Beste behin

Igor Elordui Etxebarria

Apirilak 3, eguazten gaua. Bihar hasiko da 21. Korrika eta, joan orduko, idatzita utzi behar ditut lerrook, ze gero, behin Korrikan, ezingo dut ganoraz ezer idatzi. Imajinatu, bestela, nola: furgonetaren balantza, bozgorailuetatik ozen entzuten diren aupada-oihuak, barruko deiadarrak, autoen klaxonak, korrikalarien algarak, musika… Klika.

Gaur, apirilak 12, bariku goizaldea. Utzi dugu txanda. Bere gogorrean, arin joan dira hamalau orduak. Hala ere, igartzen da azken txandaren gogortasuna, baita igarotako zortzi egunen nekea eta logura, noski. Ahalik eta lasterrena hartu behar nau loak. Bihar eguerdiko hiruretan Usurbilen koiuko dugu ostera Korrika, eta beste hiriburu bat dagokigu; Donostia ere geurea da. Aprobetxa dezagun gaueko loa dela, eta ez egunekoa. Begiak gogor ixten ditut, horrela Korrikaren musika, Korrikaren hotsak, tarte batez joan eta, azkenean, lo geratuko naizen esperantzan. Alferrik, harrabotsak, zaratak, deiadarrak, berbotsak, kantak… ez datoz kanpotik, barruan daude, garunean. Beti gertatzen zait berdin: atseden hartu behar, baina horrenbeste emozio, adrenalina eta akidura dago batera, ezen ezin dudala lehenengo kolpean lorik egin, eta bizi izandako guztiak datozela gogora.

Nola ez gara, ba, egongo nekatuta. Bilbo egin dugu arratsaldean, lau orduko ibilbidea. Ai, Bilbo, Bilbo… Beti izango dugu Bilbao. Handik irtenda, Bizkaian barrena segitu dugu. Senideak eta lagunak agurtu ditugu Gatikan, Mungian, gero Bakio… Bermeo, txo! Bizkaiko buru zahar gazia… Aurrera: Mundaka, Sukarrieta, Busturia… Agur eta ohore, Julen Kaltzada; zure falta sumatu dugu kamino ondoan, baina jakizu zutaz gogoratu garela, zelan ez. Murueta, Forua… Eta sartu gara Gernikan. Ez du behar, baina merezi bai, Korrikak, George Steer bat; munduari Gernikatik igarotzen zein ederra den erakusteko. Txandako azken bi orduak Lea-Artibaira bidean eman ditugu: Arratzu, Kortezubi, Arteaga, Ibarrangelu, Ea… Lekeitiora ez gara heldu, baina han egongo ziren, seguru, aspaldiko lagunak, zoro maitagarri kuadrilla. Ikusiko ditut denak, bihar ez bada etzi, Gasteizen… Klika.

Etzidamu, apirilak 15, astelehen goiza. Gorde dugu txapela eta gorde dugu petoa. Beste behin, itzela izan da. Beste behin, Korrikak erakutsi du badela herri bat, Euskal Herria, zeina gura genuke izatea, benetan, Euskararen Herria. Beste behin, 11 egun eta 10 gau, 2.500 km baino gehiago eta milaka eta milaka euskaltzale lekukoa elkarri pasatzen. Beste behin, azken edizioa amaitutakoan, hurrengo Korrikaren alde topa egin genuen. Beste behin esango diet, galdetzen didaten guztiei, Korrika barru-barrutik bizitzea dela dudan eta ohorerik handienetako bat; zoragarria dela. Baina, aldi berean, sentimendu gazi-gozo batek harrapatuko nau, beste behin. Oxala Korrikaren beharrik ez bagenu. Oxala laster Korrika gehiagoren beharrik ez izatea. Klika.