Aurki irekiko dute kiroldegia San Mamesen

Aurki irekiko dute kiroldegia San Mamesen

Aitziber Laskibar Lizarribar

Amaitu dituzte lanak, eta aurki zabalduko ditu ateak. San Mames barruan eraikitako kiroldegia apirila amaitu aurretik martxan nahi du Bilboko Udalak. Hortaz, futbol zelai berria inauguratu eta sei urtera jarriko du eskaintza berria herritarren eskura. Instituzioek kiroldegi horren eraikuntzarekin justifikatu zituzten Athleticen zelaia egiteko erakunde publikoek emandako dirutzak.

Kirolguneak 5.327 metro koadro izango ditu, eta Athleticen museoaren ondoko eremuan egongo da. Horren alboan izango du sarrerako atea, oinezkoen gunetik, futbol zelairako sarreretatik aparte. Lur azpiko hiru solairutan banatuta egongo da. Igerilekua izango da kiroldegiaren gunerik bereziena; udalaren hitzetan, “kiroldegiko bitxirik preziatuena”. Izan ere, 50 metro izango du luzean igerilekuak, eta luzera hori duen lehen udal igerileku estalia izango da. Txikiagoak dira gainontzekoak. Mugi daitezkeen elementuen bidez, gainera, bi espaziotan banatu ahalko da San Mameseko igerilekua: 33 metroko gune bat eta 17 metroko beste bat.

Horrez gain, umeentzako igerilekua ere izango du lurpeko bigarren solairu horretan, eta erlaxatzeko alde bat ere bai: spa edo zirkuitu termala, bi sauna, bi bainu turkiar eta tenperatura kontrasteko dutxak.

Lur azpiko bigarren solairuan egongo da hori, eta gauza gehiago ere bai: sarrera bertan izango du, eta ikastaroak eta abar egiteko bi gela handi ere bai. Baita aldagelak ere: gizonezkoentzat, emakumezkoentzat, umeentzat eta igerilekura doazenentzat. Solairurik handiena izango da lurpeko bigarren hori: 3.000 metro koadrotik gora izango ditu.

Lur azpiko lehen solairuan, fitness aretoa egongo da: ia 400 metro koadroko azalera erabilgarria. Lurpeko hirugarren solairuan, kiroldegiko instalazio osagarriak egongo dira, eta laguntza ematekoak.

Hiru solairutan banatuta egongo da kiroldegia, baina udalak nabarmendu du irisgarritasuna bermatuta egongo dela: igogailua egongo dela solairu guztietara heldu ahal izateko, aldagela egokituak ere bai, eta eremuak zabalak izango direla, gurpil aulkietan doazenek mugitzeko arazorik izan ez dezaten.

Udal kiroldegien sarean

Kiroldegia modernoa izango dela agindu du udalak, eta funtzionala. Eta Bilbo Kirolak udal kiroldegien sarearen barruan egongo da. Auzoetan banatuta dauden beste 11 udal kiroldegiei gehituko zaie, eta, beraz, horietako guztietarako balio duen txartelarekin erabili ahalko da San Mamesekoa ere.

2017ko azaroan hasi zituzten lanak, eta 2019ko udaberrirako iragarri zuten kiroldegiaren irekiera. Azken orduko ezusteko larririk ezean, bete egingo dira epeak, eta, 5.412.878 euroko kostuarekin, aurreikusi bezala zabalduko ditu ateak San Mameseko kiroldegiak.