“Fant neurrira egindako zinemaldia da”

“Fant neurrira egindako zinemaldia da”

Natalia Salazar Orbe

Jaialdi berezia iragarri du Justo Ezenarrok, Bilboko Fant zinemaldi fantastikoaren zuzendariak (Bilbo, 1961). Esan du jaialdia aldatuz joan dela hiriarekin batera.

Mende laurdena bete du jaialdiak. Urteurren borobil horrek isla izango du aurten?

Urtarriletik orain arte, hainbat gauza antolatu ditugu. Aurrestreinaldiak egon dira zineetan; kolaborazioak izan ditugu hainbat jaialdirekin; besteak beste, Animakom, Loraldia eta Zinegoak jaialdiekin. Hitzaldiak ere egin ditugu literatura fantastikoari buruz. Fanten inaugurazio ofiziala ostiralean [gaur] egingo dugu. Aurtengo galak ere bereziak izango dira. Irekiera gala Campos antzokian egingo dugu, beti bezala. Baina aurtengoa berezia izango da: kalea itxi eta muntatze berezia egingo dugu. Amaiera gala ere berezia izango da. Guggenheimen auditoriumera joango gara. Gala horietan, Izar Fantastikoa sariak emango dizkiegu Juan Antonio Bayonari eta Frank Dekker estatubatuarrari. Programazio egun bat gehiago izango dugu. Eta, urtero bezala, hainbat egunetan izango ditugu proiekzioak. Eskaintza berri bat izango dugu: Fant Familian saila. Bertan, animaziozko filmak emango ditugu familientzat.

Nola eta zergatik sortu zen Fant jaialdia?

Duela 25 urte sortu zuten Quatermass aldizkariaren inguruan zebiltzan hainbat zalek. Haien artean Javier Romero zegoen, eta sari berezia emango diogu, aitzindaria izan zelako, beste zale batzuekin batera. Bidebarrietako liburutegian proiekzioak egiten hasi ziren, udalarekin elkarlanean. Hainbat urteren ondoren, udalak hartu zituen antolakuntza lanak bere gain. Aitzindariak izan ziren haiei guztiei omenaldia egin nahi diegu, egin zuten lana aitortzeko.

Zer-nola aldatu da jaialdia urte hauetan guztietan?

Asko aldatu da. Hasieran, sei proiekzio egiten zituzten Bidebarrietan. Geroztik, hainbat aldaketa egon dira. Handituz joan da. Zenbait zine aretotatik pasatu gara. Hiria aldatu ahala, zine aretoak itxiz joan dira. Hainbat zinetan egon gara. Azkuna zentroa ireki zutenean, Golem zineetara joan ginen. Han daukagu egoitza nagusia. Guretzat apustu ona izan da. Nabaritu dugu ikusle kopurua handituz joan dela; gure publikoaz gain, Golem zineetara joaten zen jende asko ere bildu da zinemaldira. Osatu dugun eskemak ondo funtzionatzen du: inaugurazio gala Campos antzokian egiten dugu; hasierako filma eman eta gero, euskal film laburren proiekzioa egiten dugu. Arrakastatsua izaten da hori ere: zuzendariak egoten dira bertan, eta oso gau berezia izaten da. Handik Golem zineetara joaten gara. Sail ofizialean film nagusiak ematen ditugu. Beste emanaldi batzuk daude doako proiekzioetarako. Azkenik, amaiera gala eta sari banaketa egiten ditugu BBK aretoan. Aurten, 25. urteurrenean, Guggenheim museoan egingo dugu.

Lortu duzue publikoak barneratzea Fant ez dela beldurrezko filmen jaialdi bat?

Saiatzen ari gara, eta uste dut ideia hori zabaltzen ari dela. Ziur oraindik baten batek uste duela bakarrik daudela beldurrezko filmak. Fant zine fantastikoaren jaialdia da, eta horren barruan azpigenero guztiak sartzen dira: komedia fantastikoa, zientzia fikzioa… Beldurrezko pelikulak ere egoten dira, baina ez daude horiek bakarrik.

Nazioartean gero eta ospetsuagoa da. Zuen helburuetako bat ere bada hori?

Hori da daukagun erronkarik handiena. Gero eta ezagunagoak gara nazioartean, baina lan handia dugu egiteko oraindik. Pertsonaia ospetsuak Bilbora ekartzeak erraztu egin du hori. Horrek ateak irekitzen dizkigu nazioartean. Hala ere, hainbat jaialdi daude munduan. Zaila da lekua egitea, baina nik uste dut bide onetik goazela. Urtero AEBetako eta beste herrialde batzuetako izen handiak erakarrita, gero eta ospe handiagoa lortzen ari gara. Hori da gure erronka handiena. Bilbon finkatuta dago jaialdia, baina badugu zer egin nazioartean.

Zer leku dute bertoko sortzaileek zuenean?

Beti izaten dugu euskal film laburren saila. Han hasten dira gure zuzendariak. Azken urteetan, euskal film laburrak aurkezten hasi zirenek gero film luzeak ere aurkeztu dituzte. Bertan izan ditugu Roberto San Sebastian eta Haritz Zubillaga. Aurten Jon Mikel Caballero egongo da sail ofizialean, El increíble finde menguante filmarekin.

Zine komertzialak ematen ez dituen aukerak eskaintzen dituzte zuena bezalako jaialdiek. Beharrezkoak dira halakoak?

Bai. Aurten, hemezortzi film luze izango ditugu sail ofizialean. Denak izango dira estreinaldiak Bilbon. Segur aski, aukera bakarra izango dute ikus-entzuleek film horietako gehienak ikusteko. Film komertzialek euren bidea eta logika dituzte, baina gu saiatzen gara normalean zine komertzialetara iritsiko ez diren filmak ekartzen. Horregatik dira denak estreinaldiak. Film horiek jatorrizko bertsioan azpidatziekin ikusteko aukera bakarra da. Jaialdiek hori eskaini behar dute: normalean zine komertzialak eskaintzen ez duena.

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo lanetatik?

Estreinaldiak. Mundu mailako estreinaldia izango dugu: The Chain, David Martin Porrasek egindako filma. Beste bat Europa mailako estreinaldia izango da: You Might Be the Killer. Beste bost film luze ere lehen aldiz ikusiko dira estatuan. Eta Bilbon lehen aldiz ikusiko diren beste guztiak ere azpimarratuko nituzke horrexegatik, estreinaldiak direlako. Gero bakoitzak erabakiko du zein duen gustukoen.

Zine fantastikoak zale asko ditu Bizkaian?

Bai, datuek hala erakusten dute. Azken urteetan, 10.000 ikusle baino gehiago izan ditugu astean, eta horrek esan nahi du zine fantastikoak osasun ona duela.

Aurrera begira aldaketarik aurreikusten duzue?

Azken urteetan erabili dugun eskema nahikoa osasuntsua da. Ez dut aurreikusten aldaketa handirik. Aurrekontu handiagoa izanez gero, izen handiagoko gonbidatu gehiago ekartzen saia gintezke. Gainerakoan, programazioa orekatuta dago, eta, printzipioz, hala jarraitzeko asmoa dugu.

Zer etorkizun iragartzen diozu jaialdiari?

Etorkizun ona. 10.000 ikus-entzule ditugu, eta hori mantendu nahi dugu. Igotzea ez da erraza, areto kopuru mugatua dago eta. Ezin da jende gehiago sartu. Erronkak horiek dira: ikus-entzuleak mantentzea, ikusle berriengana iristea eta nazioartean sona handiagoa lortzea.

Baduzue zuen ibilbidea bideratzeko eredu gisa hartzen duzuen jaialdiren bat?

Beti aipatzen da Sitgesekoa, baina hura beste mundu bat da. Inoiz ez gara iritsiko haien mailara. Bilbo bezalako hiri batentzat, daukagunarekin nahikoa da. Dena den, hura zoramena da: hainbat lekutan hainbat film ematen dituzte. Fant jaialdi erabilgarriago bat dela esan dezakegu: Golem zineetan daukazu eskaintza gehiena, eta ez duzu gora eta behera ibili beharrik. Bilbo bezalako hiri batentzat, Fant neurrira egindako zinemaldia da. Lortu dugun maila mantentzea da gure erronka.