Tren saihesbidearen alegazio epea luzatzeko eskatuko du Barakaldok

Tren saihesbidearen alegazio epea luzatzeko eskatuko du Barakaldok

Natalia Salazar Orbe

Hegoaldeko Tren Saihesbidearen trazatuari buruzko azterketa informatiboari alegazioak egiteko epea luzatzeko eskatuko dio Barakaldoko Udalak Espainiako Sustapen Ministerioari. 30 eguneko epea zegoen aurreikusita, baina 90era arte luzatzeko eskatzea onartu dute, PSE-EE, EH Bildu eta Irabaziren aldeko botoak izan dituen mozioaren bidez. EAJ eta PP alderdiak abstenitu egin dira. Udalean ordezkaritza duten hiru arlderdiren ekimenez egin beharko dio eskaera Amaia del Campo alkateak (EAJ) Sustapen Ministerioari. Eskaera aho batez onartzea nahi zuten sustatzaileek, baina ezinezkoa izan da.

Barakaldo Naturala plataformaren eskutik eraman zuten mozioa osoko bilkurara, joan den astean. Azpiegiturak eta hura eraikitzeak inguruan eragin handien izango duen herria da Barakaldo. Hala ekarri zuen gogora bilkuran plataformako kide Begoña Rodriguez Sanchezek. “Uste dugu beharrezkoa dela txosten honen ahalik eta azterketarik zehatzena, Barakaldoren interesak ahalik eta hoberena defendatzeko”. Bestalde, trazatuak kaltea ekarriko dien bizilagunei informazio guztia eta zehatza helarazteari beharrezko iritzi dio. Desjabetzeak izan ditu gogoan. “Hasieratik herritarrek euren eskubideak gauzatu eta defendatzeko aukera izan dezaten nahi dugu. Ez ditugu ikusi nahi prezio doi bat negoziatu edo auzitara jo beharrean”.

Jeltzaleek garrantzia kendu diote eskaera babestu ez izanari. Oposizioko alderdiek galdetu diote 2015ean eskatu bazuen zergatik orain ez duen egiten gauza bera. Jonan Uria zinegotziak azaldu du egoera ez dela bera: “2015. urtean onartu zuten Hegoaldeko Tren Saihesbidearen azterketa informatiboa. Ordura arte, udal gobernu honek ez zuen informaziorik azpiegitura horri buruz”. Teknikariei galdetu zieten, eta alegazio sendorik egiteko datu nahikorik ez zutela erantzun zieten. “Horregatik zegoen justifikatuta, orduan, epea luzatzeko eskaera”.

Gaur egun egoera bestelakoa dela deritzo. Proiektuari buruzko informazio zabala dagoela esan du. Bestalde, desjabetzeek kaltetuei beharrezko informazioa emateko egin dieten eskaeraren inguruan, Uriak esan du oraingoz behin-behinean onartuta dagoen azterketa informatibo baten bi alternatiba besterik ez daudela mahai gainean. “Ministerioak onartzen duenaren arabera, ikusiko dugu nortzuk diren kaltetuak”. Hala ere, balizko kaltetuekin harremanetan jarri direla azaldu du.

Konpromisoa, lortuta

PSE-EEk aurreratu du jada Espainiako Sustapen Ministerioak hartu duela alegazioen epea 90 egunetara luzatzeko konpromisoa. Izan ere, hark du Hegoaldeko Tren Saihesbidearen eskumena. Eusko Jaurlaritzaren esku dago, berriz, azterketa informatiboak gauzatzea, eraikuntza proiektua idaztea eta esleipenak, obraren jarraipena eta kontrola egitea.

Alba Delgado PSE-EEko ordezkariak uste du udalak aho batez egin beharko lukeela alegazio epea luzatzeko eskaera, herritar kaltetuentzat beharrezkoa dela iritzita. “Horregatik aurkeztu dugu mozio hau: EH Bildu eta Irabazirekin batera osoko bilkura deitzera behartzeko. Jasota gera dadin gure herritar gehienen iritzia”.

Barakaldo Naturalaren proposamena babesteaz gain, EH Bilduko ordezkari Maria Solarrek hitzartzea baliatu du saihesbidearen trazatua errefusatzeko, Gorostizan, bereziki, ingurumen inpaktu handia izango duelako. “Ez dugu nahi diru publiko gehiago bideratzea ekonomikoki eta sozialki defizitarioak diren azpiegituretarako. Sustapen Ministerioaren eta Jaurlaritzaren proiektua geldiarazteko eskatzen dugu, eta alternatiba posibleei buruzko eztabaida zabaltzeko. Herritar kaltetuen artean eztabaida soziala irekitzeko eskatzen dugu, alternatibarik onena zein den erabaki dezaten”. Desjabetuko dituzten etxebizitzekin zer egingo duen azaltzeko eskatu dio, gainera, Amaia del Campo alkateari.

Irabazi alderdiak ere ez ditu gustuko saihesbidearen proposamenak. “Ez dakigu zein den agresiboagoa, biaduktua edo tunel faltsua”, adierazi du Eder Alvarez zinegotziak, eta Barakaldo Naturalak egindako proposamenak kontuan hartzeko eskatu du. Bestalde, PSE-EEk Sustapen Ministerioak alegazioak egiteko epea luzatuko duela komunikabideen bidez iragarri izana kritikatu du. “BOEn argitaratzen dutenean ikusiko dugu”, esan du.

Ez da izan Espainiako Gobernuaren asmoa zalantzan jarri duen alderdi bakarra. EAJk ere hala jarri du. Hauteskundeei begira egindako iragarpentzat jo du.

Azkenik, PP alderdiaren ustez, udal gobernuaren egitekoetatik kanpo dago Barakaldo Naturalak alegazio epea luzatzeko egin duen eskaera. Mozioaren bozketan abstenitu egin dira, baina esan dute egoki deritzotela herritarrek alegazioak aurkezteari.

Proiektua eta aukerak

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak saihesbidearen lehenengo fasearen azterketa informatiboa aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, joan den otsailean. Bi alternatiba aurreikusten zituen: batean, 124 metro luze den zubia proposatu dute, Castaños errekaren gainean; besteak, berriz, trazatua lur azpitik egitea aurreikusten du.

Barakaldo Naturalak alternatibak aurkeztu dizkie bi proposamen horiei. Errekatxo bailara eta nekazari auzoak bere horretan, ukitu gabe, uzten dituzten alternatibak direla argitu dute. Proposamenok bideragarritasun tekniko eta sozioekonomikoa dutela azaldu dute. “Aldirietako lineak lurperatzean dautza. Alternatibok portuko merkantzien tren bidezko garraioaren ahalmena areagotuko dute, tren guztiak herriguneetatik pasatzea saihesten dute, eta administrazioak proiektu oro justifikatzeko argudiatzen duen europar korridoreekiko elkarreragina bermatzen dute”.

Plataformak uste du Eusko Jaurlaritzak alternatiba horiek jasotzerik bazuela azterketa informatibo berrian.