Jaialdi herrikoia, handien pare

Jaialdi herrikoia, handien pare

Zihara Jainaga Larrinaga

Herrian dagoen kultur eskaintza osatzeko asmoarekin sortu zen MAZ Basauri festibala. Hasieran, musika taldeen kontzertuetan soilik oinarritzen zen jaialdia, baina, urteak pasatu ahala, tamaina handitu du, eta bestelako esparruetara hedatu da: haurrentzako tailerrak eta zine emankizunak ere egiten dituzte egun. Gaur abiatuko da zortzigarren edizioa, eta euskal musikak irekiko du gaur gauean jaialdia. Anari bakarlari azkoitiarra izango da Sozial antzokiko oholtzara igotzen lehena, hain zuzen. Haren atzetik, Christina Rosenvinge pop-rock abeslari espainiarraren txanda izango da. 21:30ean irekiko dituzte antzokiko ateak, eta handik ordu erdira hasiko da lehen emanaldia.

2012. urtean sortu zen MAZ Basauri, muga estilistikorik gabeko jaialdia. Horren erakusgarri dira egun hauetarako antolatu dituzten emanaldiak. Bihar, adibidez, Sozial antzokian izango dira Mursego folk eta pop abeslari eibartarra eta Toundra rock instrumentala egiten duen talde madrildarra. Maiatzaren 3an, bestalde, soinu indieagoak entzungo dira Basauriko oholtzan. Viva Suecia Murtziako (Espainia) taldearen eta Amor Bizarro galiziarren txanda izango da. Azken egunean, maiatzaren 4an, Hakima Flissi bilbotar abeslaria entzuteko parada izango dute jaialdira biltzen direnek, eta Iruñeko Iseo & Dodosound taldeak bestelako doinuak eramango ditu.

Pozik daude antolatzaileak egitarau “heterogeneoa” egitea lortu dutelako. Ibai Villapun jaialdiaren zuzendariaren arabera, egitarauak erakusten du arriskatzen badakitela, baina, betiere, oreka bat mantenduz. “Guretzat, garrantzitsua da artistak publikoa erakartzeko gaitasuna izatea, baina horrek ez du proposamenen kalitatearen kontra joan behar”. Komertzialegiak izan gabe, gutxieneko kalitate baremoak mantenduta, Basaurira publikoa erakartzeko ahalmena duten artistak aukeratzen saiatzen dira. “Arduratsuak izateak lagundu du jaialdiaren izen ona mantentzen”.

Euskal musika taldeei balioa emateaz gain, proiektu berriei ere lekua egiten saiatzen dira jaialdian. Horretarako, musika lehiaketa bat antolatzen dute, eta garaileak hurrengo urteko edizioan kontzertua eskaintzeko aukera lortzen du. The Owl Project izan zen, hain zuzen, joan den urteko garailea. Hori horrela, datorren larunbatean, maiatzaren 3an, Markina-Xemeingo taldea ikusteko aukera egongo da Sozial antzokiko indie gauean.

Guztientzako eskaintza

Sozial antzokian egiten diren ordainpeko kontzertuak eta kaleko doako emanaldiak uztartzen ditu MAZ Basaurik. Jaialdiak irauten duen egunetan, antzokiko eserlekuak kendu egiten dituzte, eta, horrela, pista bat bilakatzen da. Doako kontzertuak, bestalde, Basozelaiko Zortziko plazan izaten dira egun batez. Bihar izango da egun hori. 18:00etan hasita, Voltium trash-metal taldea, Agian rock-metal taldea eta Haxotz rock taldea, denak ere bizkaitarrak, ariko dira, hurrenez hurren. Eguerdian, DJ saioez gozatzeko aukera ere egongo da.

Horrez gain, etxeko txikienentzako ekintzak antolatzen ditu Basauriko jaialdiak. “Haurrak jaialdira biltzeko beharra ikusi genuen”, azaldu du Villapunek. Egitarauan haurrentzako errepertorioa duen talderik ez izan arren, egitarau orokorra Txiki MAZ egitasmoarekin osatzen dute. Bigarren ediziotik aurrera hasi ziren jaialdiko lehen larunbatean Txiki MAZ antolatzen. Hori horrela, bihar, 12:30ean hasita, Zortziko plazan haurrentzako tailerrak egongo dira: aurpegiak rock izarren gisara margotzeko edota tatuajeak egiteko aukera izango dute, besteak beste. Horrez gain, Ciscar DJak musika jarri eta Txiki MAZ Rock Band taldeak kontzertua emango du. Villapunek nabarmendu du haurrek ez ezik familia guztiak ere gozatzen duela Txiki MAZ gunean.

Kontzertuez beste

Jaialdiko protagonista musika izanik, beste arte batzuek ere izaten dute lekua. Zine MAZ egitasmoak musikarekin nolabaiteko erlazioa duten pelikula eta dokumentalak proiektatzen ditu jaialdian. Hiru proiekzio antolatu dituzte zortzigarren ediziorako. Hortaz, jaialdia ez da kontzertuekin amaituko. Maiatzaren 2, 9 eta 16an bina emanaldi egingo dituzte Sozial antzokian, 20:00etan lehena eta 22:00etan bigarrena. Mujeres de Coque Malla, Coque Malla artista madrildarraren Mujeres diskoan oinarritutako dokumentala, Climax beldurrezko film dramatiko frantsesa eta Mikel Urdangarin musikariaren inguruko Oier Aranzabal zinemagile euskaldunaren Margolaria dokumentala izan dira aurtengo ediziorako aukeratu dituzten lanak.

Jaialdia nabarmen hazi dela aitortu du Villapunek. “Azken bi urteetan, Sozial antzokian egiten diren kontzertuen erdietan sarrerak agortu dira, egunero 700 lagun inguru bilduz”. Iaz izan zen sarrera salmenten errekorra, eta lehenengo edizio hartatik eboluzioa ikusten dela nabarmendu du. “Azken finean, hori ere bilakaera naturala da”. Halaber, inozko bonurik gehien saldu dituzte aurtengo ediziorako. Jaialdiaren ondorioz, Basaurira inoiz joan gabeko jende askok herria ezagutu dutela azpimarratu du.

Udalak ikerketarik egin ez badu ere, Villapunek azpimarratu du kalean antolatzen diren musika emanaldi zein haurren eskaintzak herriko ostalariei mesede egiten diela. Jaialdiak herriko ekonomian eragina duela azpimarratu du. “Aurrekontuaren zati handi bat Basaurin edo eskualdean gelditzen da”. Bestalde, azken urteetan Iberian Festival Awards eta Espainiako Fest sarietan izendatua izateak nazioartean oihartzuna izan du, antolatzaileen arabera. “Basauriren izena nazioartean zabaltzen lagundu du”.

Etorkizunera begira, osasuntsu ikusten du jaialdia Villapunek. Aitortu du gero eta gogorragoa dela MAZ Basauri jaialdiak duen aurrekontu murritzarekin aurre egin ahal izatea: “Egoera latza da”. Baina urtez urte mirari txikiak eginez bizirik irauten dutela adierazi du. “Guk dugun onena da badakigula non gauden eta zeintzuk diren gure aukerak”.

Sarrerak Sozial antzokiko leihatiletan zein Kutxabanken eskuratu daitezke. Aldez aurretik erosita, egun bakarreko txartelak 11 euro balio du, eta lau eguneko bonuak, berriz, 30 euro. Eguneko sarrera unean bertan erosita, berriz, 14 euro balio du. Informazio gehiago www.mazbasauri.com orrialdean.