Industria iraganaren lekuko

Natalia Salazar Orbe

Meatzetako mineralen etengabeko joan-etorrien agertokia zen Ibaizabal itsasadarra XIX. mendearen bukaera aldera. Haitzetan ezkutatutako elementuek hantxe egiten zuten Bizkaian egingo zuten azken egonaldia. Handik Europara abiatzen ziren horietako asko, esportazio jarduera handiaren protagonista bilakatuta. Kargalekuak erabiltzen zituzten mendi inguruetatik trenez iritsitako minerala ontzi handietan sartzeko. Hainbat eraiki zituzten itsasadarrean.

Barakaldon zutik jarraitzen dute horietako batzuek, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Barakaldoko Udalak eta Bilboko Portu Agintaritzak akordioa adostu berri dute kargaleku horiek birgaitzeko, kontserbatzeko, zaintzeko eta herritarrei ezagutzera emateko.

Akordioaren berri joan den astean eman zuten, baina datozen asteetan sinatuko dutela iragarri dute. Hainbat eginbehar aurreikusi dituzte. Besteak beste, aztertu egingo dute Ibaizabal itsasadarrean kokatutako kargalekuen berezitasun eta garrantzi historiko, artistiko edo arkitektonikoa. Egin beharko dizkieten birgaitze eta kontserbazioen araberako bideragarritasun teknikoak eta ekonomikoak ere aztertzeko asmoa agertu dute.

Ikerketa horien emaitzak jaso ostean, horretarako bidea ematen duten kargalekuen berezitasun eta garrantzi historiko-artistiko edo arkitektonikoaren aintzatespena sustatzeko prozesua abiatuko dute. Horretarako, Espainiako Gobernuari zuzendu beharko zaizkie, hark baitu eskumena.

Ondare historikoaren ondasun higiezinak birgaitu, kontserbatu edo aberasteko lanak finantzatzeko aurreikusitako diru laguntzak tramitatzea ere onartu dute. Eskaera hori ere Madrilera zuzendu beharko dute. Kulturarako %1,5a izeneko programa darabilte horretarako. Portu Agintaritzak ordaintzen du horren zati bat.

Elementuok berritu edo lehengoratu ondoren udalak kudeatu ahal izateko lagatze formulak aztertuko dituztela jaso du aurreratutako akordioak. Horri esker, kontserbazio lanak zein barakaldarrekiko elkarrekintza bultzatu nahi dituzte.

Azkenik, behar izanez gero, portuko edota udaleko plangintza baliabideak aldatzeko tramiteak hasteko konpromisoa hartu dute. Helburua da horiek udal kudeaketaren mende geratzea.

Batez ere, Orconera, Sefanitro y Cia eta Franco Belga deritzen kargalekuetan jarriko du arreta berezia akordioak. Euskal Kulturaren Inbentario Nagusiak monumentu multzo kategorian hartzen ditu Barakaldoko mea ontziralekuak eta kargalekuak, 2016az geroztik. Kargalekuen artean hiru horiek aipatzen ditu.

Franco Belga konpainiak hiru kargaleku zituen. 1886. urtean egin zituzten. Hirugarren zenbakiduna deritzona bakarrik kontserbatzen da. 2002an zaharberritu zuten, sute baten ondoren. Hainbat konpainiaren ekimenez eraikitako kargaleku bakanetako bat da. Jatorriz zituen elementu ugarirekin iritsi da gaur egunera arte. Galindo ibaiaren bokaletik gertuen dagoena da. Kargalekuok 1990eko hamarkadara arte egon ziren aktibo, baina jabe bat baino gehiago izan zuten jardunean aritu ziren ibilbide osoan zehar.

Orconera Iron Ore Company Limited izan zen 1871 eta 1876 artean Europako siderurgia enpresek Bizkaian sortu zituzten meatzaritza enpresa filialetatik garrantzitsuena. Zamalanetarako bost kai eraiki zituzten. Haietatik bosgarren zenbakiduna kontserbatzen da. 1876an eraiki zuten. Egitura ia osorik mantentzen du.

Garrantzi berezia dauka Orconera konpainiaren burdin mearen kargalekuak. Izan ere, Gatesheadeko (Ingalaterra) Dunston Staiths konpainiak zeukan harrikatzaren kargalekuarekin batera, zurezko egitura uretan murgilduta duten XIX. mendeko bi kargaleku bakarrak dira. Munduan zutik geratzen diren bakarrak direla uste da, gainera.

Azkenik, Sefanitro konpainiaren kargalekua egitura garai bat da. Trenbidearen pasabidearen gainaldean geratzen da. 1941ean sortutako Sociedad EspaƱola de Fabricaciones Nitrogenadas enpresari lotuta dagoen eraikin bat da.

Ondarea

Herriaren ondare artistiko industrialaren ereduak dira kargalekuak. XIX. mendean era horretako 23 zeuden Olabeagatik gaur egungo La Benedicta kaira bitartean. Horiek guztiak ezinbesteko elementuak ziren itsasadarraren inguruan zeuden merkataritza eta esportazio jarduera handiei erantzuteko.

Espazioak eta egoerak berak kargaleku berezi batzuk sortzeko beharra ekarri zuten. Hain zuzen, trenbide bidezko garraioak, ontzietako zamalan premiek eta itsasaldien gorabeherei aurre egin beharrak eragin zuten behar hori. Elementuok izaera eta ezaugarri bereziak eman zizkioten itsasadarrari. Barakaldok eta inguruak osatzen zuten industria-eremuaren adierazgarriak izan dira. Ondare historiko eta industrial horrek herriaren eta inguruaren izaera ez ahazteko balioko duela sinetsita daude akordioaren sinatzaileak.

Atzean geratu dira mineralen joan-etorriak. Altzairugintzak ere aspaldi utzi zion Bizkaiko ekonomiaren ardatz izateari. Ezkerraldearen industrializazioaren oroigarrirako ikur gisa eutsiko diote, tinko, kargalekuek, nagusitu diren eredu ekonomiko berriei.