Hogei urteko jarduna

Hogei urteko jarduna

Peru Azpillaga Diez

1990eko hamarkadaren amaieran, Basauriko gazte talde batek sumatu zuen kultur jarduera ezberdinak eta alternatiboak garatzeko beharra zegoela herrian. Basauriko Gazte Asanbladako kideak ziren, eta bestelako eskaintza bat egiteko toki bat behar zuten; buruan zuten proiektu berritzailea errealitate bilakatuko zuen espazioa. 1998an Basauriko beste eraikin batzuk okupatzen saiatu ondoren, Arizko ikastola izandako eraikina okupatzea lortu zuten, 1999ko maiatzean.

Hogei urte igaro dira geroztik, eta gaztetxeak tinko jarraitzen du —Arrigorriagako gaztetxearekin batera, eskualdeko bakarra da—. Denboraren poderioz, buruan zuten proiektua mamituz joan dira, eta, ibilbidean gorabeherak izan badira ere, herriko gazteei egiten zieten eskaintza zabalduz eta osatuz joan dira pixkanaka. Hain zuzen, Gazte Asanbladako kideen helburua argia zen hasieratik: “Proiektu kultural alternatibo eta autogestionatu bat eratzea”.

Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, hasieran, haien asmoa zen, oro har, kontzertuak, ikus-entzunekoak eta hitzaldiak egitea, eta hainbat tailer sortzea. Hogei urte lanean eman ostean, ordea, proiektua hazi egin da, eta hainbat gune eratu dituzte: batetik, liburutegia, teteria, sukaldea, rokodromoa eta gimnasioa; bestetik, Txarraskate gela, serigrafia gela eta kopistegia, grabaketa estudioa, entsegu gelak eta kontzertu gela.

Txarraska gaztetxea 1999an inauguratu zuten, eta gaztetxeko kideek urteurren jaialdia antolatu zuten martxoaren azkenengo eta apirilaren lehenengo asteburuetan.

Ixteko mehatxuak

Hogei urteko ibilbidean, baina, oztopoak ere izan dira. Hain zuzen ere, Txarraska gaztetxearen lehen urtean bertan, husteko lehen mehatxuak izan zituzten: “Herriaren erantzuna izugarria izan zen, eta, azkenean, Basauriko Udalak eraikina utzi zigun, akordio baten bitartez, 1999ko maiatzean. Hitzarmenaren arabera, ezin genuen ukitu eraikinaren kanpoko itxura, eta sarrera eta beheko solairua besterik ezin genuen erabili”.

Hala ere, gaztetxeko kideak jakitun daude Txarraska dagoen lursailean zenbait proiektu abian jartzeko proposamenak daudela udaletxeko mahaiaren gainean: “Hasieran, hotel bat eraiki nahi zuten bertan; gero, 2005ean eta 2006an, garaiko udal gobernu taldeak enpresentzako gune bat egiteko proiektua aurkeztu zuen, eta, 2009-2010 ikasturtean, arte garaikideko museo bat eraikitzeko proiektua zabaldu zuten PSEk eta PPk”, jakinarazi dute.

“Azken kasu bietan, udalarekin negoziazioetan ibili ginen, eta erabaki genuen berriro ere kalera ateratzea. Batez ere, manifestazioak eta protestak hasi genituen museoaren proiektuaren harira”, azaldu dute. Negoziazio horietan guztietan gainditu ezineko “marra gorria” autogestioa izan dela diote, eta arazoak izan dituzten guztietan herriaren “babesa” sentitu dutela.