Erantzun ezazue

Nerea Ibarzabal

Badira eremu batzuk gizartearen putzu-septiko papera jokatzen dutenak, gordinak, zuzentasun politikoaren lerro ahulari ere iskin egiten dioten lursail babestuak, anaidiaren lege inplizituak eskatzen duen isiltasunari esker irauten dutenak… eta aldi berean errealitatearen erakuslerik gardenenak direnak. Mutilez osatutako whatsapp taldeez ari naiz.

Ez naiz inoiz baten parte izan, bistan denez, baina isiltasun itun hori urratu duten zenbait mutilek kontatu didate, bai, zuen sekretua. Kontuz! Jada ez zaudete salbu, ezta elkarte gastronomikoetan ere! Marka da gero, e? Noraino heldu garen, orain ezin da ezertaz barre egin. Ezta? Zuei umorea asko gustatzen baitzaizue.

Eta horregatik bidaltzen dituzue titiak, ipurdiak, txarto aparkatzeari buruzko txisteak, sukaldera itzultzeko gonbitak, titiak berriro, emaztearekin bizitzea presondegiarekin parekatzen duten iruzkin usaintsuak, feministei egindako irainak, Martxoaren 8ko grebari egindako gutxiespenak, emakumeei eurek ohartu gabe ateratako argazkiak, ipurdiak, barreak. Emakumea objektu sexual edo esplotatu daitekeen esklabo bilakatua, estereotiporik zaharkitu eta nazkagarrienean normalean.

Eta isiltasuna, batez ere hori. Galdetu inguruko edozein mutil heterosexuali eta baietz horrelako talderen batean egon bera ere, isilik.

Jatorrena ere bai. Futbolekoan, bizikletakoan, palakoan, mendikoan, kuadrillakoan, osaben artekoan. Ausarta izan behar baita anaidi hori zalantzan jartzeko, egoera deserosoak sortzeko, kideak seinalatzeko; denoi ematen digu nagia horrek, baina are gehiago ustez gizonena den umore bat zalantzan jarri behar denean eta norbera gizona denean. “Honi ere neskak burua jan dio”, esango da gero.

Isilik zaudeten asko egongo zarete ezados eduki horiekin, ziurrenik manifestazio edo ekimen feministetan ere parte hartuko zenuten zenbaitek. Baina aliatu feminista izatetik konplize matxista izatera dagoen tartea oso lausoa da, eta hori askotan ahotsa altxatzeak bereizten du. “Horrelakoa da Pedro” esaten duzuenean, edota “Hiru baino ez dira bidaltzen dutenak, gainerakoak isilik gaude”, legitimitatea ematen diozue Pedrori, eta bere zaborra elkarbanatzen jarraituko du zuekin, orain arte ez diozuelako ulertarazi ez zaretela bere klanekoak eta ez duzuela kaka horretaz ezer jakin nahi. Ziur bainago Ciudadanosen mitinak bidaltzen hasiko balitz laster moztuko zenioketela erretolika.

Whatsappeko taldeak esan dut, baina berdin izan daitezke aldagelak, entrenamenduak, afariak. Emakumerik gabeko zuen esparru horiek, besteetan erakusten ez dituzuen aurpegiak eta kode zapaltzaileak libreki erabil ditzakezuela sentitzen duzuenak. Leku horietan eraikitzen da gizon izateko modu hegemonikoa, eta pentsatu nahi dut badela norbait hor, badela ahotsen bat zulo horietan oinarriak arrakalatzen saiatuko dena gutxienez.