Omara heldu da gaitza

Omara heldu da gaitza

Peru Azpillaga Diez

Mota eta itxura guztietako formak biltzen ditu Omako baso margotuak. Bai Euskal Herrian eta bai munduan bakana den paisaia osatzen dute hamaika kolore eta irudi aurkezten dituzten zuhaitzek. Atmosfera magiko batek gordetzen duela dirudi 1982 eta 1985. urteetan zehar Agustin Ibarrolak margotutako inguruneak. Hain zuzen ere, ipuin zoragarrietan agertzen den baso sorgindu horietako baten antza du. Hala ere, beste mundu batekoa dirudien arren, basoa ez dago lurreko gaixotasunetatik salbu, eta, Euskal Herriko hainbat tokitan gertatu den bezala, gaixotu egin da; Lecanosticta acicola onddoak erasan ditu hango pinuak.

Azaroan itxi zuen Eusko Jaurlaritzak Omako baso margotua, mantentze lanak egiteko, eta urtarrilera arte itxita egotea aurreikusten zuen. Gauzak, baina, ez dira espero bezala joan. Izan ere, basoan lanak egiten hasi, eta Omako pinuei Lecaonosticta acicola onddoak erasan diela ikusi dute, xingola marroia gaitza basoan areagotu dela ohartaraziz. Besteak beste, 2018ko udazkenean gaixotasunak Bizkaiko basoen %12ri eragiten zion

Hori dela eta, basoa itxita dago oraindik, eta, Bizkaiko Diputazioak jakinarazi duenez, ezin da aurreikusi noiz zabalduko duten berriro. “Lehenik, ikerketa sakon bat egingo dugu kutsatutako gunea zein den zehaztu, ondorioak zein diren ikusi eta tratamendu bat martxan jartzeko”, jakinarazi dute. “Ondoren, exekutatze epeak eta kontserbazio protokoloa erabakiko dira”, erantsi dute.

Ikerketak, gutxienez, hilabeteko epea izango du, eta, beraz, diputaziokoek argi utzi dute Aste Santuan ere basoa itxita egongo dela; ezin izango dela bisitatu.

1989an erosi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak eremu hori, eta, geroztik, bere esku egon da ia 500 zuhaitzez osatutako Ibarrolaren lana. Santimamiñeko kobaren erreplikarekin batera, balio kultural eta artistiko handia duen ingurua da, eta joan den urtean bisitari andana pilatu zen han, batez ere udan.

Xingola marroia

Gehienbat, intsinis pinu gazteei (Pinus radiata) eragiten die gaitzak, hezetasun handiagoa edukitzen baitute. 1944tik ezaguna bada ere, badirudi aurreko urteetan baino gehiago zabaldu dela gaixotasuna aurten; batez ere kostaldean, eta Gipuzkoan Bizkaian baino gehiago. Eguraldia da hedapenaren arrazoi nagusia; izan ere, hezetasuna eta tenperatura epelak behar ditu.

Onddoak ez du eragin handirik izango lehengo aldiz azaldu den zuhaitzetan, baina hil egiten dira lau edo bost urtez jarraian egiten badie eraso. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak jakinarazi duenez, 2018an 41.000 hektarea pinu zeuden banda marroiaz kutsatuta Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, eta gaur egun, berriz, bikoiztu egin da ia: “35.000 hektarea daude oso kutsatuta, eta 60.000 hondatuta, era batera edo bestera”.

Gaixotasuna gelditzeko, basoak oxido kuprosoarekin fumigatzearen alde azaldu da Eusko Jaurlaritza. Espainiako Nekazaritza Ministerioak, ordea, ez dio airez fumigatzeko baimenik eman. Hori ikusirik, helegitea jarri du Jaurlaritzak. Tapiaren esanetan, airezko fumigazioa metodorik “eraginkorrena” da gaixotasunari aurre egiteko, eta Zeelanda Berriko eta Txileko kasuak aipatu ditu adibide modura.

Airezko fumigazioa debekatu badu ere, Madril ez da lurreko fumigazioaren aurka azaldu, eta hilabete honetan 1.050 hektareatan aplikatuko du Jaurlaritzak oxido kuprosoz osatutako tratamendu esperimentala. Horretarako, Nekazaritza Ministerioarekin, URA Uraren Euskal Agentziarekin eta EHUrekin elkarlanean ari dira.