Artzain begibakarraren elezaharra

Artzain begibakarraren elezaharra

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Tartaloren kondaira elezaharrik ezagunenetako bat da euskal mitologia osatzen duen istorio eta mitoen bildumatik. Ez da gutxiagorako. Istorio askok dute izaki begibakar erraldoi bat protagonistatzat, eta Tartalorena horien bertsio edo oinordekoa dela esan daiteke. Hori dela eta, ohikoa da begibakarraren istorioa era batera edo bestera ezagutzea, bai Tartaloren kondairaren bertsioren bat entzuna izanagatik, baita atzerriko mitologia edo kontakizunengatik ere.

Tartaloren arbasoa Homeroren odisean azaltzen den Polifemo ziklopea da. Grezia klasikoan kontatzen denez, Ulises bere gizonekin ziklopeen uhartera iritsi zen bere bidaietan, eta Polifemoren atzaparretatik ihes egin behar izan zuten, erraldoiak giza haragia bazkaltzeko zaletasuna baitzuen. Kondairaren egiletza Homerori ematen zaion arren, adituen arabera berak istorioa apaindu baino ez zuen egin, garaiko pasadizoak laburbilduz. Euskal mitologiako Tartaloren kasua ere antzeko zerbait da, eta istorio berbera eraldatuz joan da hemengo herrialde, eskualde eta herrietan.

Dagoeneko mitologian errotuta zeuden jentilen urruneko arbaso modura hartzen dute ziklopea batzuek. Hala ere, jentilen aldean hainbat desberdintasun dituela esan beharra dago. Izan ere, elezaharraren arabera jentilak zintzoak edo gaiztoak izaten dira; zehazki, jatorrizko eran jentilak izaki zintzo bezala ezagutzen dira, baina kristautasunaren aroa hasi eta erlijioaren azpian geratzen hasi ziren; maltzurrak izango balira bezala agertu izan dira. Tartalo, bestalde, izaki maltzur modura azaltzen da kondairaren bertsio guztietan, eta, beraz, adituek argi dute desberdina dela euskal mitologiako beste erraldoiengandik.

Tartalo eta bi gazteak

Jose Migel Barandiaranek bildutako kontakizunen artean, Kortezubin ahoz aho kontatutako istorioa agertzen zaigu. Bertan azaltzen denez, bi mutiko gaztek Tartalorekin topo egin zuten basotik zihoazela. Artzain erraldoiak bere kobazulora gonbidatu zituen gazteak, eta haiek begibakarrari jarraitu. Ardi larruz beteriko kobara iristean, erraldoiak itxi egin zuen harrizko atea.

Bi mutilak ikaraturik zeuden, eta ez zen gutxiagorako. Tartalok bietako bat harrapatu eta eskuekin erdibitu egin zuen. Erdi bat burruntzian jarri eta erre egin zuen, ostean jateko asmoz. Beste erdia gerorako utzi zuen, alde batean. Izaki gaizto modura aipatu dugun arren, Tartalok ez zeukan inolako asmo txarrik. Izan ere, erretako gaztea bere lagunari eskaini zion, ogia eskaintzen den bezalaxe. Mutilak, noski, ezetz esan zion horren bazkari makabroari, beldurrez gainezka.

Hala ere, horren egoera etsigarrian aurrera egiteko itxaropenak ez zion hutsik egin bizirik geratu zen mutikoari, eta ihes egiteko plan bat prestatu zuen. Gaua iristean, kobazuloa ilun eta erraldoia lo zegoela, burruntzia hartu eta Tartalori begitik sartu zion.

Erraldoiak, min latzarekin eta ezer ikusi ezinik, uluka egin zuen. Atzaparrekin mutikoa aurkitu nahian hasi zen, kobazuloko zoko guztiak miatuz; hala ere, ardi larruak baino ez zituen ukitzen, koba beteta baitzegoen. Beraz, atea ireki eta larru horiek kanpora botatzen hasi zen Tartalo, bizilekua hustu eta gaztea errazago topatzeko.

Ardi larruak bota eta bota, baina gaztearen arrastorik ez. Kobazuloa hustu zuen, baina Tartalok ez zuen mutila aurkitzen, eta, haserre, oihuka hasi zen. Gazteak urrunetik entzun zituen oihu horiek. Izan ere, haren plana arrakastatsua izan zen: larruetako batekin estali zen, eta erraldoi zaurituak, ohartu gabe, mutikoa kobatik kanpora bota zuen, gazteari askatasuna emanez.

Kortezubiko kondaira hala bukatzen den arren, beste istorio batzuetan gazteak Tartalo hiltzea lortzen du. Horrela amaitzen da, esaterako, Jean François Cercanqek Zuberoan batutako kondaira.