“Petronorrek inpunitate handiarekin funtzionatu izan du”

“Petronorrek inpunitate handiarekin funtzionatu izan du”

Natalia Salazar Orbe

Meatzaldea Bizirik plataformak urteetan eskatu du Petronorren koke plantaren gas isuriak arautzeko edota kontrol batzordeak egiteko. Planta eraisterik ez dute eskatu. Orain egin du hori, jabari publikoko lurretan baimenik gabe koke planta eraiki zutenez Kosta Legea urratu zuelakoan. Eta iragarri du Espainiako Auzitegi Nazionalak eraisketarako bide bat zabaldu duela. Cristina Alvarez Baquerizo abokatuak (Madril, 1956) azaldu du zertan den afera.

Lege ikuspegiari erreparatuta, zer da Espainiako Auzitegi Nazionalak eman duen ebazpena?

Espainiako Auzitegi Nazionalak esan du arrazoia genuela Ingurumen Ministerioari galdegin genionean Petronorren aurka zigor prozedura ireki zezala. Ikusi genuenean koke plantak ez zuela baimenik, Ingurumen Ministerioari esan genion zigor prozedura zabaldu behar zuela, baina ez zigun erantzun. Erantzuten ez zigula ikusita, helegitea jarri behar izan genuen, administrazioaren isiltasunagatik. Kosta Legeari dagokionez administrazioak ez baitu inoiz ezer esan. Helegite bat beste baten atzean jarri ostean iritsi gara honaino. Espainiako Auzitegi Nazionalak, orain, kostaldearen ardura duen erakundeari, hau da, Ingurumen Ministerioari esan dio zigor espedientea ireki behar zuela edo, gutxienez, guri erantzun azaltzeko zergatik ez zuen irekitzen. Ingurumen Ministerioari agindu dio erantzun egin behar digula espedientea irekita, edo, ez badu hala egiten, zergatia azaldu behar digula.

Petronorrek koke planta egiteko Ingurumen Ministerioaren baimena behar bazuen, nola da posible hori gabe eraiki izana eta bertan jarraitzea?

Galdera horren aurrean, bakoitzak bere interpretazioa egin beharko du. Nola da posible? Bada, legeari ez ikusiarena egin ziotelako, Petronorrek inpunitate handiarekin funtzionatu duelako. Iraganean pentsatu izan du inork ez duela kontrolatuko. Ez daukat erantzunik, baina legea ez zuten aplikatu. Pentsatuko zuten gu edo beste inor ez zela iritsiko horren urruti. Kontuan izan behar da 11 urte auzitan daramatzan koordinakundearen moduko herritarren kolektibo gutxi daudela.

Ohikoa al da era horretako laxotasuna antzeko kasuetan?

Antzeko kasu gutxi dago. Konparatu ezin daitezkeen egoeretan —urbanizazioak edo tabernak, adibidez— eraisteko sententzia ugari egon dira. Hala ere, Almeriako hotel baten kasuak hamabost urte daramatza epaitegietan. Eraisteko eskaera aspaldikoa da, baina prozesua atzeratu egin da. Eraiste sententzia ugari dago jabari publikoa legez kontra okupatzeagatik. Eta nik uste dut era horretako kasu batean gaudela. Hala ere, findegi baten kasurik ez da egon.

Santa Cruz Tenerifekoan bada findegi baten kasua. Muskizkoaren antzeko kasua al da?

Han findegia eraisteko lanei ekingo diete. Baina ez da antzeko kasua. Hura ere kostan dago. Baina, kasu horretan, Kanarietako Gobernuak airearen kalitateari buruzko plan berezia egin zuen, planta herrigunean zegoelako, Petronor bezala. Findegiak ezin zuen bete. Hori dela eta, ateak itxi behar izan zituen. Gainera, hiri antolamendurako plan orokorrak ez zuen baimentzen industria elementu haren presentziarik. Baina, horretarako, gobernu autonomikoaren zalantzarik gabeko erabakia behar da. Eta Eusko Jaurlaritzak ez du egin horrelakorik.

Zer dela-eta jarrera hori?

Petronorrek aldundiaren ogasunari ordaintzen dizkion zergak gastu publikoaren aurrekontuaren %60 dira. Bistakoa da, beraz, ez dutela eratuko airearen kalitatea bermatzeko plan berezirik findegi honentzat.

Permisibismoa aipa daiteke?

Kontrolatu behar zaituen entitatearen aurrekontuaren %60 zure mende badago, bistakoa da entitate horrek ez duela zure gaineko kontrola. Administrazioak ez du boterea hemen, edo ez da gauzatzen ari ezin duelako.

Zeintzuk aukera zabaltzen ditu ebazpenak?

Hasteko, epaia irmoa izan arte itxaron behar da. Ziurrenik helegitea aurkeztuko dute. Baina demagun ezetz, edo Auzitegi Gorenak gauzak dauden bezala uzten dituela. Orduan, Ingurumen Ministerioak zigor prozedura ireki beharko luke. Eta zigor prozedura irekitzen badu, Kosten Legearen arabera, zigorra izango litzateke gauzak lehen zeuden moduan uztea.

Planta eraiki aurretik zegoen bezala uztera behartuko luke?

Hala da. Horrek praktikan esan nahi du eraitsi egin beharko luketela.

Petronorrek apirilaren 8a zuen helegitea jartzeko azken eguna. Aurkeztu al du?

Aurreko astelehena zen, bai, azken eguna. Baina oraindik ez dakit helegitea jarri duen. Ia ziur naiz errekurtsoa aurkeztuko zutela, baina oraindik ez dakit, egunak behar baitira horren berri izateko.

Zer bide egin dezake prozedurak epaitegietan?

Helegiterik ez badago eta sententzia irmo egiten bada edo helegitea ebazten denean berriz irabazten badugu, Ingurumen Ministerioak zigor espedientea ireki beharko du, edo azaldu egin beharko digu zergatik ez duen hori egiten. Ez dago aukerarik jabari publikoko lurretan baimenik gabe egindako eraikuntza bat ez zigortzeko. Aukera bat ere ez dago gaur egungo legediaren arabera. Espediente hori irekitzen badu, egungo legediaren arabera, Kosta mugapeak ezarritako zigorra ezartzea beste aukerarik ez du: gauzak hasieran zeuden bezala uztea eta, gainera, isun bat ordaintzea. Eraikitakoaren aurrekontuaren %50 da isun hori. Hori da aukera bakarra. Haiek saia daitezke azaltzen zergatik ez duten irekitzen espedientea. Hori gertatuz gero, berriro jarriko genuke helegitea eta agian beste bideren bat abiatuko genuke. Baina, nire ikuspegitik, eta legea eskuan, ez dago aukerarik jabari publikoko kostako lurretan baimenik gabe egindako eraikuntza bati zigorrik ez jartzeko. Baimenik ez zen egon, eta legea oso argia da gai horri dagokionez.

Posible da haiek legearen bestelako interpretaziorik egitea?

Ez. Legeak erabat argiak diren kasu bakanetako bat da hau. Hala ere, Petronorren historian ikusi izan dugu beharrezkoa izan denean legea aldatu dutela. Beraz, gerta liteke, 2013an Ekonomia Iraunkorraren legearekin gertatu zen bezala, legea aldatzea Petronorrek kostaldeko eremu horretan jarraitu ahal izateko. Kosta Legearen zigorrik ez jasotzeko, legea moldatzea beste aukerarik ez dago. Ez da ezinezkoa horrelakorik gertatzea.

Ad hoc egindako lege aldaketa bat izango litzateke hori.

Bai. Baina lehenago ere gertatu da. Beste gai baten inguruan gertatu zen: 2014an, 30 urterako zeukan kontzesioa amaitu egiten zitzaion Petronorri. Legea egokitu egin zuten, eta luzapen mugagabea eman zioten. Egokitzapena egin zioten, ad hoc.

Muskizko plantako jarduera geldiaraziko dutela uste duzu?

Abokatu moduan, ezin dizut erantzun, baina nire iritzia eskatzen badidazu, ziur naiz baietz. Dena den, prozesua asko luza daiteke. Baina legea ez bada aldatzen, ez dago beste aukerarik.

Zeintzuk eperi buruz ari gara?

Ezinezkoa da jakitea. Almerian duela bederatzi urtetik dute eraispen agindua. Petronorren botereari erreparatuta, askoz gehiago itxaron beharko dugu hemen.