diren esparru batean. Kuestionatu ez, eta indartu egiten dira, gainera: pobrezia, drogak, biolentzia, matxismoa, arrazakeria… Eta badakigu ohiko presoen profilak behintzat ez duela fidantzarik ordainduko dion familia aberatsik. Arazo estrukturalei begiratu barik, zigor eta mendeku hutsean oinarritzen den sistemak bizitza osoa kartzelatik sartu-irtenean igaroko duten pertsonak baino ez ditu sortzen. Salhaketa presoen aldeko elkarteak adierazi zuenez (eta Hala Bedik jaso zuenez), presoen %80k droga-mendekotasuna dute, eta kartzeletatik ateratzen dituzte haien egoerak okerrera egiten duenean: “Barruan hil ez daitezen ateratzen dituzte, estatistikak handi ez ditzaten”.

Eta preso izatearen estigma gainean itsasten zaizunean, zure bizitzak ez du hainbeste balio, oharkabean pasatu daiteke zure heriotza, zure familiak ere lotsatu egin beharko luke bere alaba edo semea gaindosi batez hilik agertu delako zelda txiki batean, gertatu dena salatu ordez. Jakina, espetxeak berak ere trabak jartzen dizkie senideei gertatu dena argitzeko orduan. “Preso dauden pertsonak eurak bigarren mailako herritarrak badira, senideekin berdin gertatzen da”, azaltzen du Salhaketa elkarteak. Denak bigarren mailako, denak isiltasunera kondenatuak, beste behin.

Zerbaitegatik eraikitzen dituzte kartzelak hirien kanpoaldean, hilerriak edo fabrika kutsakorrak balira bezala. Baina heriotzak ezin dira ahaztu, ezin dira gutxietsi, gizarteak ezin dio entzungor egin kartzeletan gertatzen denari, presoak babes sozial zabalagoa edo urriagoa izan, berdin du. Ezin dugu pentsatu AEBtako buzo laranjetatik urrun gaudenik Europan. Instituzioak ezin dira izan pertsonen bizitzen jabe edo suntsitzaile, babesle eta laguntzaile baizik. Ezin dituzte pertsonak desagerrarazi eta justizia deitu.