“Nire lanak Alemanian eta Japonian izan du arrakastarik handien”

“Nire lanak Alemanian eta Japonian izan du arrakastarik handien”

Natalia Salazar Orbe

Mikel Lertxundi eskultorearen (Berriatua, 1951) Elkarketak kale-erakusketa ikusgai dago Bilboko zazpi gunetan. Apirilaren 23ra arte bisitatu ahalko da. Zura, harria eta burdina, hiru material horiek uztartzen dituzte lanek; eta batzuek, baita ura, haizea eta sua elementuak ere. Uztailean eta irailean lan gehiago erakutsiko ditu hiriko hainbat aretotan. 45 urteko ibilbidea egin du artistak.

Zura, harria eta burdina uztartzen dituzte zure ibilbide osoko lanek. Zergatik materialen elkartze hori?

Artista bakoitzak bere bidea bilatu nahi izaten du. Nik hiru material horiek ondo ezagutzen nituen, eta lantzeko arazorik ez nuen. Hasieran, desberdin ikusten nuen batari edo besteari forma emateko modua. Baina, gero, elkarrekin uztartuta orekatuago ikusten nituen lanak. Azkenean, nire ibilbidearen ezaugarri bihurtu dira. Azken urte luzeetan, hiru material horiek eta haizea, ura eta sua elementuak erabili ditut zenbait lanetan.

Zer-nola uztartzen dira haizea, ura eta sua artelan batean?

Ez da erraza obra plastiko batean hiru elementu horiek sartzea. Baina, esate baterako, Bilboko Arriaga aurrean ikusgai dagoen lanean, harrizko eskulturan ura dago; burdinazkoan, sua, eta egurrezkoaren barnean, haizea.

Zer adierazi nahi dute elementu horiek?

Materialok erabiltzen ditut gure Lurraren osagarri nagusiak direlako. Haizea, ura eta sua, berriz, espazioko hiru elementu nagusi gisa erabiltzen ditut. Euskal Herriko harria erabiltzen dut. Kareharria da gehien duguna hemen. Burdina arrunta darabilt. Euskal Herrian beti izan dugu burdina. Eta landareak irudikatzeko, azkenik, egurra erabiltzen dut. Horiek hirurek gorputz bat osatzen dute, gure Lurraren parte bat balitz bezala. Haizea, ura eta sua, berriz, beti daude espazioan. Hiru elementuok dira dena egin eta desegiten dutenak. Gu barne. Horiek ditugu gure planetan zein espazioan. Ez ditut erabiltzen, besterik gabe, erabiltzeagatik: sorkuntzaren edo norberaren bide bat da. Horien bidez adierazten dut nahi dudana.

Zure lanek tradizioaren eta modernotasunaren bat egite orekatua erakusten dute. Beharrezkoa da oreka hori?

Bai, oso beharrezkoa da, ia derrigorrezkoa dugu oreka. Esaterako, guk, pertsona gisa, bizitzeko oreka behar dugu, zentzu guztietan. Obra batek ere, oreka ona badauka, bizirik ikusiko duzu, edo sumatuko duzu zerbait badagoela horren atzean. Oreka hori badu, nahi duzun mezua helarazten asmatuko duzu. Zerbait hori poesia da. Bide horretara eraman nahi dut nire lana. Oreka oinarria da nire lan guztietan, oreka horretatik bizia sortzen delako. Edozein bizik oreka behar du. Guk, esaterako, elikaduran orekarik ez bagenu, ez ginateke biziko. Obra batean gauza bera gertatzen da. Oreka edo bizi horretatik, ikusleak nabari badu zerbait bizia, edo mezu bat jasotzen duela, hasiko da obra horretara sartzen. Eta hortik aurrera zerbait esango dio. Musika pieza bat entzuten dugunean bezala gertatzen da: askotan ez dakigu egileak zer pentsatu duen, baina zerbait ondo sartzen bazaigu, tira egingo diogu. Horrek esan nahi du badagoela bizitasun hori. Obra plastikoan ere antzera gertatzen da.

Bistakoa da zure obrak lotura estua duela naturarekin. Lanok Bilboko kalean erakustea amesten zenuen. Uztartu daitezke natura eta Bilbo?

Bai, noski. Munduan dagoen guztia, gu barne, naturaren parte da. Askotan, hiri handi baten barruan bizi denak mendiko gauzak urruti sumatzen ditu, edo ez ditu sentitzen. Baina gero eta gehiago behar da oreka hori. Hiri handi batean dauden eraikuntzak eta gauza guztiak naturatik jasotako materia dira, gehiago edo gutxiago landuta. Hori ez dugu ahaztu behar. Horrez gain, hiri handi bati zerutik, goitik, begiratuz gero, naturaren osotasunaren barruan gauza txiki-txiki gisa ageri da. Beraz, ondo uztartzen direla esango nuke. Bestalde, nahi dut jendea hurbil dadila natura hori sentitzera eta maitatzera, bere forma guztiak ulertzera; naturak dauzkan gauza guztietara hurbiltzea.

Bilbon egiten den euskal artista baten lehen kaleko erakusketa da zurea. Zure lanaren aitortza gisa ulertu duzu?

Bai. Beti nahi izan dut Bilbon erakusketa handi bat egitea. Hori artista guztien ametsa da.Obra handi asko egin ditut, eta, kasu honetan, eskala handiko obrak egin nahi izan ditut, kalean jende guztiak izan dezan aukera obra ikusteko. Baina hau atal bat baino ez da. Lehenengo partea kalean egingo dut. Gero neurri ertaineko lanen erakusketa egingo dut Rekalde aretoan. Uztailaren 18an hasita hiru hilabetez egongo da ikusgai. Eta irailean, neurri txikiko lanak erakutsiko ditut Juan Manuel Lumbreras galerian. Hiru horiekin osatuko dut eskala desberdinetako obren erakusketa. Nahiz eta data beretan ez egin, urte beraren barruan egingo dut erakusketa osoa. Liburu bat ere aurkeztuko dut Rekaldeko erakusketa inauguratzen dudan egunean.

Zer ikusi ahalko da Rekalde aretoko erakusketan?

Neurri ertaineko lanak izango dira. Hor ere ibilbide osoan zehar egindako lanak egongo dira. 45 urte daramatzat arte munduan profesional moduan. Garai desberdinetako obrarik onenak aukeratu ditugu horretarako. Horiek ere zurez, harriz eta burdinaz osatutako lanak izango dira. Artistok ibilbide luzea dugunean, nahi izaten dugu gure obrak nortasuna izan dezala. Sorkuntza azken batean hori da: bakoitzak bere desberdintasunean egin dezakeen ekarpena.

Liburuak zer jasoko du?

Duela hainbat urte argitaratu nuen Euskaradun arte unibertsala liburuan azaltzen nuen nire inguru kulturalak eta fisikoak zer-nolako eragina izan zuten nire bizitzan, eta horren zergatia. Alegia, zergatik egiten nuen nire obra egiten nuen modukoa. Euskadi saria jaso nuen lan harengatik. Oraingo liburuan, nire obraren parte filosofiko poetiko hori jasoko dugu, baina urrutitik begiratuta. Japoniako arte eta natura aditu batek idatziko du atal bat. Beste bat, Alemaniako arte historialari batek. Nahi izan dudana izan da, kanpotik begiratuta eta konparatuta aztertzea nola ikusten diren gure kultura eta nire lana. Jon Gerediaga poeta bizkaitarrak eta Mikel Onaindiak ere ekarpena egingo dute. Maribel Aiertza nire bikotekideak aforismo batzuk gehitzeko asmoa du.

Zikloa osatzeko iraileko erakusketan zer erakutsiko duzu?

Bide beretik jarraituko dut. Ibilbidean zehar egin ditudan lanak eta berriak ere sartuko ditut.

Nazioartean hainbat herrialdetan egin dituzu erakusketak. Etxean baino baloratuago sentitu zara?

Nire lanak Alemanian eta Japonian izan du arrakastarik handien. Askotan gertatzen da hori. Nire kasuan hala izan dela esango nuke: kanpoan izan dut, batez ere, Alemanian, arrakastarik handien. Hango galeria batekin aurkeztu izan ditut lanak. Kanpotik asko ibili naiz. Erakusketa mordoa egin dut. Horrek asko lagundu dit ikuspegi zabala izaten.