“Eguneroko lanarekin soilik bermatuko ditugu gure eskubideak”

“Eguneroko lanarekin soilik bermatuko ditugu gure eskubideak”

P. Azpillaga Diez

Bilbora heldutako migratzaileei harrera duina emateko, hainbat egitasmo sortu ziren joan den udan. Uda amaitzean, horietako askok Bizkaiko hainbat herritan aurkitu zuten ostatu. Hain zuzen ere, Gernika-Lumo da haietako bat. Asier Arejita hasieratik murgildu zen pertsona horiei laguntzeko proiektuan, eta, geroztik, beste hainbat auzokiderekin batera, buru-belarri dabil lanean.

Hamabi pertsonarentzako lekua egin zuten herrian, eta oso ontzat jotzen dute bizi izandakoa. Hamabi migranteak jada herriko auzokide bilakatu direla deritzo Arejitak. Igandean, denak izango dira Durangoko mobilizazioan.

Igandeko mobilizazioaren zutabeetako bat harrera taldeena izango da. Zer garrantzi du zuek egiten duzuen jardunak?

Harrerak inplikazio handia eskatzen du, harrera integrala, osoa, egiteak lanketa handia eskatzen du, bai pertsonala, bai herri mailakoa. Egin ahala, gainera, ikasten zoaz, guretzako ere esperientzia berria delako. Orduan, apurka-apurka goaz aurrera. Era berean, esperientzia horretatik jendearenganako hurbiltasuna lortzen duzu, elkartasun ekintzak eta jende eta kultura arteko elkarbizitza ordainezina.

Zer aukera ematen dizue mobilizazioan parte hartzeak?

Alde batetik haiei zuzenean parte hartzeko aukera ematen die. Guk herrian haiekin arlo desberdinak lantzen ditugu: lana, formakuntza, aisialdia, salaketa… eta bakoitzak nahi duen esparruan eragiteko aukera du. Egia da gero egunerokotasunak denbora asko kentzen digula guztioi. Eurak lan baldintzak hobetzeko beharra dute, oso modu prekarioan bizi direlako. Zaila da teoriatik praktikara salto egitea, baina, gogoa badago, edozer lortu daiteke. Horregatik funtsezkoa da parte hartzea; pixkanaka lortzen ari gara.

Hainbat hilabete daramatzazue batera bizitzen. Nolakoa izan da orain arteko esperientzia?

Esperientzia ona izan da, erraza ere esango nuke. Agian, hasieran bertigoa ematen duelako eta dena delako berria, beraz ez dakizu ondo zelan jokatu. Baina orain, egoera egonkortu egin da eta aukera ematen digu arlo desberdinetan harreran sakontzeko eta aurrera jarraitzeko.

Beraz, beste auzokide batzuk dira orain?

Bai, haiek ezagutu egiten dute herria, bere parte dira eta badakite harrera zer den. Hasiera batean, adibidez, zaila da azalpenak ematea: milaka kilometro egin dituzte, eta, bat-batean, leku batean jendeak bizitzeko toki bat eskaintzen die musu truk, eta haiengatik kezkatzen dira. Lan ideologikoa da guk egiten duguna eta haientzat ere arraroa da, baina denborarekin talde ona osatu dugu denon artean.

Harremana izan duzue beste harrera taldeekin?

Bai, izan dugu. Harrera talde bakoitzak bere bidea du baina gero batzar amankomunak egiten ditugu, denon artean ikasten dugulako. Igandean mugimendu hori ikusaraztea da helburua, eta denok batera joatea Durangoko mobilizaziora. Eskualdean egon daitezkeen beste pertsona migranteak ere animatu nahi ditugu gurekin etortzera, azkenean eguneroko lanarekin soilik bermatuko ditugulako gure eskubideak.

Zer garrantzi dute Europako hauteskundeek?

Europak erantzukizun handia du, baina sarri, hemengo instituzioek hori erabiltzen dute beren ardura zuritzeko. Horregatik nik uste dut txikitasunetik eragin behar dugula, elkartasunaren bidez eta norberak bere erantzukizuna hartuz. Udal batek, adibidez, gauza asko egin ditzake, errolda kontuak esaterako; orduan, hortik hasi behar garela deritzot, eta txikitasunetik joan gorantza, Europaraino. Espero dugu, aurrera begira, gurea bezalako esperientzia gehiago sortu ahal izatea eskualdean.