Heriotzari begira, aurrez aurre

Heriotzari begira, aurrez aurre

Natalia Salazar Orbe

Hil ostean hildakoak bizirik jarraitzen duen ustean oinarritzen dira heriotza errituak. Gaur egun, horretan sinesten ez dutenentzat behintzat, gertukoari agur esateko baliatzen dira era horretako ekitaldiak. Heriotza, baina, bizimodu baten bukaera eta beste baten hasiera gisa ulertu da mendeetan. Igarobide hori egiteko eta haren atzean irudikatzen zuen etorkizun ezezaguna prestatzeko denetariko ohiturak izan ditu gizakiak garai anitzetan. Erdi Arotik XIX. mendera arte erritu eta ohitura horiek zer-nolakoak ziren azaltzeko ibilbidea egingo dute, gaur eta bihar, Garain.

“Sinkretismo handia dago gure artean”. Hala adierazi du bisitetan gida lanak egingo dituen Jon Arroitak, erlijio katolikoak Euskal Herrian zeuden erritu paganoak moldatu zituela azaltzeko. Erlijioa iritsi baino lehen nagusi ziren ohiturei buruz ezer gutxi azalduko duela aurreratu du.

Momoitioko San Joan ermitan hasiko dituzte ibilbideak. Durangaldeko baselizarik zaharrenetakoa da, eta nekropoli batek inguratzen du. 1980ko hamarkadan egindako indusketa arkeologikoek ondorioztatu zuten IX. edo X. mendekoak direla. Ermitaren inguruan egiten ziren heriotza errituak azalduko dituzte bertan. “Han hasiko gara azaltzen zer gutxi dakigun historiaurreko errituei buruz. Zer nola nahasten diren bertoko ohiturak kanpotik katolizismoak dakartzanekin”.

Ez da horrenbeste denbora aztertuko dituzten ohitura horiek galdu zirela. “Luzaro mantendu ziren, eta, Vatikanoko II. Kontzilioaz geroztik, apurka galtzen joan ziren”. Aldaketak ekarri zituen horrek, besteak beste, elizek hartu behar zituzten esparruei zegokienez.

Kandelen eginbeharra

Baina zeintzuk dira mendeetan iraun duten ohitura horiek? “Sinesten zuten arima, gorputza uzten zuenean, beste mundu batera pasatzen zela. Lainoen arteko mundu ilun moduan irudikatzen zuten beste hori. Hori dela eta, handik ateratzeko edo laguntza emateko argia behar zuten. Beraientzako argia sua edo eguzkia ziren”. Kandelak baliatzen zituzten argi horren gaineko kontrola hartzeko. “Kandelak dira hilen eta bizien arteko lotura hori. Eta hori da guregana iritsi dena”.

Argia beharrezkoa zuten, beraz. Bai etxean, baita elizan ere. Etxean, hilzorian zegoen pertsonaren ondoan pizten zituzten kandelak. Hiltzen zenean, berriz, eliza barruan pizten zituzten. Ez edonon: jarlekuen gainean egiten zuten. Familiari zuzendutako jarlekuak egoten ziren elizan. “Leku horiek eliza barruan egon arren, ez ziren esparru sakratu baten atala. Etxeko parte bat ziren. Atal hori ez zen elizarena; herriarena baizik”. Jarleku horien garrantzia azpimarratu du Arroitak. “Ugazaba nor zen adierazten zuten”. Pertsona batek izaten zuen kandelak pizteko eginkizuna. “Etxeko andrea izaten zen”. Elizbarrian egingo duten geldialdian emango ditu azalpen horiek.

Hildakoak lurperatzeko kokapenak aldatuz joan dira urteetan. “Hasiera batean, kanposantuak baselizen inguruak ziren. Gero, elizen barnealdean hasi ziren hobiratzen hildakoak”. Esparru sakratu horri kanposantu esaten zitzaiola azaldu du. Eta azkenik, herritik kanpo zeuden lekuetara eraman zituzten. “XIX. mendean burgesiaren indarra nagusitzen denean aldendu egiten dira hilak biziengandik, eta orduan jaioarazi zituzten hilerriak”.

Hala, bereizi egin ditu kanposantuak eta hilerriak. “Hasieran, biziek eta hilek leku bera partekatzen zuten eliza-kanposantuan. Esparru sakratuan. Gaur egun kanposantua esaten dugunean hilerriari buruz ari gara. Baina garai batean leku desberdinak ziren”.

Hildakoa etxetik elizara eramateko bideak ere erritu eta ohitura horien atal garrantzitsua izan dira. Andabideak deritze. “Baserri inguruetan oraindik bide horiek kutsu sakratu edo babestua dute. Errekak bailiran, baserri ate guztiak lotzen dituzte esparru publikoarekin. Beraientzat esparru publikoa eliza zen: zentzu erlijiosoan eta zibilean”.

Kandelak, elizarako segizio bideak, kanpai hotsa zein auzotarrek dolu garaian zuten egitekoa izango dituzte aztergai, besteak beste, bisitetan. Gaur ibilbide gidatua euskaraz egingo dute; 19:30ean abiatuko dira. Bihar, gazteleraz egingo dute. Parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea.