40 urteko haria eten ez dadin

Peru Azpillaga Diez

Euskal Herriko bazter guztietatik hurbildutako milaka gaztek egingo dute bat, gaur, Lemoan, Gazte Topaguneari hasiera emateko. Askatasun Bulkadak Independentziara lelopean, Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek kudeatutako egitasmoa astelehenera arte luzatuko da, batik bat, hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak uztartuz. Denbora tarte horretan, gazte antolakundeen berrogei urteko historia aldarrikatzeko eta belaunaldi berriak etorkizunera begira jartzeko asmoa azaldu dute Ernaik era Aitzinak.

“Urte osoko dinamika bati amaiera emango dio aurtengo Topaguneak”, azaldu du Iratxe Delgado Ernaiko kideak: “Berrogei urtetako historia, lehenengo aldiz, ahots propioz kontatzeko aukera daukagu, eta hori aldarrikatzeko baliatu nahi dugu, izan dituen alde on eta txarrekin”.

Izan ere, aurtengoa urte berezia baita Ernai eta Aitzinarentzat. Delgadok jakinarazi duenez, berrogei urte betetzen dira Jarrai sortu zenetik eta, horregatik, gazte antolakundeak izandako ibilbideari egin nahi diote gorazarre. “Harreman asko egin dira auzo eta herrietan zehar, belaunaldi ezberdinak batuz eta bizitako pasarteak gogoratuz”. Hala, garrantzitsutzat jotzen du asteburu honetan ahalik eta gazte belaunaldi gehien hurbiltzea Lemoara, espazio eta historia hori “konpartitu” ahal izateko: “Inflexio puntu bat izatea nahi dugu; historia hartu, gure egin, prozesatu eta etorkizuneko bulkada berrien izaera definitzea”.

Hori dela eta, azken urteekin konparatuta, urtero egiten duten udaberriko ekimenaren apustua “handitu” eta eskaera “indartsuagoa eta zabalagoa” egiten saiatu dira. Gainera, Topagune izena ere berreskuratzea erabaki dute. “Badu lotura ibilbidearekin, bere momentuan utzi behar izan geniolako hala deitzeari; baina asmatu dugu belaunaldi eta antolakunde desberdinen arteko haria mantentzen, eta esan ahal dugu gazte antolakuntzak eta gazte topaguneak bizik daudela oraindik”. Izan ere, Delgadok azpimarratu duenez, 1994an antolatu zuen Jarraik lehenengo Topagunea, aisialdia eta formakuntza uztartuz, bere inguruan zegoen komunitate guztia leku fisiko batean batu eta ikusgarri egiteko, “indar erakustaldi modura”.

Gazte Topagunearen antolaketaz ere aritu da, halako egitasmo batek atzean duen lana aldarrikatzeko. “Hainbat lantalde sortu ditugu: egitaraua, azpiegitura, elikadura… eta hilabeteak daramatzagu dena antolatzen”. Lemoako jaialdia aurrera ateratzeko, baina, ezinbestekoa den ezaugarri bat nabarmendu du: txandak egitera eta prestaketako auzolanetara hurbiltzen diren gazte guztiak.

Izan ere, denetariko eginbeharrak daudela dio; barra eta sukaldeko txandetatik hasi, eta guneen zaintzaraino. “Hori da politena niretzat, ez da kontsumora bideratutako ekimen soila; antolakuntzan egiten diren harremanek eta horrek eskatzen dizun inplikazioak, hots, ekimenaren antolakuntzak berak, badu bere balio politikoa eta, nolabait, ekimenaren parte egiten zaitu”.

Lehen Topaguneaz geroztik, momentuko egoerarekin batera aldatzen joan da gazte antolakundeak antolatutako udaberriko ekimena: martxak, akelarreak, danbadak, burutakzioak… “Bakoitzaren ezaugarriek gauza desberdinak eskaintzen dituzte, eta momentuaren arabera aldatzen joan da, betiere haria mantenduz”. Aurten ere urteroko eskaintza mantenduko dela ziurtatu du Delgadok, baina “beste dimentsio” batekin. “Aisialdi eskaintza zabala, kontzertu andana eta egitarau politiko sakona izango dira”.

ESKOLA ETA AKEITA GUNEAK

“Gazte mugimenduan pil-pilean egon daitezkeen gaiak edo galderak ekartzen saiatu gara, horien inguruan hausnartu eta ditugun korapiloak askatzeko”, adierazi du Delgadok. Horregatik, egunero, goizez zein arratsaldez, mota guztietako gaiekin lotutako solasaldi eta mahai inguruak antolatu dituzte Lemoako eskolan: feminismoa, euskara, hezkuntza, elikadura, marxismoa, auzolana, sindikalgintza, jaka horiak, faxismoa, gazte boterea…

“Uste dugu, Topaguneak, ondo pasatzeko tokia izateaz gain, bulkada berrien etorkizuneko erronkak zehazteko aukera ematen duela”. Horrekin batera, Akeita-Naiz gunea ere izango da Topagunean. Azken bi urteetako berrikuntza nagusia da Akeita gunea: kafea, zukuak, tailerrak antzerkiak… lasai egoteko eta erlaxatzeko gunea da, eta aurten Naiz hedabidearekin lotura estua izango du. Bertatik egingo dira goizero irrati saioak eta bertan egingo diren hitzaldiak ere antzeko gaiak landuko dituzte.

TXOKO INTERNAZIONALISTA

Horrekin batera, Delgadok azaldu du, aurten, ahalegin berezia egin dutela egitarau politikoaren barruan urteetan zehar gazte antolakundeak izan dituen nazioarteko harremanetatik hainbat delegazio ekartzeko. “23 delegaziotik gora izango dira Topagunean, bertan parte hartzen, hitzaldiak ematen eta, oro har, espazioa gurekin elkarbanatzen.

Besteak beste, Sizilia, Kolonbia, Venezuela, Irlanda, Korsika edota Kurdistanetik etorritako pertsonak izango dira Topagunean eta Txoko Internazionalista deituriko gunean haien herrialdeetako egoeraren berri eman eta esperientziak elkartrukatuko dituzte: Kurdistaneko esperientzia feminista, Brasilgo landa gune okupatuak, edota Europa osoan zehar hedatzen ari den faxismoaren mamua izango dira landuko dituzten zenbait gai.

GAZTE SORTZAILEON PLAZA

Era berean, Lemoako Gazte Topaguneak berrikuntza bat ere izango du: Gazte Sortzaileon Plaza deituriko gunea. “Uste dugu, topaguneak, gazte antolakundearen balioak konpartitzen dituzten gazte sortzaileen lekua ere izan behar duela, gazte sortzaileak aritzeko plaza, hain zuzen ere”. Izan ere, Delgadok gogoratu duenez, euskal talde oso ezagun askok bertan jo izan dute eta bertan eman dira ezagutzera. “Azken urteetan horri ez diogu eskaini arreta berezirik. Horregatik, zerbait berria izan ez arren, nolabaiteko zentralitatea eman nahi genion aurten”.

Hori dela eta, txoko horretan aldebiko harreman bat sustatu nahi dutela jakinarazi du Delgadok: “Gazte sortzaileei plaza bat eskainiko diegu, haien sorkuntza kritiko hori sustatzeko, baina, era berean, guk euren ekarpena ere jasoko dugu; ikuspegi kritikoa modu sortzaile batean. Espazio hori, gainera, kultur mugimenduak azken urteetan izandako bilakaeraren inguran hausnartu eta egun dauden arazoak mahai gainean jartzeko ere baliatuko dutela erantsi du. Delgadoren aburuz, Topaguneak eta gazte sortzaileek lotura estua izan dutelako beti. “Azken finean mezua sortu eta helarazteko modua da kultura, norbaitek mundua ikusteko duen modua helarazteko bidea”.

Bertan hainbat gazte sortzaile izango dira haien lana erakusten eta, batik bat, tailerrak izango dira nagusi: egur eta serigrafia tailerrak, idazketa tailerra, sormen tailerra… Gainera, Delgadok azpimarratu duenez, egun pil-pilean dauden gaiak ere jorratuko dituzte: zeri buruz kantatzen dugun eta zergatik, nola kontsumitzen dugun kultura… “Galderak mahai gainean jarri eta gazte sortzaileekin lantzea da helburua”.

Horietako gazte bat da Peru del Hoyo rap abeslari bilbotarra. Bera ari da, besteak beste, igandean izango den rap gaua antolatzen eta ezinbestekotzat jotzen du gazte sortzaileei bultzada bat ematea. “Nire ustez, oso garrantzitsua da gazteek ere lekua izatea halako lekuetan. Azken finean, halako jaialdiak egiten direnean, oro har, artista ezagunak ekartzen direlako eta gazteok ez dugulako lekurik izaten. Baina gazteei ez bazaie laguntzen gero ez da egongo talde onik deitu ahal izateko”.

Horrekin batera, rap musika estiloaren presentzia ere aldarrikatu du Del Hoyok. “Beharrezkoa iruditzen zait rapari ere tokia egitea, batik bat, musika motarik kritikoena delako. Beraz, horretarako espresuki pentsatutako zerbait egitea berri ona iruditzen zait”. Izan ere, Del Hoyok adierazi duenez, gazteentzat oso zaila da kulturaren munduan leku egitea, eta dauden trabak medio, oso gutxi dira horretatik bizitzera heltzen direnak. “Zaila da, azken finean hasieran beti zabiltzalako faboreak egiten, eta gustura aritu arren, salto hori benetan handia da; ni adibidez, lanean, ikasten eta asteburuetan kontzertuak ematen nabil orain”.