“Erakusketa hobetzea eta gertutasuna areagotzea da xedea”

“Erakusketa hobetzea eta gertutasuna areagotzea da xedea”

Natalia Salazar Orbe

Hamabost urte bete ditu Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak. Euskalduna ontziolak zeuden lekuan kokatuta egin duen ibilbideari eta erronka berriei buruz mintzatu da hango zuzendari Jon Ruigomez (Bilbo, 1973).

Aldaketaz betetako urtea iragarri duzue. Beharrezkoak ziren museoa biziberritzeko?

Pertsonak izango bagina, 15 urte igarota, nerabeak izango ginateke. Beste erakunde batzuekin alderatuta, oso gazteak gara. 2017. urtean plan estrategiko bat onartu genuen fundazioko patronatuaren barruan. Horren arabera, eraldaketa bat proposatu genuen, eta onartu egin zen. Eraldaketa ez zen beharrezkoa. Berau burutu nahi izan genuen, besterik ez.

Zailtasun ekonomikoak izan dituela kontuan hartuta, zer egoeratan dago museoa gaur egun?

Gure egoera beti izan da osasuntsua. Kultur arloan, beti daude estutasunez bizi izan ditugun une batzuk, baina uste dut beti izan dugula egoera osasuntsua. Eta orain, plan estrategiko berria onartu zenetik, are hobea da. Oso egoera politean gaude. Eraldaketa sakona egiten ari gara, eta gero eta hobeto gaude.

Zer-nolako aldaketak jarri dituzue martxan?

2017an, plan estrategiko bat onartu zen. Iaz, bi proiektu handi gauzatu genituen: bata, Port Center deritzona. Horretan, Bilboko portua ulertzeko leku berezi bat osatu genuen erakusketa iraunkorraren barruan. Kontuan hartu behar baita zer-nolako garrantzia duen portuak egun. Museoan beti aipatu da historikoki izan duen garrantzia, baina egungo garrantziari erreparatzen diogu hemen. Oso proiektu indartsua da. Portuko enpresen babesa ere badu. Bestalde, 2018an, Erain proiektua zabaldu genuen. Betidanik izan dugun asmo bat berreskuratu genuen: aroztegi tailer bat edukitzea gurean. Hori ere oso proiektu garrantzitsua da. Batetik, ondarea zaharberritzen dugu. Bestetik, nolabaiteko komunitatea sortzen dugu gure inguruan. Hainbat pertsona datoz proiektuan parte hartzera, eta hori oso garrantzitsua da. Horiek dira egin ditugun proiektu nagusiak. Aurten, berriz, eraldaketa txiki asko egiten ari gara. Esaterako, espazio berriak zabaldu; lehen denda zena erabilera anitzerako areto bihurtu dugu, hor erakusketak, jarduerak edota hitzaldiak egiteko. Eta museoaren sarrera eta gela didaktikoa handitu ditugu.

Aldaketa txiki horiek museoa herritarrengana gerturatzeko modu bat dira, ala diru iturria?

Guretzat oso garrantzitsua da inguruan dugun komunitatearentzako gertu agertzea. Port Centerren eta Erainen pertsonen gertutasuna lortzen dugu. Hori gakoa da. Gure inguruan dagoen komunitatearentzako proiektu bat gara. Beraz, oso garrantzitsuak dira aldaketa horiek guztiak jendearengandik hurbil egoteko egitea. Aretoak betidanik alokatu ditugu eta ekitaldiak ere antolatu ditugu. Baina gure misioa ez da hori; gure misioa burutzeko baliabide bat besterik ez dira horiek. Aldaketak ez dira egin horretarako. Erakusketa hobetzea eta gertutasuna areagotzea da xedea.

Erain proiektuak hainbat alor lantzen ditu.

Oso proiektu zabala da. Erakusketa iraunkorrean, XX. mendeko Bizkaiko erriberako zurgintza jorratzen dugu. XX. mendeko arotzak oraindik bizi dira, eta euren ezagutza jasotzeko gai garela baliatu dugu proiekturako. Bestalde, tailer batean zurgintza hori lantzen dute. Ikasleak eta boluntarioak elkartzen dira hor.

Bisitariak erakusketa ikusten du, azaltzen diogu zer den erriberako zurgintza hau, gero tailerrean sartzen da, eta, azkenik, kanpoan ditugun dikeetara aterata, zaharberritzen ari garen Antxustegi itsasontzia ikus dezake. Ibilbide osatua egiten du dena ulertzeko.

Bermeoko Kortazar aroztegiak utzi zigun bere tresneria guztia erakusketarako. Ondare oso garrantzitsua da, hainbat hamarkadatan lanean aritako arotzak utzitako tresneria guztia baita. Trebakuntzan Lanbide Heziketaren egur modulu bat darabilgu. Egurra lantzen dute erriberako zurgintzaren eran. Gazteak etortzen dira, batez ere etorkinak, trebakuntza jasotzera. Berrikuntza soziala eta kulturen arteko eta belaunaldien arteko elkarrizketa ematen dira gurean. Itsasoan zein ontzioletan aritako jende nagusia aritzen da-eta boluntario moduan. Gazte etorkinekin harreman estua lortzen dute. Oso aberasgarria da denentzat.

Zenbat bisitari izaten dituzue?

Urtean 55.000 inguru. Bi urtetan 100.000tik gora izan genituen, erakargarritasun handiagoa izan zuten erakusketa batzuk izan genituelako, baina, batez beste, 55.000 inguru ditugu urtean. Kopuru duina da. Urte askotan izan gara hirugarren museoa. Guretzat, bisitarien zenbatekoa baino garrantzitsuagoa da jardueren kalitatea. Dena den, zenbaki potoloa da.

Zer-nola emango diozue museoari iragarri duzuen itsas posizionamendu handiagoa?

Askoz gehiago hurbilduko gara euskal kostaldera eta, batez ere, Bizkaiko golkora. Horretarako, diskurtsoan ez dugu bakarrik hitz egingo Bilboko historiari buruz; kostalde osora zabalduko dugu, hango ondarea eta itsas kultura jorratuz.

Zer tresna jarri duzue martxan museoko egonaldia luzatzeko eta bisitariak itzultzeko?

Lehengo proiektu guztiak gauzatzen jarraituko dugu. Bestalde, ondarea apur bat gehiago nabarmenduko dugu, teknologiarekin uztartuta. Ondarea balioan jartzeko teknologia erabiltzea formula egokia da.

Industria eta historia ondarea behar bezala babesten dira?

Ondarean daude gure historia, memoria, izaera… Benetan babestu beharko genuke hobeto eta gehiago. Museoan hiru dike daude. Bik 150 urte bete zituzten iaz, baina askoz sustrai sakonagoak dituzte. Izan ere, Bilbon ontzigintza benetan izan da garrantzitsua Abandon, Deustun, Zorrotzan… Bilbo merkataritzagatik izan zen garrantzitsua lehenengo, eta gero ontzigintzagatik. Horrek garrantzi handia dauka. Gaur egun, Bilbo oso polito dago, baina, haren izaera eta nortasuna mantentzeko, ondarea mantendu behar da. Aipatutakoa adibide bat baino ez da; asko daude. Sentsibilitate handixeagoa izan beharko genuke.

Itsasadarrarekiko lotura galtzen ari al da hiria?

Itsasadarra Bilboren bizkarrezurra da. Beti izango da. Baina egia da itsasadar horretan sortu zela Bilbo: portua izan zen hiria baino lehenago. Gero merkataritza zentro bat izan zen, itsasotik ateratzen genituelako Bizkaiko burdina eta Gaztelako artilea Europa iparraldera bidean. Eta ontzigintza gauzatu zen itsasontziak behar zirelako merkataritza horretarako. Beraz, gure historia erabat lotuta dago itsasoarekin. Mantendu beharko genuke memoria hori. Etorkizunean ere itsasoak berebiziko garrantzia izango du.

Zer etorkizun iragartzen diozu museoari?

Etorkizun oparoa izango du. Bilbon eta Bizkaian euskaldunok izan dugun itsasoarekiko harremana erabatekoa izan da. Herri moduan egin ditugun enpresarik handienek itsasoarekin lotura izan dute. Erabateko zentzua dauka Itsas Museoak ondarea eta kultura hori jorratzeko.